Antibiotikoekiko erresistentzia

Antibiotikoen aurkako erresistentzia

Antibiotikoekiko erresistentzia bakterio batzuek antibiotikoei aurre egiteko garatu duten gaitasuna da. Bakterio sentikorren aldean bakterio erresistenteak ez dira deusestatzen antibiotikoen jardueraren ondorioz, eta hori egundoko arazo bihurtu da osasungintzarako.

Antibiotiko batekiko sentikorra den bakterioa erresistente bihur daiteke bi bide hauetatik: mutazioaren bidez edo beste bakterio batetik hartutako gene berezi baten bidez (erresistentzia ematen duen gene baten bidez, hain zuzen ere). Gaur egun ohikoa da hainbat bakterio erresistenteak izatea antibiotiko askorekiko: aipatu dira zortzi antibiotikorekiko erresistenteak diren bakterio batzuk, superbakterio edo erresistentzia anitzeko bakterio deritzonak.[1]

Erresistentziako mekanismoak

Mutazioaren bidez edo hartutako gene bereziren bidez agertzen den erresistentziak hainbat mekanismotatik indargabetu dezake antibiotiko baten jarduera:

  • Bakterio erresistenteak aparteko proteina edo entzima sor dezake, antibiotikoa deuseztatzen duena. Horren adibidea beta-laktamasa entzima sortzen duten anduiak dira. Beta-laktamasa horrek penizilina, zefalosporina eta eraztun betalaktamikoa duten antibiotikoak indargabetzen ditu, eraztun hori hidrolizatzen duelako. Bestalde, erresistentzia duten beste bakterio batzuek entzima bereziak ekoizten dituzte (azetilasak, fosforilasak...), antibiotikoaren egitura molekularra aldatzen dutenak. Kloranfenikola azetilatuz, esaterako, lortzen dute hainbat anduik antibiotiko horrekiko erresistentzia.
  • Erresistentzia lortzeko beste bide bat bakterioaren mintz plasmatikoan eragindako aldaketak dira. Esaterako, antibiotiko hidrosolugarriek bakterio gram negatiboen zitoplasmara heltzeko mintz plasmatikoaren porinak zeharkatu behar dituzte. Mutazio batek edo plasmido batek porina horien egitura aldatzen badu, antibiotikoak ezin izango du sartu. Tetraziklinarekiko erresistentzia holako mekanismo batean datza.
  • Erresistentzia eragiten duten gene batzuek antibiotikoek erasotzen dituzten bakteriar egitura batzuk aldatzen dituzte. Adibidez, estreptomizinak eta kloranfenikolak, erribosomei atxikitzen dira eta proteinen sintesia oztopatzen dute. Bakterioaren gene batek erribosomen egitura aldatzen badu, aipaturiko bi antibiotiko horiek ezin dute erribosomen gain jardun, eta proteinak normaltasunean sintetizatzen dira.
  • Hainbat bakteriok bide metaboliko alternatiboak lortu dituzte, antibiotikoekiko erresistentzia ematen dietenak. Honen adibidea andui batzuek azido folikoa lortzeko erabiltzen dute bide metaboliko berezia dugu. Honi esker sulfamidekiko erresistenteak dira: jakina denez, sulfamidek azido folikoaren sintesia inhibitzen dute, baina erresistentzia garatu duten bakterioek ez dute ohiko bide anabolikoa burutzen, eta ondorioz sulfamidek ez diete kalterik egiten.

Bakterio bateko DNA mikroorganismoan sartu eta bakterioaren DNAko zati izatera igarotzeko moduak

Transformazioa

Sakontzeko, irakurri: «transformazio»

Bakterio batek bere ingurunean aske (zelula baten apurketarengatik adibidez) dagoen DNA zati bat bakterio baten barnean sartzea da. DNA zati hauek bakterio hartzailearen DNA-arekin birkonbinatzen da, bere informazioa genetikoan eraldakuntzak sortuz eta horrela ezaugarri berriak jasoz (gene berrien ekarpena gerta daiteke eta).

Esan beharra dago bakterio gutxi batzuek besterik ez dutela transformatzeko ahalmena.

