Mikel Iribarren Pinillosen kasua, Espainiako Erresumaren aurka

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren areto bat.

Mikel Iribarren Pinillosi emandako tratu txarrarengatik Espainiako Erresumaren aurka egindako auzian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Erresuma kondenatu zuen, 2009ko urtarrilaren 8an emandako epaian, Espainiako poliziak Mikel Iribarreni eraso ziolako 1991n (17 urte lehenago) eta gero Espainiako sistema judizialean ez zelako bermatu bidezko epaiketarik.

Polizia nazional batek kalte larriak eragin zizkion Iribarreni, biktima modu aktiboan manifestazio baketsu batean parte hartzen ari zela.

Mikel Iribarren, jaiotzez Iruñekoa (Nafarroa Garaia), erasoa jasan eta urte batzuk geroago Herri Batasunaren Nafarroa Garaiko hautagai izan zen Europako 1994ko hauteskundeetan eta 1996ko Senaturako hauteskunde orokorretan.

Gertaerak

Aduanako zokoa (Iruñea), poliziak Mikel Iribarreni zauri larriak eragin zizkion tokia.

Gertaerak Iruñean izan ziren, 1991ko abenduaren 14tik 15era bitarteko gauean. Alde Zaharrean hainbat orduko istilu larriak gertatu ziren gau hartan bertan. Aduanako zokoa plazan, goizaldeko ordu biak inguruan, hemezortzi urteko Mikel Iribarren Pinillos, istilu horietan parte hartzen ari zela, larri zauritu zuen polizia nazional batek, ke potoak jaurtitzeko arma batekin hurbil-hurbiletik tiro eginda.

Osasun langileak iritsi zirenean, Iribarren koman zegoen, eta Nafarroako Ospitalera eraman zuten. El País egunkarian argitaratu zenez, «gazteak garezurraren eskuineko aldea hondoratua du, aurpegiaren erdian erredurak jasan ditu, begi bateko trauma, bai eta gorputzaren ezker erdiaren paraplegia ere».[1] Hori dela eta, ia hilabete eman zuen koman, eta munta handiko ondorenak izan zituen, oneratzeko 459 egun behar izan zituen, behin eta berriz ebakuntza gelan sartu behar izan zuten fisionomia berregiteko. Iribarrenen aurpegiaren eskuinaldea desfiguratuta geratu zen eta Gizarte Ongizaterako Nafarroako Institutuak % 37ko ezintasun iraunkorra aitortu zion.[2]

Zigor arloko auzibidea

Instrukzio epaitegia

Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegia arduratu zen kasuaz, eta istiluen aurkako bederatzi poliziak deklaratu zuten, inputatutzat. Poliziaren bertsio ofizialak esan zuen bederatzi polizia horiek zirela gertakarien egunean eta orduan han lanean ari zirenak. Denek adierazi zuten ez zekitela ezer gertatutakoaz, eta haietako batzuek esan zuten zaurituari laguntzera mugatu zirela, lurrean etzanda, koma egoeran eta hiltzeko zorian aurkitu zutenean. Ez zen inoiz identifikatu tiroaren egilea.

Auzokide bat gertakarien lekuko lekuko izan zen, eta epaitegian adierazi zuenez, «kaskoa zeraman polizia batek armarekin hurbil-hurbiletik tiro egin zion mutilari, eta berehala lurrera erori zen, burutik eta arropatik ke laino handia zeriola».

Iruñeko 3. instrukzio epaileak adierazi zuenez, Iribarrenek «istiluetan» parte hartu zuen eta bere arropetan «lehergailuak egiteko elementu kimikoen partikulak» aurkitu zituzten.[3] Iribarrenek esan zuen istiluen kontrako poliziekin topo egin zuela etxera zihoanean.[4] Ministerio Fiskalak ez zuen akusaziorik aurkeztu, eta epaileak kasua artxibatzea erabaki zuen, tiroaren egilearen nortasuna egiaztatu ez zelako.

