Juanita Ibaibarriaga Uriarte (Ermua, Bizkaia, 1934ko martxoaren 30a – Ermua, Bizkaia, 1992ko otsailaren 28a) euskaltzalea eta gizarte-ekintzailea izan zen. Haren omenez, Ermuko Euskal Birusa Elkarte Kulturalak Juanita Ibaibarriaga Literatur Saria sortu zuen 1992 urtean.
Bizitza
Juanita Ibaibarriaga Ermuko Iturriaganeko etxean jaio zen. Autodidakta eta irakurle amorratua, bere inguruan gertatzen zenaz jantzita egotea gustatzen zitzaion emakumea izan zen. Euskalzalea, Ermuzalea eta baita mendizalea ere: bere ibilbideetan, "Mendi" txakurtxoa lagun, basoko belarrak batzea zuen gustuko, haien sendatze ezaugarriak ondo ezagutzen zituelako.[1]
Lanak
Beste zenbait gurasorekin batera, Ermuko familia elkartean, Anaitasuna ikastola aurrera ateratzeko borroka egin zuen. Bere seme-alabei etxerako lanak egiten lagunduz, euskaraz irakurtzen eta idazten zaletu zen; eta, haiek koskortu zirenean, lan sozialak egiten ere hasi zen.[2] Juanitak herriko Euskal Birusa Elkarte Kulturalaren sorreran hartu zuen parte, Ermuko ohiturak eta abestiak berreskuratze kontuetan buru-belarri arituz.
Ermuko eta Mallabiko Drogetenitturri herri aldizkariaren hasierako zenbakietan kolaboratzaile gisa jardun zuen ere. Gauzak aurrera ataratzailea eta beti berbako, "Emon dot berbia, bai, eta egin bihar dot" zen bere lema.
Literatur lehiaketa
Ermuko Euskal Birusa Elkarte Kulturalak, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna sustatzeko asmoz, literatur lehiaketa bat antolatzea erabaki zuen. Lehiaketari izena jartzeko hainbat proposamen egon ziren; denen artean, Juanita Ibaibarriagarena nagusitu zen. Hortaz, 1992. urtean, Juanita Ibaibarriaga Literatur Saria sortu zuen. Gerora Ermuko Udaleko Euskara Sailak hartu zuen lehiaketa antolatzeko ardura, urtero-urtero deialdia eginez. Sari banaketa Ermua Antzokian egiten da, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatzen den ekitaldian. [3][4][5][6][7]
Herrian euskararen alde lan handia egin zuen Juanita Ibaibarriagak. Bere omenez gazte zein helduen artean euskaraz idazteko zaletasuna piztea helburu duen literatur sariak, modalitate bi ditu: bata Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5.eta 6. mailetako ikasleentzat; bestea, 16 urtetik gorakoentzat.[8]
Erreferentziak
Kanpo estekak