Katedral gotikoaarkitektura gotikoaren erakusgarri gorena da, bertan aurki baitaitezke arkitektura pentsamolde honen ezaugarri nagusiak.
Aurrekariak
Erdi Aroan, edertasunaren kontzeptua, splendor veritatis delakoarekin guztiz erlazionatuta zegoen; hau da, arkitektura, egia unibertsala bereganatzeko tresna zen, ilusioan jausi gabe.
Arte gotikoa, beste arteez ezberdintzen duena, argiaren erabilpena eta forma eta funtzioaren arteko harreman zuzena da. Hortaz, eraikuntza gotikoak guztiz gardenak eta diafanoak dira. Hauetan, sistema arkitektonikoa da protagonista (estetika arkitekturaren menpe dago). Geometriak zuzentzen du traza gotikoa. Grafismo geometrikoa edo printzipio geometrikoak arduratzen dira eraikuntza gotikoaren egitura edo hezurdura antolatzeaz.
Katedral gotiko edozeinek, JerusalemZerutiarraren ideia irudikatzen zuen, eliza erromanikoak bezala; hala ere, erakusteko era eta arrazoiak ezberdinak izan ziren. Katedral gotiko guztietan, geometriaren legeak nagusitzen ziren, Villard Honnecourtekoa izeneko arkitekto gotikoak bere tratatuan argi utzi zuen bezala.
Suger ospe handiko abadea izan zen bere gaitasun anitzengatik. Irudimen handia izan zuen eta bizitzaren arlo guztietan zerbait esateko izan zuen beti (erlijioan, politikan, administrazioan, ekintza militarretan eta noski, arkitekturan). Garaiko errege Luis VI.aren aholkularia izandako honen nortasuna aski islatu zen Saint-Denisko abadian.
San Denis protagonista garrantzitsuenetariko bat dugu. Frantziako patroia zenez gero, santurik ospetsuena zen. Bere erlikiak bere izeneko abadian gordeta zeuden. Hortaz, Saint-Denisko abadia hura Frantziako erromesaldi gunerik bisitatuena zen. Gainera, 1124tik aurrera, Lendita (Frantziako jaialdi erlijioso bat) ospatzen hasi zen bertan. Hau egundoko diru sarrera izan zen abadiarentzat, egun horretan feria handi bat eratzen baitzen Saint-Denisen. Denis santuaren erlikietaz aparte, Karlomagno erregeak Lur Santutik ekarritako Nekaldiaren erlikiak gordeta omen zeuden ere. Suger abadeak guzti hau aprobetxatu zuen kondaira patriotikoak idazteko, kronika historikoak balira bezala. Ondorioz, abadiak geroz eta ospe gehiago hartuz joan zen.
San Denisko katedral berria kontuan izan behar dugu. Suger eraikuntza berri bat egiteko beharrean aurkitu zen, gero eta erromes gehiago mugitzen baitzen bertara. 1124tik aurrera proiektu berrirako dirutza biltzen hasi zen. 1140an burualdea eraikitzen hasi zen. Sugerrek jakituria teknikoak ez zituen arren, berritze arkitektonikoen alde apostua egin zuen eraikuntza honetan. Gotikoaren ernamuina Sugerrek bere barnean zeramatzala esan daiteke. Hiru fasetan eraiki zen Saint-Denis berria, aurreko eliza karolingiarra bota ondoren. Lehendabizi, mendebaldea eraiki zen; ondoren burualdeari ekin zioten (burualde argitsu bat lortuz); azkenik nabe nagusia proiektatu zuten (Suger hil eta gero bukatu zen). Esan daiteke, sistema metafisikoak, diseinu artistikoa zeharo eragindu zuela eraikuntza honetan. Sugerri esker izan zen hau. Abade honek, normandiar arkitekturaren zenbait ezaugarri bereganatu zituen eta Saint-Denisen islatu: Porta Caeli kontzeptua esaterako (mendebaldeko sarrerari garrantzia eman eta ez honen dorreei) edo gurutze gangaren erabilpena. Proventzatik, ikonografia hartu zuen (Azken Epaiketaren gaia). San Bernardok zer egina izan zuen baita Sugerren proiektu arkitektonikoan: eraikuntzari sinbologia edo espiritualitatearen zentzua ematea. Sugerren nahia izan zen, eraikuntza miresgarri hori begi fisikoekin ikusi ordez, “arimaren begiekin” ikustea, benetako eta azkenengo egia somatu ahal izateko. Baina zalantzarik gabe, elizgizon honen benetako berritzapena, argiaren erabilpena izan zen. Mirespen hau, ezaguna den Pseudo-Aeropagitatik zetorkion. Teologo horren influentzia jasan zuen eta hortaz, Saint-Denis beiratez bete zuen, gune sakratu batean bihurtuz. Arkitektura mistiko bat martxan jarri zuen. Katedral horretan, sistema proportzionalak eta lumenarekin erlazionatutakoak elkar nahastu ziren eta Suger, “teologia eraikitzen zuen arkitekto” batean bihurtu zen. Azken finean, Sugerrek ez zituen Gotikoaren formak asmatu, baina bai sinbolismo teologiko indartsu bat eman forma horiei. Hori izan zen Gotikoaren arrakastaren arrazoia Frantzian. Espiritu eta estilu berri hau, ondorengo katedral guztientan aplikatu zen: Chartres, Reims, Amiensen...
