Doktorego-tesian hasi zen gizarte mugimenduak eta herritarren parte hartzea ikertzen, Leitzarango eta Urbina-Maltzagako liskarrak aztertu zituen, Pedro Ibarra eta Iñaki Barcena irakasleen zuzendaritzapean (Boteretik eraginera: mekanismoak eta prozesuak Leitzarango eta Urbina-Maltzagako liskarretan).[5][6]
Egitasmoaren barruan hainbat elementu sartu ziren: ikerketa, erakusketa ibiltaria, artxibo interaktiboa, elkarrizketak, webdoka, ikastaroa, ekitaldiak… [8][9]
Irakaslea
EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea da. 'Subiranotasuna Europako Herrietan' masterreko zuzendaritzako kidea da orain,[10] eta lehenago 'Euskal Nazionalismoa XXI. mendean' masterrean ere izan zen. Besteak beste, hiru irakasgai hauetan aritu izan da: Espainiar sistema politikoa, Partidu politikoak, Teoria politikoa.[11]
Gizarte mugimenduen paperaren azterketa
Tesi-lanean sakonki aztertu zituen gizarte mugimenduetan.[6] Lan horren arabera Zubiagak ondorioztatzen du demokratizazioa eta gatazka beti lotuta daudela, eta gizartearen bizitasunaren seinale direla. Demokrazia ez baita inoiz emaitza, prozesua baizik. Euskal Herrian Espainiako trantsizio politikotik aurrera abiatutako demokratizazio prozesuaren mugak, geldiune eta atzerapausoak arlo-liskar guztietan islatu zirela uste du: euskalgintzan, eskubide sozio-ekonomikoen arloan, emakumeen eskubideetan, herritarren zuzeneko parte-hartzean edota arazo ekologikoetan. Gatazka txikienetan prozesu historiko zabala zegoen jokoan, eta, neurri handi batean, gatazka potolotzat jotzen zirenak, liskar txikienetan azaltzen, neurtzen eta ebasten ziren. Mikro, meso eta makro mailen artean dauden loturak topatzea izan zen tesiko lan teorikoa abian jartzeko pizgarria.
Zizek eta Laclauren arteko eztabaidek ere landu izan dute gai hori. Izan ere, hauen harira, eta, batez ere, 2008an piztu zen krisi egoerak hauspotuta, postmarxismoak loraldia izan zuen, eremu teorikoan bederen. McAdam, Tarrow eta Tillyk egindako lanetan oinarrituta, prozesu liskartsuen mekanismo eta prozesuak aztertu zituzten.
Tesian aztertutako Leitzarango edota Urbina-Maltzagako liskarretan egondako gizarte borborra baretu egin zen urteekin. Ziklo politiko luze baten amaiera izan zen. Zentzu honetan, politikagintza sareen demokratizatzea –eragile berrien barneratzea eta hauen arteko parekotasunaren areagotzea–, eta orokorrean gizarte zibil eta politikoarena ere, nekez burutuko dira gatazkarik gabe. Eta prozesu liskartsu horietan (ia) beti gizarte mugimenduak izango dira protagonista. Dena den, maila apalagoan, barneratzea lortu gabe ere, gizarte mugimenduek badute eragin demokratizatzaile lausoagoa, demokraziaren adiera minimoarekin loturik dagoena: boterearen arbitrariotasuna ekiditearekin, alegia. Esan bezala, demokraziaren adieratariko bat –minimoa– gehiegizko aginte politikoaren kontrola baldin bada, borroka estrategiko horretan, hain zuzen ere, demokratizazioaren borrokaren lehen (edo azken) lubakian, gizarte mugimenduak egongo dira. Gizarte mugimendu sendoak dituen sistema batean, agintarienganako kontrol demokratikoa areagotu egingo da.
Botere-politikan edota eraginaren politikan murgilduta, gizarte mugimenduak agintarien gehiegikeriak ekiditeko tresna aproposak dira egungo gizarteetan. Mendebaldeko gizarteetan, Euskal Herrian barne, gizarte zibilaren tentsionamendu politikoa, bizitasun errepublikarra apaltzen ari da, eta ondorioz, sistema politikoa mugarik ez balu bezala ari da jokatzen askotan. Edo okerrago oraindik, gizarte zibilaren baitan sendotzen ari diren mugimendu asko eta asko zuzenbidezko estatuak hamarkadetan zehar garatu duen eskubide eremua kolokan jartzera datoz, estatuaren joera arbitrario eta autoritarioak ahalbidetuz. Hala, arlo askotan, desdemokratizazio prozesuak nagusitzen ari dira. Dena den, orain artean bezala aurrerantzean ere, auzi txikienetik, errebindikazio apalenetik abiatuta, ekimen herritar zabalak piztuko dira, artikulazio hegemoniko berrien aitzindari eta demokratizazio urratsen bultzatzaile gisa.
Argitalpen nagusiak
Komunikabideetan hainbat artikulu eta iritzi zabaltzeaz gain,[12][13][14] hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu:
Liburuetan
Zubiaga (koord.): Towards a Basque State. Nation Building and Institutions. Bilbo: Ipar Hegoa / EUE.[15]
Zubiaga (2013): "Poder como hegemonía. Contingencia y articulación", in Ahedo & Gorostidi (koord.): Política Integral. Iruñea. Pamiela.
Barcena, Larrinaga & Zubiaga (2011): "Reflexiones teóricas sobre la relación entre el medio ambiente, la participación y la democracia", in Bergantiños, Ibarra & Martinez (koord-.): Participación, cultura política y sostenibilidad. Barcelona: Hacer. or. 109-138.
Zubiaga (2008): "Gizarte mugimenduaren jarduera demokratizatzaileaz", in Martinez & Blas (koord.):Poder politico y participación = Demokrazia, ogi gogorrari hagin zorrotza. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza. or. 17-44.[16]
Zubiaga & Ormazabal (2008): "Nuevas vueltas a viejos debates", in Viento Sur, 101. or. 72-74.
(Gaztelaniaz)Mil y una coces contra la disidencia. Patxi Azparren, Luix Barinagarrementeria, Sabino Ormazabal eta Mikel Zuluagarekin. Donostia: Autoedizioa, 2003. ISBN_ 84-607-7855-X. Deskargatzeko eskuragarri.
Aldizkarietan
Komunikabide askotan parte hartzen du soziologia edo politika gaiez idazteko.[17][18][19]
Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntz) komunitatea? (2019, BAT)
"Tirabirak": euskal gatazka binetetan. Edorta Aranarekin (2017, JAKIN)