Estatuko Segurtasun Indarrek adierazi zutenez, jaurtigaiak aldatu egin zituzten azken urteetan, segurtasuna areagotzeko; eta, beraz, jaurtigaiek beti egiten zuten parabola bat, airean disolbatuz, eta ezin izan zuten Iribarrenek izandako burezur-hondoratzea eragin. Hori dela eta, defentsak aditu proba bat egiteko eskatu zuen. Proba horretan, ke potoak jaurti zitzaizkien aurrez sakrifikatutako txerrien buruei, eta horrek frogatu zuen ke potoa izan zitekeela Iribarrenen lesioen kausa.[5]

Probintzia Auzitegia

Nafarroako Parlamentuaren gaur egungo eraikina Nafarroako Probintzia Auzitegiaren egoitza zen, auziaren aldian.

Gero, akusazio partikularrek eta herri akusazioek apelazio errekurtsoaren bidez lortu zuten Nafarroako Probintzia Auzitegiak 1995eko irailean adieraztea behar bezala egiaztatuta zegoela «gailu negar-eragile edo erretzaileen arma batekin egindako tiro baten ondorioz» eragindako lesioen delitu bat egin zela. Hala ere, Probintzia Auzitegiak jarduketak artxibatzea erabaki zuen, tiro horren egileak, konplizeak eta estaltzaileak ezezagunak zirelako.

Administrazioarekiko auzibidea

Nafarroako Probintzia Auzitegiak biktimari dei egin zion, eragindako kalteen erreklamazioa beste bide judizial batzuetan egin zezan, eta Iribarrenek administrazio bidea hasi zuen. Bide horren amaieran, Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak, 1997ko azaroaren 27ko ebazpenaren bidez, ukatu egin zuen kaltetuak eskatutako 47.224.816 pezetako kalte-ordaina ordaintzea.

Espainiako Auzitegi Nazionala

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak, 1998ko uztailaren 1ean, partzialki onartu zuen Ministerioaren ebazpenaren aurka jarritako errekurtsoa, eta 10.000.000 pezetaren (60.101,21 euro) kalte-ordaina ordaintzera kondenatu zuen Administrazioa, «Polizia agente batek neurriz kanpo jardun zuelako», baina zenbatekoa murriztu zuen, tartean erruak bazirela iritzita; izan ere, «errekurtsogilea ez zegoen kasualitatez gertakarien lekuan, baizik eta Polizia Nazionalaren jarduna ekarri zuen ordenaren nahasmendu bortitzean parte hartzen ari zen».[6]

« Bistakoa da, beraz, administrazioak berak ukatzen ez dituen lesio eta ondoren horien kausa zuzena eta eraginkorra izan zela Polizia Nazionalaren kidegoko identifikatu gabeko funtzionario baten jarduera. Funtzionario horrek, bere jarduera profesionalaren jardun legitimoan eta, zehazki, manifestazio baten errepresioan, neurriz kanpoko jarduketa bat egin zuen, hainbat orduz ke potoak jaurtitzen ziren bitartean. Ke poto horietako bat, eta azaldutako proportzio horretan, auzi-jartzailearen kontra bideratu zen distantzia laburretik, auzi-jartzailea jo zuen, eta aipatutako lesio eta ondorenak eragin zituen, Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiaren 1994ko otsailaren 21eko autoan zehaztasunez jasotzen denez. Epaitegi hori distantzia laburretik jaurti izanaren ondorio horretara heldu zen, eta Ministerio Fiskalak tesi hori onartu zuen, egin ziren jaurtiketa frogengatik. Era berean, lekukoen deklarazioak eta kontraesanak baloratuta, honako hau ondorioztatu du: ordena publikoa asaldatzen parte hartzen ari zela errekurtsogilea. Tesi hori onartu dute Barne Ministerioko espedientearen instruktoreak eta haren zerbitzu juridikoak. »

Espainiako Auzitegi Gorena

Espainiako Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen.