Katedralaren maketa
Triforioa eta beirateak
Albo fatxadako hormabularrak
Fatxada nagusia
Sensko katedrala
Sensko katedrala, lehenengo katedral gotikotzat hartzen da, 1130 ingurukoa. Honetan ezaugarri gotikoak jadanik aurki ditzakegu: gurutze gangak, nerbioen batasun sentsazioa (lurretik aterata baleude) edo altxaera hirukoitza triforio faltsuarekin (borgoinar eragina), besteak beste.
Henrike artzapezpikuaren garaian eraiki zen. Honek harremanak mantendu zituen Saint-Denisko Suger eta Chartresko Godofredo gotzainarekin. Ez da harritzekoa hiru hauek Gotikoaren triumvirumak izendatuak izatea.
hego fatxada
Barnealdea
Absideak
Chartresko katedrala
Chartresko katedrala gotikoaren lehenengo fase haren gailurra izan zen. 1194an egondako sutearen ondoren eraiki zen Chartresko Notre Dame berria. Honi esker posiblea izan zen Mariaren gurtzarekin jarraitzea, Chartres baitzen Ama Birjinaren egoitza edo “palatium”a. Sutearen ondoren, mirarizko era batean, Maria Birjinaren sancta camisia edo tunika sakratua aurkitu zen erre gabe eta hortaz, Notre Dameko katedral berri horrek ospe handiagoa lortu zuen.
Eraikuntza berria egiteko dirua, azoka edo ferietatik atera zen. Chartresen lau feria garrantzitsu zeuden urtero, Mariaren bizitzaren pasarteekin elkartuak zeudenak (Purifikazioa, Deikundea, Jasokundea eta Jaiokundea). Erromes eta merkatari anitzak elkartzen ziren horietan eta dohaintzak, izugarriak ziren. Azoka hauek interes erlijiosoak izateaz aparte, interes ekonomikoak zituzten. Chartres berria, Renaud Mouçonekoa izeneko gotzainaren zuzendaritzapean eraiki zen. Lehen aipatutako azokei esker eta baita Chartres hiriko esfortzu ekonomikoari esker, eraiki ahal izan zen, Ama Birjinaren Egoitzan ez ezik, izaera nazionaleko monumentu batean bihurtuz.
1194tik1220 arte iraun zuen proiektu honek. Aurretik, Fulberto gotzainak egindako katedralaren gainean eraiki zen, horren mendebaldeko fatxada eta kripta aprobetxatuz (Errege Ataria eta kripta ez baitziren erre). Chartresko Eskolako intelektual eta eruditoek eman zioten izaera eta nortasuna katedral berri honi. Arkitekturaren funtzio “anagogikoa” gauzatu zen honetan; hau da, forma estetikoek zentzu mistikoa izan zuten. Chartresen ere, Villard Honnecourtekoak bere saiakeran aipatzen duen bezala, printzipio geometrikoak aplikatu ziren, garaiko ideia metafisiko eta kosmologikoen eskutik.
Ez da Chartresko maisuaren (arkitekto edo hargin buruaren) izena ezagutzen; hala ere, eraikuntza hau daukagu bere sinadurarik argiena. Deanbulatorio bikoitzak, gurutze gangak, kontrahormak, arbotanteak, hiru mailako altxaera eta beste zenbait elementu aurki ditzakegu honetan. Lehengo aldiz, piliers cantonnés erabili ziren (lau kolomatxo erdiko pilarea inguratuz osatutako euskarria). Hauekin Gotikoaren batasuna edo homogeneitatea hobeto lortzen zen (ez baitzen euskarriaren erritmoa apurtzen). Baina gehien hunkitzen zuen elementuak Chartresen, argiaren erabilpena izan zen. Murrua guztiz desmaterializatua aurkeztu zigun Chartresko maisuak. Beirate hauetan datza katedralaren edertasuna. Guzti honen ondorioz, katedral hau, lehen aipatu egia unibertsalaren kontenplaziorako sinboloa izan zen. Lehenengo katedral gotiko klasikoan bilakatu zen, bai eta Erdi Aroko arimaren islan ere.