G. Aramauer Hansen sendagile norvegiarrak deskribatu zuen estreinakoz bakterio hori 1874an, legenarra zuten gaixoen ehunak aztertuz. Bere omenez, Mycobacterium lepraeri Hansenen baziloa ere deitzen zaio [1]
Mycobacterium tuberculosisaren antzera, Mycobacterium lepraek ere hazkuntza motela du; horregatik, legenarraren inkubazio epea oso luzea da.
Mikrobio hau zelula barneko parasito hertsia da. Horrek esan nahi du laborategiko hazkuntza-inguruetan ezin dela kultibatu [2]. Birusen antzera, hainbat animaliarengan inokulatzen da laborategian kultibatu ahal izateko (armadiloengan, batez ere). Hazkuntza-inguruetan hazteko ezintasun horrek bazilo horren biologiari buruzko ezaugarri asko ezagutzea eragozten du [3].
Mycobacterium lepraek legenarra eragiten du. Historian zehar gaitz honek izurrite beldurgarriak sortu ditu mundu osoan, baina gaur egun Amerika, Afrika eta Asiako leku batzuetan besterik ez dirau aktibo. Izan ere, pobrezia da gaitzarekin lotutako faktore nagusia.
Legenarra pertsonen artean kutsatzen da, baina uste denaren aldean kutsapena ez da erraz gertatzen: kontaktu zuzena, intimoa, sarria eta iraunkorra behar da kutsapena gerta dadin [3].
Tuberkulosiaren baziloarekin gertatzen denaren antzera, legenarraren agerpena oso lotuta dago immunitate-sistemaren egoerarekin: pertsona immunogutxituek askoz errazago harrapatzen dute gaitza. Aldiz, erantzun immune egokia dutenek sintomarik gabeko infekzioak edo legenar arina izaten dituzte.
Mycobacterium lepraek erresistentzia garatu du antibiotiko askorekiko. Mikrobioa, hala ere, oso sentikorra da dapsonarekiko. Legenarraren tratamenduan hiru botika erabiltzen dira batera: dapsona, errifanpizina eta klofazimina, batez ere.
Erreferentziak
↑ Hansen GHA (1874):Undersøgelser Angående Spedalskhedens Årsager (Investigations concerning the etiology of leprosy)». Norsk Mag. Laegervidenskaben 4: 1–88.
↑ Mc Murray, DN (1996): "Mycobacteria and Nocardia". Barons Medical Microbiology (4th ed) University of Texas Medical Branch
↑ ab Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 253-254 orr.