2017. urteko udan, Irango Faunaren Ondarearen Aldeko Fundazioarekin (PWHF) bat egin zuen. Irango erakunde ekologista bat da, Kavous Seyed-Emamik eta beste ekologista irandar batzuek sortua.[7][8] Iranen basabizitza babesteko proiektuetan lan egin zuen, eta zazpi probintziatan tranpa kamerak jarri zituen arrisku kritikoan bizi den Asiako gepardoa (Acinonyx jubatus venaticus) kontrolatzeko.[9]
Atxilotzea eta espetxeratzea
Bayani 2018ko urtarrilean atxilotu zuen iraultza islamiarraren zaindarien armadak, espioitza leporatuta.[10][5] PWHFko beste kide batzuk ere atxilotu eta espetxeratu zituzten, besteak beste, Seyed-Emami, Amir Hossein Khaleghi, Abdolreza Kouhpayeh, Hooman Jokar, Morad Tahabaz, Sam Rajabi, Sepideh Kashani eta Taher Ghadirian.[11]
2019an, Bayanik gutun ireki bat idatzi zuen Ali Khameneiaiatolari, poliziaren galdetzaileek tratu gogorra eman ziotela azalduta. 2020ko otsailaren 18an, BBC Persiak gutun batzuk argitaratu zituen, Bayanik Evingo espetxetik idatzitakoa; haietan, jasandako torturak zehazten zituen. BBCk egindako txosten baten arabera, banandu eta bakartuta atxilotua eduki zuten zortzi hilabetez, eta torturatzeaz gain itauntzaileek sexu erasoekin mehatxatu zuten.[12][13] Bayanik azaldu zuen galdetzaileek Seyed-Emamiren argazkia erakutsi ziotela; haren gorpua espetxeko ziegan aurkitu zuten, atxilotu eta bi egunera, funtzionarioen esanetan bere buruaz beste egin ondoren.[8][5]
Abokaturik gabe eta emandako azalpen guztien gainetik kondenatu zuten 2020. urtean.[8]
Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak, 2020ko urtarrilaren 28an, Iranen giza eskubideen egoerari buruzko txosten bat argitaratu zuen, Kontalari Bereziaren kezka larria agertzen zuena, funtsezko giza eskubideen errespetuari dagokionez.[15] Dokumentuaren 29-31 paragrafoetan, atxilotutako zortzi ekologisten kasua aipatzen zen; horien artean Bayani. «Etsai den estatuari laguntzea» leporatzeaz gain, 2012 eta 2017 bitartean Nazio Batuen Ingurumen Programako proiektuen aholkulari gisa jasotako diru sarrerak itzultzera ere kondenatu zuten. Kontalariak dei egin zien Irango agintariei, komunitate zientifikoak Irango herriaren alde egindako lanaren errespetua bermatzera.[15]
Scholars at Risk (SAR) nazioarteko erakunde eta pertsonen sareak[16] aktiboki lagundu dio Bayaniri, Irango agintari publikoei gutunak bidalita, unibertsitateetan haren aldeko mintegiak antolatuta eta sare sozialen bidez.[10]
Erreakzioak Iranen
Bayanik galdekatzaileen sexu jazarpena eta eraso psikologikoak azaldu ondoren, Teherango fiskaltzak salaketak ukatu zituen, argudiatu zuen galdeketa prozedura guztiak bideoan grabatuta zeudela, eta Bayaniren azalpenak lotu zituen hauteskunde bezperako ekintzekin. Adierazi zuen botere judiziala sentibera zela akusatu, kondenatu eta presoen duintasunarekiko.[17]
Galdekatzaileek Bayaniri emandako tratu txarren berri luze eta zabal eman zen sare sozialetan. Twitter-en egindako jakinarazpen batean, Mostafa Tajzadeh ekintzaile politiko erreformistak egia eskatu zuen Bayaniren kasuan eta indarkeriaren egileen zigorra.[18]