- Artikulu hau armen diseinatzaileari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kalaxnikov».
Mikhail Timofejevitx Kalaxnikov (errusieraz: Михаи́л Тимофе́евич Кала́шников; Kuria, Altai Krai, Errusiako SESF, SESB, 1919ko azaroaren 10a - Izhevsk, Udmurtia, Errusia, 2013ko abenduaren 23a) kalibre txikiko armen diseinatzaile nabarmena izan zen. AK-47 eraso-fusilaren (sarri, Kalaxnikov edo AK izenez ezaguna) diseinatzailea izateagatik da ospetsua.
Biografia
Gazte urteak
Abeltzainen semea izanda, Bigarren Mailako Eskolan graduatu eta gero, berehala Kalaxnikov lanean hasi zen Maitaiko Turkestan-Siberia trenbideko gordailuan, eta horretan aritu zen 1938 arte. Urte hartan Armada Gorriko kide egin zen. Armadan zela, tankeen mekanika-eskolan, hainbat osagai diseinatu zituen tankeak konpontzeko.
Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen, tankeen dibisioko ofizialorde. Hasieratik interes handia erakutsi zuen su-armei buruz. 1941an Georgi Zhukov jeneralak Leningradora (egungo San Petersburgo) destinatu zuen, haren asmakizunak tankeetan erabiltzeko. Une horretan hasi zen Kalaxnikov tankeak gidatzen, harik eta urte hartako urrian Brianskeko guduan bonba batek besoan zauritu zuen arte. Ospitalean zelarik, arma berri batean hasi zen pentsatzen, sobietar arma zaharrei bere kideek egindako kritiketan oinarrituta.