Transdukzioa

Sakontzeko, irakurri: «transdukzio»

Birus bakteriofago (bakterioak bakarrik kutsatzen dituzten birusak) batek zelula bakteriano bat erasotzen duenean gertatzen da, bakterioak DNA birikoaren, hau da birusaren DNA, kopia berriak egiten ditu. Muntai fasean bakterioaren DNA zatiak sar daitezke birusaren kapside proteinikoan. Birus berriek beste bakterio batzuk infektatuko dituzte.

Mekanismo honen bitartez, zelula bakteriano batek beste bakterio baten geneak jaso ditzake eta bere informazio geniko berritzen da.

Konjugazioa

Sakontzeko, irakurri: «konjugazio»

Bi bakterioen arteko trukaketa genetikoa da, zeinean bakterio emaile batek DNA zati bat ematen dio bakterio hartzaile bati, plasmidoa dena.

F plasmidoa duten zelulek egin dezakete, plasmido honek erresistentzia ematen duten geneak eramateaz gain, pili izeneko egitura eratzeko informazio genetikoa du. Plasmidoa duen zelula F+ deitzen da eta ez duena, berriz F-.

F+ bakterioak (emailea) bere plasmidoa bikoiztu ondoren F- bakterio batekin (hartzailea) lotzen da pili baten bidez eta honetan zehar plasmidoaren kopia pasatzen dio bakterio hartzaileari, azken hau F+ bakteria bihurtuz.

Mekanismo desberdinen arabera lortutako erresistentziak

Mikroorganismoek 2 bide nagusi dituzte antibiotikoen aurrean bizirauteko, hau da, erresistenteak bihurtzeko, batetik mutazio bidezkoa eta bestetik gene berrien transferentzia horizontala, alegia, ADN zatiak beste organismoetatik hartzea.

Mutazio bidezko erresistentzia

Hautespen naturalak antibiotikoekiko erresistentzia nola zabaltzen duenaren azalpena. Goiko irudian jatorrizko populazio bakteriarra. Erdikoan antibiotikoaren jardueraren ondorioz geratzen diren bakterioak. Beheko irudian bakterio erresistenteen zabalkundea agertzen da. Kolore horiak bakterio sentikorrak adierazten du, eta marroiak erresistenteak

Mutazioak material genetikoan gertatzen diren aldaketa heredagarriak dira. Gerta daiteke ausazko mutazio batek erresistentzia ematea bakterio bati; honek erresistentzia hori pasatuko die bere ondorengo guztiei. Bakterioen sortze-denbora oso txikia denez (20 minutuoro erdibiditzen baitira gehienak), mutazioak azkar zabaltzen dira bakteriar populazio batean, eta egun gutxitan erresistentzia ematen duen mutazioak egundoko zabalkundea lor dezake.

Mutazio bidezko erresistentzia bakterioaren genomaren sekuentzian emandako aldaketa baten ondorio da. Mutazio horrek antibiotikoak erasotuko lukeen proteina eta honekin zerikusia duen beste proteina bat kodifikatzen duen generen batengan eragingo luke, dagokion proteinen egitura aldatuz. Bakterio zelulak etengabe eta oso azkar bikoizten direnez eta mutazioa heredagarria denez berehala zabaltzen da mutazioa bakterio populazioaren artean. Hautespen naturalaren bidez mutaziorik ez duten bakteriak desagertzen joango lirateke, mutazioa jasan duten bakterioei antibiotikoak eragin egiteari utziko liekeen bitartean.

Erresistentzia mota honek arrakasta handia lortzen du hautespen naturalaren ondorioz. Antibiotiko baten aurrean, bizirik iraungo dute bakterio eraginkorrenak, hots, erresistentzia hartu dutenak. Hauek izango dira, gainera, ugalduko diren bakarrak. Hautespen prozesu horretan antibiotikoak dira presio hautakorra egiten dutenak, hauek hautatzen baitituzte bizirik iraungo duten bakterioak. Zenbat eta handiagoa izan presio hautakorra, orduan eta gehiago hautatuko dira bakterio mutanteak.

Mutazioa agertuko balitz baina presio hautakorrik (antibiotikoa) ez balego, jatorrizko andui sentikorrek gehiengoa izaten jaraituko lukete. Baina antibiotikoen erabilera masiboak mutante erresistenteak aukeratzen ditu, bakterioen artean azkar eta zabal nagusitzen direnak.

