Josef Alois Krips (Viena, 1902ko apirilaren 8a – Geneva, 1974ko urriaren 13a) austriar musikari eta orkestra-zuzendaria izan zen.
Felix Weingartner eta Eusebius Mandyczewskiren ikasle izan zen eta 1921 eta 1924 artean Weingartnerren laguntzailea izan zen Vienako Volksoperrean. Ondoren hainbat orkestra zuzendu zituen, besteak beste, Karlsruherena 1926tik 1933ra. 1933an, Vienako Estatu Operako orkestraren zuzendaria izan zen. 1935ean Vienako Arte Ederren Akademiako irakasle izendatu zuten, eta 1935etik 1938ra Salzburgoko Jaialdiko orkestra zuzendu zuen.
1938an ihes egin zuen Austriatik, Anschluss gertatu zenean. Katoliko gisa hezi bazen ere, aita judua zuen. Belgraden ezarri zen eta urtebetez Bellgradoko Filarmonikan lan egin zuen eta ondoren janari fabrika batean.
1945ean Austriara itzuli zen eta Vienako Orkestra Filarmonikoaren eta Salzburgoko Jaialdiaren zuzendari izendatu zuten. 1950etik 1954ra Londresko Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen eta 1954tik 1963ra Buffaloko Orkestra Sinfonikoa. 1963tik 1970era San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoko musika-zuzendari izan zen, eta 1970etik 1973ra Vienako Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen.
1946an eta 1947an Vienako Urteberri eguneko kontzertua zuzendu zuen.