Joan Austriakoa (gaztelaniaz: Don Juan de Austria; Ratisbona, Germaniako Erromatar Inperio Santua, gaur egun Alemania, 1545 edo 1547ko otsailaren 24a - Namur, Espainiar Herbehereak, gaur egun Belgika, 1578ko urriaren 1a), Espainiako Karlos I.aren eta Barbara Blombergen ezkontzaz kanpoko semea, Habsburgo etxeko printzea izan zen. Bere anaiorde Espainiako Felipe II.aren agintaldian militar eta diplomatiko jardun zuen eta 1576-1578 bitartean Espainiar Herbehereetako gobernadorea izan zen. Lepantoko guduan otomandarrei nagusitu zitzaien itsas armadaren buruzagia izan zen.
Biografia
Karlos V.a enperadorearen sasiko semea eta Espainiako Felipe II.aren anaiordea zen. Espainiara eraman zuten haurra zela, eta Karlos enperadorea hil ondoren, Filipe II.ak anaiordetzat hartu eta handiki ohoreak eman zizkion, Don Juan de Austria izenez (1559). 1568an hasi zen borrokan Mediterraneoko kortsario berbereen aurka eta Granadako mairuen aurkako osteen buruzagi nagusi izendatu zuten 1569an.
Mediterraneoko itsas armadako nagusia zen 1571n, eta urte hartan bertan menderatu zuen otomandarren itsas armada Lepantoko guduan. 1573an Tunisia hiria konkistatu zuen, baina turkiarrek hartu zuten berriro ondoko urtean. 1576an Herbehereetara bidali zuen Filipe II.ak, espainiarren okupazioaren aurkako matxinadari eusteko asmotan. Gogoz kontra joan zen Joan Austriakoa eta baldintza bat jarri zion Filipe II.ari: Ingalaterra inbaditu eta Londresen preso zeukaten Maria Estuardo Eskoziako erreginarekin ezkontzeko baimena.
1577ko otsailean, Holandako matxinatuekin akordio batera heltzen saiatu zen, baina holandarrek ez zuten gobernari gisa onartu, ezta erlijio katolikoaren nagusitasunik ere. Gerrari berriro ekin ondoren, Namur hiria hartu zien holandarrei. Joan Austriakoaren azken hilabeteak guztiz hitsak izan ziren: Holandako gerrak nahigabe handiak ekarri zizkion, Juan de Escobedo, haren idazkaria, Filipe II.aren aginduz hil zuten, eta Espainiako erregeak guztiz bakarrik utzia zuelarik hil zen, pozoituta seguruenez.
Erreferentziak