Langilea eta kolkhoztarra (errusieraz: Рабочий и колхозница) Vera Mukhina sobietar eskultoreak, 1937an altzairu herdoilgaitzez egindako 24,5 metroko estatua da. Eskultura estilo errealista sozialistaren adibide bat da. Langileak mailu bati eusten dio eta kolkhoztarrak igitai bati, igitaiaren eta mailuaren ikur komunista eratuz. Langileak industriako langileak ordezkatzen dituen bezala, kolkhoztarrak nekazariak ordezkatzen ditu. [1]
Historia
Eskultura, jatorrian, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketako sobietar pabiloiaren pieza zentrala izateko sortua izan zen.[1] Antolatzaileek sobietar eta alemaniar pabiloiak bata bestearen parean jarri zituzten.[1] Albert Speerrek, alemaniar pabiloiaren diseinuaz arduratzen zenak, sobietar planaren isilpeko zirriborro bat lortu zuen azoka zegoen tokiaren ikuskapen batean. Sobietarren plana "Figura bikote bat... garaile joaten Alemaniako pabiloirantz" izateak txundituta utzi zuen.
Mukhinak Tiranizidak, Samotraziako Garaipena eta Parisko Garaipenaren Arkuan ageri den Marseillesa deituriko eskultura multzoaren moduko klasikoetan oinarritu zen, erakusketan errealismo sozialistaren konposizio fidagarria emateko.[2] Mendebaldetik ekialdera zihoazen bi irudien sinbolismoa ez zen oharkabean pasa ikusleentzat.[3] 1941ean, eskulturak lehen Stalin sarietako bat eman zion Mukhinari.[3]
Parisko Nazioarteko Erakusketaren ostean Moskura eraman zen, Estatuaren Erakusketa-Tokira.[4] Eskultura bere lekutik kendu eta 2003an zaharberritu zuten, 2010eko Nazioarteko Erakusketarako prestatzeko. 2005ean bere itzulera planeatu zen, baina zaharberritze prozesua atzeratu egin zen finantzazio arrazoiengatik, Nazioarteko Erakusketa ez bai zitzaion Moskuri eman. 2008an bere lekura itzultzea pentsatu zen, baina 2009ko azarora arte ez zen berriz inauguratu.[5] Zaharberritutako estatuak oinarri berri bat du, bere altuera osoa 34.5 metrotik (aurreko oinarriak 10 metro zituen) 60 metrora handitu zuena (oinarri berriak 34.5 metroko altuera du).[6]
Herri-kulturan
1947an Langilea eta kolkhoztarra Mosfilm zinema estudioaren logoa izateko aukeratu zuten.[7] Red Heat filmaren hasierako kredituetan ikus daiteke, baita Mosfilm estudioak berak estreinatutako pelikula errusiar askotan ere.
2014ko Neguko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian, Sotxin, Errusian, estatuaren mugimenduzko erreprodukzio erraldoi bat aurkeztu zen, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo sobietar gizartea irudikatzen zuena.[8][9]
Euskal Herrian Oliba Gorriak musika taldeak estatuaren irudia erabili izan du kartel eta kamiseta ezberdinetan.[10]
Erreferentziak
Kanpo estekak