Minamatako Hitzarmena edo Merkurioaren Minamata Konbentzioa (ingelesez: Minamata Convention on Mercury) 2013ko nazioarteko ituna da metal astunen eta bereziki merkurioaren isurketak murrizteko diseinatutakoa. Nazioarteak akordio global baten beharra ikusi zuen merkurioak "ekosistemetan biometatzeko duen gaitasunagatik, eta gizakien osasunean eta ingurumenean duen eragin negatibo nabarmenagatik". Akordioa nazioarteko zuzenbidearen arabera loteslea izateko bidean, gutxienez 50 estatuk berretsi behar zuten, eta 2017ko maiatzetik, baldintza hori betetzen da, eta hitzarmena 2017ko abuztuan sartu zen indarrean. [1][2]
Prozesua
Nazio Batuen Ingurumen Programa (UNEP) 1970eko hamarkadatik ahalegintzen ari da ingurumenaren kutsadura antropikoan merkuriozren partea murrizteko. 2007an, lehen azterlanen argitan, Administrazio Kontseiluak erabaki zuen borondatezko edo legez lotesle diren neurri osagarrien aukerak aztertzeko lantalde bat biltzea. Eztabaida horri esker, Administrazio Kontseiluak 2009ko otsailean hartu zuen erabakia, ingurumenerako merkurio-igorpenak murrizteko akordio berri baten negoziazioak hastea. Hitzarmenaren edukia merkurioaren isurpenei eta osasun-ondorioei buruzko ikerketa zabalek justifikatu eta frogatu dute. Bost batzar zabal edo negoziazio txanda egin ziren 2009 eta 2013 artean, eta Genevan amaitu zen prozesua, non 2013ko urtarrilaren 1ean, 140 herrialde baino gehiagotako 900 ordezkari inguruk akordio bat adostu zuten nazioarteko bosgarren negoziazioen txandan. [3]
Izena
Akordioaren izenak erreferentzia egiten dio 1950eko hamarkadan Japoniako Minamata arrantzale hirian agertu zen Minamata gaitzari. Chisso enpresa kimiko japoniarrak merkurioa zuen ura isuri zuen itsasora, eta 17.000 pertsonarengan merkuriozko intoxikazio masiboa eragin zuen, eta horietatik 3.000 inguru hil egin ziren. [4] Bizirik geratu ziren askoren bizitza baldintzak oso larriak izan ziren, bestalde, Minamata 2020ko filmak erakusten duen bezala.
Edukiak
Hitzarmenaren helburua da giza osasuna eta ingurumena babestea merkurio eta merkurio konposatuen isuri antropikoetatik. Helburu hori neurri sorta batekin lortu nahi da, zeintzuek alor hauek ukitzen dituzten:
Meatzaritza
Merkataritza
Merkurioaren erabilera produktu eta prozesuetan
Merkurioa airera igortzea prozesu industrialetan (adibidez. a. ikatz-zentral elektrikoak, burdina ez diren metalen ekoizpena, hondakinen errausketa, zementuaren ekoizpena)
Merkurioa lurzoruan eta uretan askatzea
Merkurioaren erabilera eskala txikiko urre-meatzaritzan
Gune kutsatuak / merkurioz kutsatutako gainazalak tratatzea
Hondakinen kudeaketa
Osasunari dagozkionak
Horrez gain, Hitzarmenak eraginkortasuna ebaluatzeko eta Hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak ditu. Beste ingurumen hitzarmenetan bezala, araudia loteslea da neurri ezberdinetan. Alde batetik, betebehar argiak daude, adibidez. produktuen merkataritzan, prozesu industraialetan, eta hondakinen tratamenduaren arloan. Merkurioa osagai gisa nabarmenki erabiltzen duten produktu asko debekatu edo mugatu dira herrialde sinatzaileetan, eta mundu zabaleko debekua erdietsi nahi da etorkizunean. Produktu horien artean daude merkurioa erabiltzen zuten/duten hauek: termometroak, barometroak, manometroak, etengailuak eta erreleak, lanpara fluoreszenteak eta merkurio-lurrunezko lanparak, bateriak, kosmetikoak eta pestizidak .
Bestalde, isurien alorrean, isuriak murrizteko neurriak hartzeko eta erabilgarri dauden teknologia onenak eta ingurumena babesteko jardunbide onenak erabiltzeko eskakizuna baino ez da aipatzen. Ezin izan zen adostu araudia zein industria-sektoreri aplikatu behar zitzaion.
Kutsatutako guneen kudeaketari, eskala txikiko urre-meatzaritzari eta osasun-alderdiei buruzko atalek kohesio txikiagoa dute. Helburuak ere formulatzen dira hemen, baina urrea erauzteko ekintza-plan nazionalak sortzeaz gain, ez dago baldintza zehatzik.
Erreferentziak
Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, alemanezko wikipediako «Minamata-Übereinkommen» artikulutik itzulia izan da, 2023-02-24 data duen 231207511 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-02-24 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.