La Verna izeneko kobazuloa (zuzenagoa litzateke gela esatea) ZuberoakoUrdatx / Santa Grazi udalerrian kokatua dago, eta San Martin Harriko lurrazpiko sistemaren partea da. 1953. urtean aurkitu zuten eta 2010eko udan ireki zen publikoak bisita zezan.
Neurriak
La Verna munduan bisita daitekeen gela handiena da. Tamainari dagokionez, 194 metro altu eta 245 metro zabal, 5 hektareako azalera eta 3,6 milioi metro kubikotako espazioa ditu.[1]
Dimentsio hauekin hobeto jabetu gaitezke kontuan hartzen badugu 2003 urtean globo aerostatiko bat hegaldatu zela La Vernan, barruan lau pertsona zituela.[5]
Toponimia
Gelaren izena berau aurkitu zuten Lyoneko espeleologoengandik dator. Daniel eta Pierre Eppely, Michel Letrône, Louis eta Georges Ballandraux “Clan de La Verna” eskaut taldeko kideak ziren, eta 1952etik San Martin Harriko Sistemaren esplorazioetan ari ziren (Marcel Loubensen erreskate saiakeran parte hartu zuten).[6]
Geomorfologia
San Martin Harriko Sistema urak kareharria disolbatzean sortua da. Saint Vincent izeneko ur korrontea eskisto geruza iragazgaitzaren gainean irristatuz doa, harik eta La Verna gelan harri mota aldatzen den arte. Honek zorua hondoratzea ekarri zuen (duela 194.000 eta 211.000 urte artean) eta, gaur egunean, puntu horretan ibaia 100 metrotako ur-jauzian erortzen da; aurreko horman, oraindik jatorrizko ubidea ikus dezakegu (Aranzadi Galeria). Gela barreneko harrien artean iragazi eta gero, Saint Vincent ibaia 1500 metro beherago ateratzen da lurrazalera, Bentako urbegian (Urdatx – Santa Grazi).[7]
La Verna gelaren tamaina hain da handia, ezen Herziniarreko diskordantzia ere gainditzen duen. Leizearen behealdean modu ia bertikalean agertzen dira Devoniar garaiko arroka kalkareoak eta horien gainean Karboniferoko pelitak. Diskordantzia bat eginez, orogenia herziniarrekoa, Santoniar garaiko kareharriak agertzen dira. Guztiaren gainean Kuaternarioko arrokak daude nonahi.[3]
Ikerketaren historia
1950 eta 1956 artean, Fernand Ravier hidrogeologoak Larra inguruko uren ikerketa egin zuen EDF enpresa hidroelektrikoaren enkarguz. Mendi multzoa zeharkatu behar zuten lurpeko ibaien nondik norakoa deduzitu zituen, bere semeen izenak emanaz: Saint Vincent eta Saint Georges. Max Cosynsen gidaritzapean, espeleologoek Ravierren ikerketa hauek jarraitu zituzten; horrela aurkitu zuen Georges Lepineuxek San Martin Harriko Sistemaren lehen leizea, 1950ean.[8] “Lepineux Leizea” 1951ean jeitsi zen, eta -340 m. neurtu ziren: artean munduko bertikalik handiena.[9]1952an kobazuloaren esplorazioarekin jarraituz -550eko kotaraino iritsi ziren,[10] Marcel Loubens istripuan hil zenean.[11]
1953 urtean berrekin zitzaion esplorazioari; espeleologoek, erreleboka, Saint Vincent ibaia beherantz esploratzen aritu ziren; abuztuaren 13an Georges Lépineux, Jimmy Théodor, Daniel Eppely, Michel Letrône eta Georges Ballandraux La Verna gela aurkitu zuten; -734ko sakonera neurtu zuten, artean munduko leizerik sakonena.[6]
Jacques Labeyriek La Vernako ur-jauzi handia hidroelektrikoki aprobetxatzeko aukera zegoela ikusi zuen, eta Norbert Casteretek EDF-ri proposatu zion; interesa agertu zuten, eta hauxe izan zen 1956 urtean tunela zulatzen hasteko motiboa.[12] Halere, 1953ko topografia ez zen zehatza (brujulaz eta zinta metrikoz egin zen) eta ez zuten La Verna aurkitu, beste kobazulo bat baino (Arphidia); tunela zulatzeko lanak eten ziren.[13]
1960an, Euskal Espeleologoen Elkargoaren V Jardunaldien baitan, Lepineux leizetik La Vernarainoko topografia berregin zen, prezisiziozko materialarekin (teodolitoak). Espeleologo frantziarrak eta espainiarrak elkarlanean aritu ziren, EDF eta bi herrialdeetako Armaden kolaborazioarekin. Espedizio honetan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, La Vernaren geologia aztertuz, 100 m altueran gelak jarraipena izan behar zuela ondorioztatu zuten[14] (1961ean aurkituko zuten Aranzadi Galeria, alegia).[15] Topografia honekin tunela zulatzeari berrekin zitzaion, eta abenduan La Vernara ailegatu ziren.[9]
7 urtean zehar, EDF Saint Vincent ibaiaren ur debitoa erregistratzen aritu zen; 1967an nahikoa ez zela ikusi zuten (artean elektrizitate ekoizle handiek ez zuten mikrozentraletan interesik). Horrela, proiektua bertan behera gelditu zen eta urte askoan tunela esplorazio espeleologikorako baino ez zen erabili.[12]
2000. urtean SHEM elektrika enpresak ura hartzeko egitasmoa bere gain hartu zuen; horren ondorioz, gaur egunean ezagutzen dugun instalakuntza proiektatu eta burutu zen. Gelatik metro kubiko bat ur hartzen da, eta honek Santa Grazin elektrika zentrala elikatzen du. Bidea eta tunela ere konpondu dira, La Vernan pasarela eraikiz. Herriaren baliabideak erabiltzeagatik enpresak Helburu Bakarreko Herri Elkargoari (SIVU delakoa) ematen dion diruari esker harpea bisitatua izan ahal izateko moldaketak egin dira (orotara 900 000 euro), eta 2010. urtetik aurrera La Verna publikoarentzat irekia da, 64 Departamentuko Espeleologia Komitearen ardurapean.[16][2][1][17]
Gaur egunean, San Martin Harriko Sistemako esplorazioek aurrera jarraitzen dute, La Verna gelakoak barne.[18]
Hasierako urteetan, La Vernako azterketa bioespeleologikoa Michel Cabidochek eraman zuen, Madeleine Guillemet emaztearen laguntzaz. Gelan bost estazio instalatu zituzten, lau urtez datuak hilero jasoaz.[20] Lan berritzailea izan zen, in situ egindako lehen ikerketa bioespeleologikoa izan baitzen (ordura arte mota horretako jarraipenak laborategian egiten ziren).[21]
↑ abLignier, Vincent. [planet-terre.ens-lyon.fr/image-de-la-semaine/Img251-2008-11-10.xml Discordance hercynienne dans la salle de la Verna, gouffre de la Pierre Saint Martin (Arette - Aramits - Sainte Engrâce, Pyrénées Atlantiques). ] (Noiz kontsultatua: 2017-IX-28).