Faringea lepoan dago, laringearen atzealdean. Ahoa du goialdean, eta hestegorria behealdean. Pertsona helduena 15 bat cm izaten da luze. Sudur zuloak laringearekin lotzen ditu eta ahoa hestegorriarekin. Giharrez eta zuntzez osatuta dago. Giharrak luzetarakoak eta biribilak dira: biribilak estutu egiten dira eta horrela elikagaia hestegorrira eramaten laguntzen dute eta ez dute uzten haizerik irensten; luzetarakoek faringeko paretak igotzen dituzte, elikagaia irensteko.
Nasofaringea. Faringearen goiko zatia da. Sudur-barrunbearen atzealdean dago, ahosabaiaren gainean.
Orofaringea. Faringearen erdiko zatia da. Ahoaren atzealdean dago, ahoaren eta epiglotisaren artean.
Hipofaringea. Faringearen beheko zatia da. Parte estuena eta luzeena da, eta laringearen eta hestegorriaren artean luzatzen da. Biriketara igaro beharreko haize kopurua eta hestegorrira igaro beharreko elikagai kopurua erregulatzen ditu.