Gibeleko lotailu gurutzatua (GLG), beste izenez atzeko lotailu gurutzatua, belauneko lotailu gurutzatu bietatik bat da, bestea aurreko lotailu gurutzatua (ALG) delarik. "Gurutzatu" izena lotailuok duten posizioarengatik da, bien artean "X" bat osatzen baitute tibia eta femurra elkarrekin lotuz. Biak ala biak lotailu indartsuak dira, belauneko mugimenduak mugatzeko funtzioarekin; GLGren kasuan, tibia atzeraka eramaten duten mugimenduak eragozten ditu.[1]
Anatomia
Bi lotailu gurutzatuak belauneko artikulazioaren kapsularen barruan daude. Halere, GLG zein ALG mintz sinobialak bilduak daude, nolabaiteko azpikapsula bat osatuz.
Femurrean, GLG fossa intercondylaris femoris gunean txertatzen da, barruko kondiloaren kanpoko aldean, ALGa txertatzen den puntuaren ondoan.
Tibian, GLG area intercondylaris deritzon gunearen atzeko aldean txertatzen da, eta izena hortik hartzen du. Puntu horretan, gainera, lotailuaren zuntzek kanpoko meniskoaren atzeko adarrarekin bat egiten dute.[2][3][4][5][6]
Funtzioa
Gibeleko lotailu gurutzatuan faszikulu bi bereiz daitezke, aurre-kanpokoa eta atze-barrukoa.[7] Belauneko mugimenduan, GLGaren zuntzek errotazio bat egiten dute, halako moldez non aurre-kanpoko faszikulua belaunaren flexioan tenkatzen baita (baina ez belaunaren extentsioan). Atze-barrukoaren portaera alderantzizkoa da.[6][8]
GLGaren funtzioa femurraren kondiloek tibiaren ertzetik aurrera ez egitea da (edo tibia femurraren atzerantz ez mugitzea).[4][9]
Lesioak
GLGa hiperflexio zein hiperextentsio mugimenduetan lesiona daiteke, edo aurrez aurreko txoke batekin.[10][6] Hain zuzen ere, gibeleko lotailu gurutzatuaren lesioen ohiko arrazoiak flexionatutako belaunean hartutako kolpe zuzenak dira (trafiko istripuak, erorketak...), non tibia atzeraka behartzen den.[4][11][12]
Lotailu gurutzatuak biskoelastikoak direnez, tentsio igoera progresiboak hobeto jasan ditzakete, bat-batekoak baino. Genu varo gehi extentsio mugimenduak behartzean ere lesiona daiteke GLGa.[7][10]
GLGaren lesioa dagoela sumatzen denean, belauneko beste egiturak ere aztertu behar dira, askotan GLGarekin batera kartilago, menisko edo beste lotailuak hondatzen baitira, edo hezurretako hematomak edo hausturak egon daitezke.
Gibeleko lotailu gurutzatuaren etenak lau mailatan sailkatzen dira:
I. gradua, GLGaren zuntz gutxi eten dira.
II. gradua: GLGaren zuntz eten ertaina, belauneko ezegonkortasunarekin.
III. graduan, GLGa guztiz etenda dago, belauneko ezegonkortasunarekin.
IV. gradua, GLGaz gain, belauneko beste lotailu bat eten da.
Horretara, tratamendua lesio-mailaren araberakoa egokituko da.
Tratamendua
I eta II. mailako lesioetan, gibeleko lotailu gurutzatua modu kontserbatzailean trata daiteke, kirurgia barik alegia. Fisioterapiaren bidez belauneko muskuluak indartzen dira, eta honek artikulazioaren egonkortasuna hobetzen du, GLGaren ezintasuna konpentsatuz.[13]
III. eta IV. mailetarako, ordea, sintomak nabarmenak izan daitezke, edo GLGaren lesioarekin batera belauneko beste egiturak egon daitezke; kasu horretan, kirurgia gomendatzen da. Horrelakoetan, GLGa tendoi txerto batekin ordezkatzen da, tibia eta femurrean eginiko zuloetan torlojuekin lotuz. Operazio konplexu xamarra da, kokapenagatik eta zailtasun teknikoagatik.[14]
↑Amis, AA.; Gupte, CM.; Bull, AM.; Edwards, A.. (Mar 2006). «Anatomy of the posterior cruciate ligament and the meniscofemoral ligaments.» Knee Surg Sports Traumatol Arthrosc 14 (3): 257–63. doi:10.1007/s00167-005-0686-x. PMID16228178..
↑Girgis, FG.; Marshall, JL.; Monajem, A.. (1975). «The cruciate ligaments of the knee joint. Anatomical, functional and experimental analysis.» Clin Orthop Relat Res 106 (106): 216–31. doi:10.1097/00003086-197501000-00033. PMID1126079..
↑ abcChandrasekaran, S.; Ma, D.; Scarvell, JM.; Woods, KR.; Smith, PN.. (Dec 2012). «A review of the anatomical, biomechanical and kinematic findings of posterior cruciate ligament injury with respect to non-operative management.» Knee 19 (6): 738–45. doi:10.1016/j.knee.2012.09.005. PMID23022245..
↑Edwards, A.; Bull, AM.; Amis, AA.. (Mar 2007). «The attachments of the fiber bundles of the posterior cruciate ligament: an anatomic study.» Arthroscopy 23 (3): 284–90. doi:10.1016/j.arthro.2006.11.005. PMID17349472..
↑ abcVoos, JE.; Mauro, CS.; Wente, T.; Warren, RF.; Wickiewicz, TL.. (Jan 2012). «Posterior cruciate ligament: anatomy, biomechanics, and outcomes.» Am J Sports Med 40 (1): 222–31. doi:10.1177/0363546511416316. PMID21803977..
↑ abMalone, AA.; Dowd, GS.; Saifuddin, A.. (Jun 2006). «Injuries of the posterior cruciate ligament and posterolateral corner of the knee.» Injury 37 (6): 485–501. doi:10.1016/j.injury.2005.08.003. PMID16360655..
↑DeFrate, LE.; Gill, TJ.; Li, G.. (Dec 2004). «In vivo function of the posterior cruciate ligament during weightbearing knee flexion.» Am J Sports Med 32 (8): 1923–8. doi:10.1177/0363546504264896. PMID15572322..
↑Race, A.; Amis, AA.. (Jan 1994). «The mechanical properties of the two bundles of the human posterior cruciate ligament.» J Biomech 27 (1): 13–24. doi:10.1016/0021-9290(94)90028-0. PMID8106532..
↑ abJanousek, Andreas T.; Jones, Deryk G.; Clatworthy, Mark; Higgins, Laurence D.; Fu, Freddie H.. (1999). «Posterior Cruciate Ligament Injuries of the Knee Joint» Sports Medicine 28 (6): 429–41. doi:10.2165/00007256-199928060-00005. PMID10623985..
↑Fernandez, Matthew; Pugh, David. (2012). «Multimodal and interdisciplinary management of an isolated partial tear of the posterior cruciate ligament: a case report» Journal of Chiropractic Medicine 11 (2): 84–93. doi:10.1016/j.jcm.2011.10.005. OCLC.3368977PMID23204951..