Lotailu gurutzatuak X forman kokatutako bi lotailuz osatutako egiturak dira,[1] gorputzeko hainbat artikulaziotan aurki daitezkeenak: belaunetan, bizkarrezurrean, eskuetan eta oinetan hurrenez hurren.
Belauna
Belauneko aurreko lotailu gurutzatua (ALG) eta gibeleko lotailu gurutzatua (GLG) bi banda indartsu dira, tibiaren plataformatik femurraren kondilo bitartera doazenak. ALG kanpo aldetik igarotzen da, eta GLG barrutik gurutzatzen zaio. Biak ongi bereiziak daude, eta bakoitzak bere zorro sinobial partziala du.
Beraien izendapena tibian txertatzen diren lekuarengatik da: ALG area intercondylaris deritzon gunearen aurreko aldean, eta GLG gune beraren atzean. Femurrean berriz, bi lotailuak gune bakarrean txertatzen dira, fossa intercondylaris femoris deritzona.
Belauneko lotailu gurutzatuak "Jakoben eskailera" jostailuaren egitura dute. Haren zintek bezala jokatuz, lotailu hauek artikulazioa egonkortzen dute, mugimendu-tarte handia ahalbidetzen dutelarik.[2]
ALGak tibiak aurrera irristatzea ekiditen du, eta GLGak berriz, tibia atzerantz irristatzea. Biek batera, belaunaren errotazio-ardatza osatzen dute.[3]
Bizkarrean
Atlasaren lotailu gurutzatua lepoan aurkitzen da, eta bere funtzioa lehen eta bigarren orno zerbikalak lotzea da.[4]
Eskuan
Atzamarretako lotailu gurutzatuek tunelak osatzen dituzte. Tendoi flexoreak haien barrutik igarotzen dira falangeetara iristeko. Bataz beste, atzamar bakoitzean hiru lotailu gurutzatu daude eta beste hiruzpalau eraztun formakoak (pertsona batetik bestera kopurua alda daiteke).[5]
Oinean
Orkatilean ere lotailu gurutzatu bat aurkitzen da (ligamentum cruciatum cruris) zeinak oinaren muskulu extentsoreak konpartimentu batean eusten dituen.
Erreferentziak
↑Daniel John Cunningham (1918). Cunningham's text-book of anatomy (5th ed.). Oxford Press. p. 1593.