Julian Gaiarre museo-etxea Nafarroako Erronkaribar haraneko Erronkari udalerrian dagoen museo bat da. Julian Gaiarre erronkariar opera abeslari ospetsuari buruzko museoa da eta antzina haren jaiotetxea egon zen lekuan dagoen gaur egungo eraikinean.
Kokalekua
Erronkariko herrigunean dago, Arana kalean.
Historia
1989an Julian Gaiarre Fundazioa sortu zen eta 1990ko urtarrilaren 2an museoa inauguratu zen, hain zuzen ere, Gaiarreren heriotzaren 100. urteurrenean. Fundazioaren egoitza eraikin berberan dago.
Museoa
Museoa Julian Gaiarre Fundazioarena da (Fundazioa Gaiarreren familiak, Erronkariko Udalak eta Nafarroako Gobernuak osatzen dute). Entitate honek erronkariar famatuaren memoria bizirik jarraitzen laguntzen duten tenorearen hainbat eta hainbat objektu pertsonal, oroigarri eta trofeo bildu ditu museoan.
Ikusgai dagoen bilduman dauden objetuen artean Gaiarrek Lucrecia Borgia, La Favorita, Il Trovatore eta Rigoletto operetan erabilitako jantziak, ileordeak, osagarriak, koroak edo metalezko apaingarriak daude. Horretaz gain, museoak partikularrek egindako dohaintzei esker etengabe aberasten ari den eta Gaiarreren nahiz opera munduaren inguruko dokumentazio ugari gordetzen duen prentsa- artxibo garrantzitsua du.
Museoa milaka pertsonek bisitatzen dute urtero. Horien artean, izan zuen oihartzunagatik bereziki aipagarria, 1998ko abenduaren 6an Alfredo Kraus kanariar tenoreak egindako bisitaldia dago.
Kanpo estekak