Luis de Requesens y Zúñiga[1] (katalanez: Lluís de Requesens i Zúñiga; Molins de Rei, Espainia, 1528ko abuztuaren 25a - Brusela, 1576ko martxoaren 5a) diplomatikoa eta politikaria izan zen.
Filipe II.a Espainiakoaren aholkularia zen Kataluniako arazoetarako eta Erromako enbaxadore izendatu zuten 1561. urtean Pio V.aren eta erregearen artean, Carranza artzapezpikuaren aurkako auzia zela eta sortutako eztabaida konpontzearren. Joan Austriakoaren aholkulari egin zen eta musulmanen aurka borrokatu zen Granadan (1559) eta Lepanton (1571). 1571. urtean Milango gobernari izendatu zuten.
1573. urterik aurrera Albako dukearen ondorengo izan zen Herbehereetan, haren karguan. Politika moderatua egin zuen, amnistia eskaini zuen guztientzat (1574) eta salmenten gaineko zergak kendu zituen. Bere gudarosteak huts egin zuen Leidengo eta Middelburgeko setioetan, baina Mooken garaile irten zen Luis Nassau buru zuten alemaniar mertzenarioen aurkako gerran. Anberesen zeuden espainiar osteen matxinadari egin behar izan zion aurre baina politika bakezale horrek huts egin zuen.
1892. urtean argitaratu zen haren Correspondencia politica (Gutun politikoak) obra.
Erreferentziak