Ondoren, Estatuaren abokatuak kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka. Errekurtso horri buruz, Espainiako Auzitegi Gorenak, 2003ko urtarrilaren 31n emandako epaiaren bidez, erabaki zuen tiro hori «neurrizkoa» izan zela, «erasotua legez kanpoko manifestazio batean parte hartzen ari zelako, eta Poliziari eraso ere egin ziolako; beraz, erasotua izan zen gertatu zitzaionaren eta izan zituen zaurien erantzule bakarra». Horrenbestez, Auzitegi Nazionalak onartutako kalte-ordaina baliogabetu zuen.[6]

Epaiak honako hau dio:

« Laburbilduz, nahiz eta egiaztatuta dagoen indar publikoko langileek jaurtitako ke poto batek errekurtsogilea jo izanaren ondorioz gertatu zirela kalteak, egia da —ez baita aurkako inguruabarrik egiaztatu— pentsatu behar dela, administrazio jarduketaren legezkotasun printzipioaren arabera, jarduketa hori ez dela neurriz kanpokoa, errekurritutako epaian esaten denaren aurka. Eta, ondorioz, jarduketa hori ezin da antijuridikotzat jo, erabilitako bitartekoak proportzionatuak, egokiak eta kongruenteak direlako. Izan ere, jarduketetan ez dago egiaztatuta ke potoaren inpaktua errekurtsogileari kontzienteki egindako tiro baten ondorio izan zenik, baizik eta, are gehiago, zoriaren emaitza izango litzateke, manifestazioa muturreko indarkeria baldintzetan gertatzen ari zela eta une hartan nahasmendua zegoela kontuan hartuta. Berdin gertatzen da hainbat orduz jarduten denean, barrikadak osatuta eta aldi horretan indar publikoak bere eginkizuna egikaritzea eragotzita. Aitzitik, indar publikoak beharrezko erabakitasunarekin eta atzerapenik gabe jardun behar du; eta, hori egitean, eskura dituen bitartekoak erabiltzean kongruentzia, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioei jarraitu behar die, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko 1986ko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoko 5.2 artikuluko C letrak eskatzen duena betez. Ez da egiaztatu, ezta zantzu bidez ere, kasu honetan ordenako indarren jarduna ez zela eskakizun horietara egokitu. Administrazioaren jardunean antijuridikotasunik ez dagoenez, kalteduna behartuta dago kaltea jasatera, eta beraz Estatuko Administrazioaren ordezkaritzak jarritako kasazio errekurtsoa baiesten dugu; eta, eztabaidan planteatutako gaia aztertuta, administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezetsi behar da, errekurritutako ebazpena berretsita, eta beraz bidegabea da Estatuko Administrazioa epaitutako gertakarien erantzukizuna duenik deklaratzea. »

Epai horretan, Jesus Ernesto Peces Morate magistratuaren boto partikularra jasotzen da, aretoko gehiengoaren iritzitik disidentea eta biktimaren tesiaren aldekoa. Izan ere, beste zenbait arrazoiren artean, Peces Morateren iritzira «manifestari bati hain zauri larriak eragiteko arriskua aurreikus zitekeen, eta saihestu ahal izan zen iskanbilan parte hartu zutenengandik hain distantzia laburrera poto ke-eragilerik jaurtitzea».

Espainiako Konstituzio Auzitegia

Iribarrenek Espainiako Konstituzio Auzitegian aurkeztutako babes errekurtsoa ez zen izapidetzeko onartu. Hala adierazi zuen auzitegi horrek, 2003ko urriaren 21ean emandako probidentziaren bidez.[7] Argudioa izan zen, besteak beste, errekurtsogileak ez zituela agortu prozesuko bideak.[8]

Giza Eskubideen Europako Auzitegia

██ Estatu fundatzaileak██ Geroztik sartu direnak Europako Kontseiluak Europako ia estatu guztiak biltzen ditu. Besteak beste, kideen artean giza eskubideak bermatzeko helburua du.

