Laboral Kutxa

Laboral Kutxa
EsloganaBada beste modu bat
MotaAurrezki kutxa
SektoreaFinantza
Sorrera2012 (fusioa)
EgoitzaArrasate (Gipuzkoa)
MerkatuakEspainia
Webguneahttp://www.laboralkutxa.eus

Laboral Kutxa kreditu kooperatiba bat da, finantza-erakunde biren fusioaren emaitza: Caja Laboral Sociedad Cooperativa de Crédito batetik (Caja Laboral edo Euskadiko Kutxa izenez ezaguna) eta Ipar Kutxa Rural Sociedad Cooperativa de Crédito (edo Ipar Kutxa). Fusioaren egitasmoa 2012ko martxoan jakinarazi zen,[1] eta urte bereko azaroan gauzatu.[2][3] Hala ere, erakunde berriaren izena ez zen 2013ko apirilera arte aurkeztu.

Historia

Caja Laboral - Euskadiko Kutxa

Laboral Kutxaren bulego nagusiak, Arrasaten

Caja Laboral - Euskadiko Kutxa 1959an sortu zen, jendartean aurrezkirako joera bultzatu eta baliabide ekonomiko horiek Jose Maria Arizmendiarrietak sustatutako enpresa kooperatiboetara bideratzeko. Arizmendiarrieta apaiz gisa iritsi zen Arrasatera 1941ean eta handik urte gutxira, demokratikoki antolatutako eskola profesionala sortu zuen, Debagoienako gazteentzat (gaur Mondragon Goi Eskola Politeknikoa). Berehala, eskola horretako bost ikaslek ULGOR sortu zuten (egungo Fagor Electrodomésticos), berogailuak egiteko kooperatiba txikia eta momentu horretan Mondragon Korporazioaren lehen hazia jarri zuten. Berehala sortuko ziren Funcor (egungo Fagor Ederlan), Arrasate (egungo Fagor Arrasate) eta San Jose Kontsumo Kooperatiba (gaur egun Eroskiren parte da). Enpresa horiek sortu zuten Euskadiko Kutxa.

Mondragon Korporazioaren sorreran ez ezik, haren bilakaeran ere berebiziko garrantzia izan zuen Euskadiko Kutxa. Bere Enpresa Dibisioa enpresa askoren hazitegi bilakatu zen eta 1970eko hamarkadan, Mondragon Taldearen etekinen kapitalizazioa sustatu zuen eta desindustrializazioak zein 1973 eta 1979ko energia-krisialdiek astindutako kooperatibei kreditu bigunak eman zizkien. Euskal Herrian langabezia tasa %20tik gora zegoen garaian, Euskadiko Kutxa “libreta edo maleta” goiburua erabili zuen, behartutako migraziora ez jotzeko aurrezkiaren garrantzia azpimarratuz.

Kreditu kooperatiba izateaz gain, langileen kooperatiba zenez, beharginek enpresan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra zuten Euskadiko Kutxan, kooperatibak berak erabakitako organoen bidez. Ipar Kutxarekin bategiteko unean Euskadiko Kutxa Mondragon Korporazioaren Finantza Alorrean integratuta zegoen eta 1.887 langile zituen, 21.536 miloi eurotako aktiboa, 1.200.000 bezero eta 367 bulego Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan, Aragoin, Errioxan, Gaztela eta Leonen, Kantabrian, Asturiasen eta Madrilen.

Europan, Euskadiko Kutxa izan zen kudeaketaren kalitatea saritzen duen Urrezko ‘Q’ izendapena jaso zuen lehen finantza erakundean. Gainera Lan Arriskuen Prebentzioaren alorrean OHSAS 18001 izendapena jaso zuen, osasunaren eta lan segurtasunaren alorrean ezarritako araubideei esker. Konpromiso etikoak ere hartu zituen nazioartean, besteak beste, 2006an Nazio Batuen Erakundearen Mundu Mailako Hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen horretan agertzen diren konpromisoen bilakaera urtero agertzen zen erakundearen Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren txostenean.

Ipar Kutxa

1985. urteko udazkenean sortu zen Bilbon Caja Rural Provincial de Vizcaya izenekoa, Bizkaiko abeltzainen kooperatiba bik bultzatuta, batik bat. Beyena zen lehena, esnearen sektoreko abeltzainak biltzen zituena. Haren bulegoetan hasi zen finantza-erakundea lanean, hain zuzen. Bigarrena, aldiz, Uteco, nekazarien kooperatiba zen. 1980. urtean erakundeak izena aldatu zuen eta Caja Rural Provincial de Vizcaya, Sdad. Coop. Cto. Ltda deitzera pasatu zen. Gorabehera ekonomikoak pasa zituen tarte horretan, Beyenak zituen arazo ekonomikoek bultzatuta, baina Espainiako Bankuaren esku hartzearen ondotik kaudimena berreskuratu zuen. Orduan bilakatu zen Baserritarren Kutxa (gaztelaniaz Caja Rural Vasca) eta orduantxe hasi zen Bizkaiatik kanpo hedatzen.

1997. urtean berriz aldatu zuen izena (Caja Rural Vasca S. Coop de Crédito deitu zen, nahiz eta Baserritarren Kutxa marka mantendu) eta Bankoa finantza-erakundearen kontrako Eroste Eskaintza Publikoa egiten saiatu zen, arrakastarik gabe. 2003an Gipuzkoan lehen bulegoak zabaldu zituen eta Ipar Kutxa izena hartu zuen.

