Pilotan sei urterekin hasi zen, Irurtzungo pilota eskolan. 14 urte betetzean, Iruñera joateko aukera sortu zitzaion, eta hara jo zuen: Iruñean bere adineko pilotari gehiago zebiltzan, eta hobetzeko aukera handiagoa zuen. Onenengandik maila bat azpitik ibiltzen zen. Hala ere, 2015ean gorakada handia egin zuen, bai eta Bizkaian amateurretako bi torneo irabazi ere (Lezamakoa eta Zaldibarkoa). Horregatik, 18 urte besterik ez zuela, profesionaletara iritsi zen 2016aren hasieran, Aspe enpresak kontratatuta.[3][4]
23 urterekin, lehendabiziko finalera iritsi zen,[5] bai eta garaile atera ere: Joseba Ezkurdiarekin batera irabazi zuen 2020ko binakako txapela, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea mendean hartuta.[6][7] Ezohiko txapelketa izan zen: COVID-19 pandemiaren eraginez, atzerapenak izan ziren; gero, Baiko enpresako pilotariek beren enpresak ezarritako lan baldintzen aurka egindako grebaren ondorioz, berriz atzeratu zen lehiaketa; eta, tartean, Julenek COVID-19aren gaitza hartu zuen.[8]