Iribarrenek, Espainiako instantzietan auzibidea amaituta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiari errekurtsoa aurkeztu zion 2003ko azaroaren 14an.[2] 2005eko urrian, errekurtsoa izapidetzea onartu zuen auzitegiak, 36777/03 zenbakiarekin. Giza Eskubideen Europako Auzitegia Estrasburgon dago kokatuta, eta Europako Kontseiluko kide diren estatuek eratua da, estatu horietako herritarren giza eskubideak zaintzearren.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Mikel Iribarren Pinillosek Espainiako Erresumaren aurka jarritako auzian (36777/03 zenbakiko demanda), aho batez ebatzi zuen, 2009ko urtarrilaren 8an, Espainiako Erresumak honako artikulu hauek urratu zituela:[9]

  • Hitzarmen bereko 6.1 artikulua. Artikulu horrek, «Bidezko prozesu baterako eskubidea» izenburuarekin, ezartzen du gizabanako orok eskubidea duela legeak ezarritako auzitegi independente eta inpartzial batek bere auzia modu ekitatiboan eta publikoki entzun dezan, arrazoizko epe baten barruan. Izan ere, Espainiako poliziak ez zuen ikerketan batere lagundu, Espainiako epaileek erantzukizunak zehazteko eta kondenatzeko interes urria izan zuten, eta Prozesu judiziala ez zen arrazoizko epe batean egin.

Horregatik, auzitegiak Espainiako Erresuma kondenatu zuen 170.000 euro ordaintzera. Horietatik 100.000, kalte materialei dagozkie; 30.000, gastu eta kostuei; eta 40.000, kalte moralei.[2] Azken puntu horretan, kalte moralengatiko kalte-ordainari dagokion horretan, ez zen aho batez onartu ordaindu beharreko zenbatekoa: zazpi epaileetatik hiruk (Fura-Sandström, Gyulumyan eta Saiz Arnáiz) 40.000 euroak gehiegizkotzat jo zituzten, iritzi ziotelako Iribarrenek «arrisku-egoera sortzen lagundu zuela, eta berak sortutako egoera horren biktima izan zela azkenean».[8][10]

Lorea Bilbao abokatuak 2016an adierazi zuenez, tortura kasuak direla eta, Estrasburgoko Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu du Espainia, baina horietako batean bakarrik —Mikel Iribarren iruindarraren kasuan— zigortu da tortura praktika bera; gainerakoetan, salaketak ez ikertzeagatik izan da zigorra.[11]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) EFE. (1991-12-15). «En estado grave un joven en Pamplona por el impacto de un bote de humo» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-05-24).
  2. a b c (Gaztelaniaz) «España indemnizará a un hombre que quedó discapacitado tras acudir a una manifestación» El Mundo 2009-01-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-24).
  3. (Gaztelaniaz) «El Estado indemnizará a un candidato de Batasuna» El País 2009-01-08 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-05-24).
  4. (Gaztelaniaz) Pérez Conde, Carlos. (2009-02-27). «Iribarren» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2020-05-24).
  5. (Gaztelaniaz) «El superviviente que condenó al Reino de España» Gara 2009-01-11 (Noiz kontsultatua: 2020-05-24).
  6. a b (Gaztelaniaz) «Condenan al Estado a pagar 170.000 euros a un pamplonés herido por un bote de humo de la policía» Diario de Navarra 2009-01-09.
  7. (Gaztelaniaz) «Estrasburgo condena a España a indemnizar con 170.000 euros a un manifestante de Batasuna» El Confidencial 2009-01-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-25).
  8. a b (Gaztelaniaz) Barcelona Llop, Javier. (2009). «Coacción administrativa, responsabilidad patrimonial del Estado y Convenio Europeo de Derechos Humanos» Revista de administración pública (179): 187–218. ISSN 0034-7639. (Noiz kontsultatua: 2020-05-25).
  9. (Gaztelaniaz) «Sentencia de la demanda núm. 36777/03, asunto Iribarren Pinillos contra España» Jurisprudencia: Tribunal Europeo de Derechos Humanos, quinta sección (Espainiako Justizia Ministerioa): 418-432..[Betiko hautsitako esteka] Espainiako Estatuko Abokatutzak Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean gaztelaniara egindako itzulpena.
  10. (Gaztelaniaz) Sola, Ramón. (2009-01-09). «Europa castiga la agresión al joven Mikel Iribarren y los 17 años de impunidad» Gara (Noiz kontsultatua: 2020-05-26).
  11. «Paco Etxeberria: “Erraza da urrutiko kasuez hitz egitea, baina hemengoez hitz eginda alarma gorria pizten da”» Berria 2016-02-13 (Noiz kontsultatua: 2020-05-26).

Ikus, gainera

Kanpo estekak