Bat egitearen unean, Ipar Kutxak 3.967 milioi eurotako aktiboak zituen, 87 bulego (Bizkaian eta Araban nagusiki, baina baita Gipuzkoan ere), 175.000 bezero eta 397 langile.

Fusioa

2012ko martxoan Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat egingo zirela jakinarazi zuten.[4] Honako helburu hau aitortu zioten bat egiteari: “Aliantzaren helburua da gizarte-ekonomiako finantza-entitatearen proiektu bat indartzea, ari den merkatuei finantza-zerbitzuak eta segurtatze-zerbitzuak ematera bideratuta. Hori lortzeko, Estatuko finantza-sistemaren gaurko bankarizazio prozesuarekiko eredu alternatibo batean oinarritzeko borondatea dago”. Fusioaren ondoren sortuko zen erakundea Euskal Herriko lehen kreditu kooperatiba izango zen, Euskal Herriko hirugarren finantza-erakundea (Kutxabank eta BBVAren ondotik) eta Espainiako Estatuko bigarren kreditu kooperatiba. Erakundeen kalkuluen arabera 750.000 bezero izango zituen Euskal Autonomia Erkidegoan, 110.000 Nafarroako Foru Erkidegoan, eta 1.300.000 baino gehiago guztira.

Bat egite mailakatua egitea erabaki zuten bi erakundeek, bezeroei ahalik eta enbarazu gutxien egitearren. 2012ko martxoa eta azaroa bitartean erakunde arteko komisioak desagertu ziren, esate baterako. Langileei dagokienez, bi erakundeek aurretiko erretiroak egingo zirela jakinarazi zuten. Zerbitzu informatikoak eta bestelakoak urte eta erdian zehar joan ziren bateratzen, Caja Laboral - Ipar Kutxa izenpean, eta 2013ko apirilaren bukaeran eman zen ezagutzera marka berria: Laboral Kutxa.

2014ko azaroaren 11ean, Fitch agentziak 'BBB+' kalifikazioa ezarri zion Laboral Kutxaren zorrari[5].

Datu ekonomikoak

Laboral Kutxa Euskal Herriko lehen kreditu kooperatiba da, Euskal Herriko hirugarren finantza-erakundea (Kutxabank eta BBVAren ondotik) eta Espainiako Estatuan dagoen bigarren kreditu kooperatiba. 750.000 bezero inguru ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, 110.000 Nafarroako Foru Erkidegoan, eta 1.300.000 baino gehiago guztira. 2.500 langile ditu, 24.564 milioi euro inguruko negozioa, 650 milioi euroko gizarte-kapitala eta 1.379 milioi euroko funts propioak.

Administrazioa

Aurreko bi erakundeak bezala, Laboral Kutxa kreditu kooperatiba da eta, beraz, kreditu-erakundeen araubidea jarraitzeaz gain, kooperatibak arautzen dituzten legeak ere jarraitu behar ditu.[6] Funtsean horrek zera esan nahi du, edozein finantza-erakundek bezala aktibo zein pasiboekin operazioak egin ditzakeela eta bezeroei zerbitzua eman, baina bazkideen beharrak aurretik jarrita. Besteak beste, kreditu kooperatiba batek ezin ditu bere baliabideen %50a baino gehiago hirugarrenekin operazioak egitera bideratu. Eta, jakina, kooperatiba den neurrian bere langileak bazkide ere badira eta Asanblada Nagusian boto eskubidea dute.

Erakundearekin lotura estuena duten bezeroak ere bazkide izan litezke: 2013ko otsailetik aurrera 2.000 euroko gutxieneko inbertsioa egiten duten bezeroei gizarte-kapitalean parte hartzeko eta kooperatibista txiki bihurtzeko aukera zabaldu zitzaien.

Honako pertsona hauek osatzen dute Laboral Kutxako zuzendaritza:

  • Presidentea: Adolfo Plaza (2024tik), Txomin García[7] ordezkatuz.
  • Zuzendari Nagusia: Xabier Egibar[8]

Bulegoak

Laboral Kutxak 400 bulego inguru ditu, honako lurralde hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa Garaia, Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon, Kantabria, Asturiasko Printzerria eta Madril.

Bulego zentralak eta egoitza soziala Arrasaten ditu, Olandixo mendi magalean, Jose Maria Arizmendiarrieta etorbidean. Banku jarduera izan eta Gipuzkoan egoitza duen erakunde bakarra da.

Marketing eta Komunikazio alorrak

Hedabideen bidez egiten duen komunikazioaz gain, Laboral Kutxak bere webgunea[9] eta haren albiste atalak zein prentsa-aretoa erabiltzen ditu bere jardueraren berri emateko. Gizarte sareetan ere badago, Twitterren eta Facebooken.

Irudi korporatiboari dagokionez, fusioak iraun zuen urte eta erdian, Laboral Kutxak bi finantza-erakundeen izena erabili zuen (Caja Laboral Ipar Kutxa) eta haien koloreen nahasketa: Caja Laboralen gorri-morea eta Ipar Kutxaren lima-berdea. Euskadiko Kutxak urteetan giltza erabili zuen bere irudi korporatiboaren elementu nagusi,[10] eta Ipar Kutxak, aldiz, bere izena huts-hutsean edo haren laburdurak.[11] Laboral Kutxaren irudiak bien elementuak hartu zituen: kolore berde-lima eta gorri-morea, batetik, eta Euskadiko Kutxaren giltza, bestetik.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak