Lita Cabellut (Sariñena, 1961) diziplina anitzeko artista espainiarra da. Olio-pintura, paper gaineko marrazkiak, eskultura, argazkigintza, poesia, olerki bisualak eta bideoak lantzen ditu. Jatorri xumekoa, Bartzelonan hazi zen eta Hagan bizi da 19 urte zituenetik. Pinturagatik ezaguna, formatu handiko lientzoak margotzen ditu, freskoen aldaera garaikidea erabiliz.[1]
Biografia
Sariñenan jaio zen, Huescako herri txiki batean.[2] Eskolan dislexiarekin arazoak izan zituen. Eskale aritu zen La Rambla, Boquería, Port Vell eta Plaça Reial-en turistek iturrira botatzen zituzten txanponak batzen. 10 urte zituela amona hil eta umezurztegi batean sartu zuten, 13 urterekin familia katalan aberats batek hartu zuen.[3]
Pradoko Museora egindako bisitetako batean aurkitu zuen bere bokazioa Goya, Velázquez, Ribera eta Rembrandten lanekin.[4] Etxeko garajean estudio txiki bat jarri ahal izan zuen eta bertan bere bokazioa garatzen hasi zen.[5] Bere lehen erakusketa Masnouko udaletxean izan zen, 1978an.[6] 1982an, 19 urte zituela, Amsterdamera joan zen bizitzera, non Gerrit Rietveld Arte Akademian bekadun gisa ikasi zuen 1984ra arte.[7]
Formatu handiko lientzioetan lan eginez, fresko teknikaren aldaera garaikide bat garatu du eta berezkoa duen kolore-paleta du, bere pertsonaiei azala emateko obsesiotik abiatzen dena. [8] Hala ere, bere lan eta teknika ezagunenetatik harago, diziplina anitzeko artista da. [8]
Bere pintzelkaden lerro urratuak Lucian Freud eta Francis Bacon gogorarazten ditu bereziki, bere margolari eta inspirazio iturri gogokoenak.[9]
Lita Cabelluten arte-lanak kontzeptualki bildumetan edo pintura-serietan biltzen dira. Frida, The Black Pearl (2010) bildumak Frida Kahlo artista mexikarra omentzen du, Kahloren bizitza irudikatzen ez ezik, bere esperientzia asko ere biltzen ditu.[10] Ondoren Coco, The Testimony of Black and White (2011) garatu zuen, formatu handiko 35 erretratuz osatutako seriea, modaren munduan eragin handieneko pertsonaia batena.[11]A Portrait of Human Knowledge (2012) seriearekin, artistak aurreko bildumetan egindako lanari jarraipena ematen dio eta azken 150 urteotako ezagutzaren ikono garrantzitsuenetako batzuk erretratatzen ditu, hala nola Stravinsky, Nureyev, Marie Curie, Billy Holiday, Federico Garcia Lorca, Rudolf Steiner edo Sigmund Freud.[12]
The Trilogy of the Doubt (2013) botereaz, injustiziaz eta ezjakintasunaz hitz egiten duten gai sozialei buruzko triptikoz osatutako bilduma da.[13]Dried Tear (2013) erretratu bildumak asiar kulturarekiko duen lilura eta mirespena adierazten du,[14] eta The Black Tulip seriea (2014) Herbehereetako ikur nazional ospetsuenetako batean inspiratuta dago.
Blind Mirror bildumarako (2015) kultura eta erlijioa bezalako gaiak aztertzen ditu, giza historian eragin handieneko erlijio batzuei erreparatuz.
Bere diru-sarrerekin, “Arnive” fundazioa mantentzen du beharra duten umeei laguntzeko, bere hitzetan “gizartearen alde ahaztuena”.[15]
Beste erakusketa aipagarri batzuk: Trilogy of the Doubt (2013) Bartzelonako Vila Casas Fundazioan eta Holandako Den Bosh-eko NoordBrabants museoan; Here to Stay (2014) Seulgo Arte Zentroan; Black Tulip (2014) Tokioko (Japonia) State Visit Okura hotelean; eta Blind Mirror (2015) Suediako Hudiksvalleko Halsingland museoan.
2017an bi erakusketa egin zituen Espainian; Bartzelonako Vila Casas Fundazioan Retrospective,[18] eta A Coruñako MAC Gas Natural Fenosako Testimonio.[19]
2019an, Zaragozako Goya Museoko La victoria del silencio erakusketak Lita Cabelluten 40 lan erakutsi zituen, herrialdean lehen aldiz ikusgai jarri zirenak.[20][21]
Sariak eta Aitortzak
2011an, Pintura eta Arte Plastikoetako Ijito Kultura Saria jaso zuen Ijito Kulturaren Institutuaren eskutik.[22]
2015ean, Artprice aldizkariak bere artisten 'top 500' zerrendan sartu zuen, 333. postuan.[23]
2015ean, Fundazio Privada de les Arts i els Artistes-en Figurative Awards sarietako epaimahaian parte hartzera gonbidatu zuten.[24]
2017an, IX Time Out Barcelona Saria irabazi zuen.[25]
2018an, Arteen 'Fuera de serie' saria jaso zuen.[26]
2020an "2021eko Urteko Artista" izendatu zuten Herbehereetan.[27]