Antibiotiko batek eraginkor izateari uzten dio barra-barra erabiltzen den une beretik, presio hautakorra egiten baitu sortze-denbora oso txikia duten bakterioen gain. Osasungintzan ez ezik, albaitaritzan ere (eta abereak gizentzeko pentsuetan erabiltzen diren antibiotiko pila ere) antibiotikoen gehiegizko erabilerak bakterio erresistenteen kopurua etengabe igotzen du. Labur esanda, antibiotikoen erabilera desegokiak erresistentzia maila handiko bakterioen agerpena errazten du.

Plasmido baten bideko erresistentzia

Plasmidoak, agente patogeno moduan ere ezagunak, bakterioek trukatzen dituzten material genetikoaren zatiak dira, kromosoma nagusitik kanpo daudenak. Plasmido askok erresistentzia ematen duten gene ostalariak eramaten dituzte eta horri esker erresistentzia eragiten dute jasotako ezaugarri berrien eraginez. Gene ostalaria duten plasmidoei R plasmido deritze, plasmido normaletatik bereizteko.

Konjugazioa izeneko prozesuan R plasmidoak bakterio batetik beste batera pasatu daitezke. Hedapen horizontal honen bidez antibiotikoekiko erresistentzia zabaldu daiteke espezie bereko bakterioen artean, arazo larria sortzen duena infekzioak tratatzeko orduan. Konjugazioaren bidez ez ezik, transdukzioaren bidez ere zabal daiteke erresistentzia ematen duten geneak bakterioen artean.

Ohikoa da plasmido askok betalaktamasa entzima sortzen duten geneak eramatea. Goian aipatu den bezala, betalaktamasa horrek antibiotiko betalaktamikoen egitura molekularra desegiten du, antibiotiko horiekiko erresistentzia eraginez.

Honek orokorrean arazo larriak sor ditzake infekzioak tratatzeko orduan, antibiotikoekiko erresistentzia zabaldu dezakeelako espezie bereko bakterien artean eta horrez gain, aukera gehiago daude erresistentzia-geneak bakterio erresistente batetik erresistentziarik gabeko bakterio batera igarotzeko.

Erresistentzia duten patogenoak

Staphylococcus aureus da antibiotiko askorekiko erresistentzia garatu duen patogenoetako bat. Patogeno izan arren, mikrobio hau sarritan sudurreko mukosetan zein larruazalean egon daiteke pertsona askorengan gaixotasunik sortu gabe (mikrobioaren eramaile osasuntsuak dira). Erresistentzia garatu zuen lehen mikrobioa izan zen, 1947an -penizilina plazaratu eta lau urte geroago- penizilinarekiko erresistenteak ziren andui batzuk agertu baitziren. Penizilinaren ordez metizilina eta oxazilina erabili ziren bakterio honen andui erresistenteen aurka, baina urte batzuk geroago bi antibiotiko horiek ere ez ziren kaltegarriak patogeno horrentzat. Egun, bankomizina da Staphylococcus aureusen aurka erabiltzen den antibiotikorik eraginkorrena, 2002. urtean erresistente berriak agertu baziren ere.

Streptococcus pneumoniae, neumonia bakteriarraren eragilea, penizilinaren aurkako erresistentzia garatu du 1967az geroztik. Proteus generoaren espezie batzuek ere hainbat antibiotikoekiko lortu dute erresistentzia.

Pseudomonas aeruginosa, azkenik, ez da arazo makala klinika eta ospitaleetan. Mikrobio hau patogeno oportunista da, eta infekzio nosokomial askoren atzean dago. Mutazioen bidez eta plasmidoen bidez andui asko antibiotikoekiko erresistenteak bihurtu dira. Mikrobio honek sortutako infekzioak tratatzeko antibiograma bat egin behar da beti.

Erreferentziak

  1. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUk argitaratua (2019) 125-128 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2

Bibliografia

  • Basaras Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, IBSN: 84-8373-658-6
  • Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua IBSN: 978-84-9860-026-1
  • Ingraham, J.L., Ingraham, C. Introducción a la Microbiologia Vol. 2, Ed. Reverté, (1998) IBSN: 84-291-1871-3
  • Forbes, B., Sahm, D., Weissfeld, A. Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana, (2002) IBSN: 950-06-0796-4

Kanpo estekak