Artikulu hau sukaldariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Argiñano (argipena)».
Karlos Argiñano Urkiola,[1] nazioartean Karlos Arguiñano grafiaz ezagunagoa, (Beasain, Gipuzkoa, 1948koirailaren 6a) sukaldari, aktore eta enpresaburu euskalduna da. Haren sukaldaritzako telebista saioek arrakasta handia izan dute 1990az geroztik, Argiñano -goi sukaldaritzaren ordezkari izanagatik- elitismorik gabea, zuzena eta maitekorra delako, beti txiste bat prest duela.[2]Zarautz udalerrian dagoen Karlos Arguiñano jatetxearen jabea da.
Pilotazalea da; Baiko enpresaren sortzaile eta jabeetako bat izateaz gainera, maiz ageri da pilotalekuetan, eta pilotalekua du bere etxean bertan.[3]
Biografia
Goierri eskualdeko Beasain udalerrian jaio eta hazi zen. Han, oso umetan sortu zitzaion sukaldean aritzeko zaletasuna, halabeharrez sortu ere. Lau senidetatik zaharrena, txikitatik etxeko lanetan —besteak beste, sukaldeko lanetan— aritu behar izan zuen, ama elbarri baitute.[4]Lazkaoko Beneditarren ikastetxean egin zituen Lehen Hezkuntzako ikasketak. Maisutza Industrialeko ikasketak egin ondoren, txapista lanetan aritu zen Beasaingo tren fabrikan (CAF).
Hamazazpi urterekin Zarauzko Euromar hotelaren ostalaritza eskolan matrikulatu zen (geroztik, Zarautzen bizi da). 1970ean, Zarauzko golf klubeko jatetxeko sukaldeko buru gisa kontratatu zuten; 1972an, jatetxe hartako sukaldean lagun izan zuen Luisi Ameztoyrekin ezkondu zen;[5][6] eta 1978. urtean Zarautz udalerriko Aiala jauregianKarlos Arguiñano jatetxea ireki zuen. Hortik hartuko zuen, hain zuzen ere, 1996an Zarautzen bertan sortu zuen Aiala ostalaritza eskolaren izena.[7]
Argiñano 1990ean hasi zen ospea hartzen; ETB 1ean, beste zenbait sukaldarirekin batera, Hasier Etxeberriak zuzendutako Hamalau euskal sukaldari saioan aritu eta gero,[2]ETB 2 telebista katean saio bat eman zioten hilabeterako, probaldi gisa. Geroztik arrakasta handia izan dute Karlosen saioek, lehendabizi Euskal Herrian, gero Espainian, eta geroago munduko beste zenbait tokitan ere, hala nola Argentinan. Telebista saio horiek Orion grabatu ohi ditu.[8]
2000. urtean, lehendabiziko aldiz, bere bakarkako sukaldaritzako saio horiek euskaraz egin zituen, ETB 1ekoOtorduan, Karlos Argiñano telebista saioarekin. Ordurako 3.500 saio eginak zituen; bakarkako saioak, telebistaren ikusleen begietan, baina talde zabal baten laguntzaz prestatuak eta eginak, Karlos Argiñanok behin baino gehiagotan nabarmendu duenez.[2]
Karlos Argiñanok munduko herrialde askotara zabaldu du Euskal Herriko sukaldaritza. Sukaldaritza ikastaro eta hitzaldi anitzetan parte hartu du, eta makina bat sari jaso. Bere proiektuetan, lagun eta partaide izan du bere emazte Luisi Ameztoy; harekin sei seme-alaba egin ditu, eta beste bat adoptatu.[9]
Enpresaburu
Enpresa arloan, hotel-jatetxearen eta ostalaritza eskolaren sortzaile eta jabe izateaz gainera, Bainet Media ikus-entzunezko enpresa sortu zuen, bere telebista emankizunak eta liburuak argitaratzeko. Enpresa horrek berak argitaratzen ditu Juan Mari Arzaken eta Eva Argiñanoren (Karlos Argiñanoren arreba) liburuak ere. Hasierako enpresa horren inguruan, gainera, enpresa talde bat eratuz joan da Karlos, eta Bainet taldeak ikus-entzunezkoen hainbat eremu lantzen ditu: zinema, liburuak, webguneak, telebista emankizunak (Cocina con Bruno, Bricomanía, Decogarden, Frontón, Karlos Arguiñano en tu cocina, Hoy cocinas tú, 4 Estaciones, Lo + natural, Cose, corta, pinta, pega, Hogar tranquilo, 9 meses, Yo con vino, Cocina fusión, Decotendencias, Clínica veterinaria, Más que perros y gatos, Cocina Sana, El Jardín de Rocío, Todo tiene arreglo, eta abar), publizitatea, zerbitzu teknikoak eta abar. 2012an, guztira 300 enplegatu baino gehiago zituen Bainetek, Karlosek berak adierazi zuenez.[10]
Orobat, 1992an Asegarce pilota enpresa sortzen parte hartu zuen Karlos Argiñanok, eta enpresa horren jabeetako bat izaten jarraitzen du.[3]