Beheko sabela eskapularen goiko ertzeko muxarradura korakoideoaren barnealdera lotzen da. Ondoren barrurantz eta aurrerantz jarraitzen du lepoko pakete baskulonerbiotsuaren azalaldetik igaroko delarik eta zain jugularraren gainean tarteko tendoia osatzen du. Tarteko tendoiaren ondoren goiko sabela agertuko da eta honek goranzko norabidea hartuko du. Goiko sabela hioide hezurraren kanpoko aldera eta honen adar handira lotuko da, esternokleidohioideoaren kanpoaldean.
Erlazioak
Gihar honen eskapulako lotunea trapezio muskuluak estaltzen du. Eskapularen gaineko eremutik pasatzean, omohioideoaren aurreko aurpegia lepauztaiarekin eta muskulu subklabioarekin erlazionatzen da eta ondoren bere gainetik soilik aponeurosia eta azala egongo dira. Ondoren, aurreko aurpegi hori esternokleidomastoideoaren sakonaldetik igarotzen da eta gurutzatu ondoren berriz azalekoa bihurtzen da.
Muskulu omohioideoa hipoglosoaren euskarriak inerbatzen du; C1, C2 eta C3 nerbioek osatzen dutena. Hala ere, goiko sabela hipoglosoaren euskarriaren goiko erroak bakarrik inerbatzen du, C1 nerbioaren zuntzak bakarrik dituenak.