Nadezhda ("Nadia") Fiodorovna Olizarenko (errusieraz: Надежда Фёдоровна Олизаренко, jaiotzez Nadezhda Fiodorovna Muxta), (Briansk, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, 1953ko azaroaren 28a - Odesa, Ukraina, 2017ko otsailaren 18a) sobietar atleta izan zen[1].
1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen emakumezkoen 800 m-ko lasterketan. 1:53.43 denbora egin zuen eta gaur egun oraindik olinpiar errekorra da. 1984an 4x800 m errelebo lasterketan 7:50.17 egin zuten eta oraindik ere munduko errekorra da.
Biografia
14 urte zituela hasi zen atletismoa egiten Natasha ahizparekin batera. 15 urte zituela 400 metrotako lasterketan Sobietar Batasuneko txapelduna izan zen gazte mailan eta ordutik selekziorako aukeratua izan zen.
Heldua zela 1978an egin zuen debuta nazioarte mailan, Pragan, eta Europako txapeldunordea izan zen 800 m eta 4x400 m lasterketatan.
1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetan bi domina eskuratu zituen, urrea 800 metrotan errekor olinpikoa ezarriz eta brontzea 1.500 metrotan[2]. 1984an Sobietar Batasunak Jokoei boikota egin zien eta atleta sobietarrek bestelako txapelketak jokatu behar izan zituzten.
1986an Europako txapelduna izan zen 800 metrotan eta 1988ko Jokoetara forma onean iritsi bazen ere ez zuen lortu finalea sailkatzea.
Bizitza pertsonala
1978an Serhiy Olizarenko ukrainar atletarekin ezkondu zen eta Oksana alaba izan zuten. Alboko esklerosi amiotrofikoz hil zen 2017an.
Txapelketak
Erreferentziak
Kanpo estekak