Itsaso Güemes Oiarbide

Itsaso Güemes Oiarbide

Bizitza
JaiotzaDonostia1976ko urriaren 22a (48 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaOiartzun
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
kazetaritza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta irrati-esataria

Itsaso Güemes Oiarbide (Donostia, Gipuzkoa, 1976ko urriaren 22a) kazetaritza eta komunikazio arloan jarduten duen herritarra da.

Bizitza

Ereñotzuko (Hernani, Gipuzkoa) Manoli Oiarbide Aranburu du ama (1937) eta Donostian (Gipuzkoa) jaiotako eta Miranda de Ebron (Burgos) hezitako Julio Güemes Ibrain zuen aita (1931-2009). Bost anai-arrebetan txikiena da bera.

Itsaso Güemes Donostiako Amara Berri auzoan hazi zen. Familia abertzalean hezia, Ikasbide Ikastolan eman zituen eskolako lehen urteak.

1989ko irailaren 16an, ETAko militantea zen bere osaba Juan Oiarbide Aranburu “Txilibitaren” hilketa, kolpe handia izan zen familiarentzat. Gertakari hark, saminari buruzko, bizitzaren injustiziari buruzko eta Euskal Herriaren askapen borrokari buruzko hausnarketa sakonak eragin zizkion 13 urte betetzear zen Itsaso nerabeari.

13 urtetik 18 urte bitarte Barandiaran Lizeoan burutu zituen Batxillergo eta UBI ikasketak. 1993Ko otsailaren 20an, Kontxi bere ahizpa zaharrena hil zen, 29 urte bete baino lehen. Heriotz honek, justizia ezaren sinismena sustraitu zuen Itsasorengan eta bizitzarekiko itxaropen galera handia, eta amorru bizia ekarri zion.

1995ean Bilbora lekualdatu zen EHUn Kazetaritzako ikasketak burutzeko. Ikasketei ekin eta berehala, bere lehen praktikak Zum edizioak enpresan[1] egin zituen Donostiako egoitzan, Urola-Garaiko, Goierriko eta Donostiako aldizkarietan parte hartuz.

1999ko ekintza Antiguako tunelean.

Militantzia

Itsasoren ekarpena[2]

Gaztetxoa zela, lagun giro berria eta militantzia politikoa uztartzen hasi zen, Donostiako Antigua auzoan. Euskal preso politikoen aldeko dinamiketan eta orohar, ezker abertzaleko eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzen jardun zuen, 2004ra arte.

Garai hartan, Donostiako Euskal Herritarrok talde politikoak argitaratzen zuen Beterrian aldizkariaren edizio eta koordinazio lanaren ardura izan zuen. 2003an Euskal Herritarrok talde politikoa legez kanpo uztean, Batasuna talde politikoaren izenean Beterrian aldizkaria argitaratzen jarraitu zen.

1999ko ekintza Antigua auzoan

2002an Udalbiltzan hasi zen lanean, Lapurdiko egoitzan, lehenik teknikari gisa eta ondoren prentsa eta komunikazio arduradun bezala. Halaxe aritu zen 2005eko otsailean Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu, inkomunikatu eta espetxeratu zuen arte, ETAko kide izatea leporatuta. Inkomunikazio epean torturak jasan izana salatu zuen.[2]

Lehenengo espetxealdia

Madrilen (Espainia) espetxeratu zuten eta ondoren Gaztela-Leongo (Espainia) espetxe batera lekualdatu zuten. 2 urtera, espetxeratze prebentiboa luzatu ala ez erabakitzeko epaitegiko bistan, fidantzapean aske geratu zen epaiketa bitarte, kontrol neurriekin (astero sinatu beharra eta Espainiako Estatutik ateratzeko debekuarekin).

Ezusteko kaleratzearen testuinguruan, Oiartzunera bizitzera joan zen 2007an. Eta urte horretan bertan, Oiartzungo Udalean hasi zen lanean udaleko aldizkaria egiteko. Gutxinaka ordea, iniziatiba propioz bere lan-eremua zabaltzen joan zen: batetik, prentsa ardura gehitu zitzaion bere lanari, Udal Gobernuaren (EAE-ANV) eta komunikabideen arteko zubi-lana eginez; bestetik, Oiartzungo Udalaren Komunikazio atala sortu zuen, departamentu guztien komunikazio beharrak gutxinaka atal honetara bideratuz eta beraz Oiartzungo Udalaren Komunikazio arloa era bateratuan eta koordinatuan kudeatuz. Politikoki legegintzaldi gora-beheratxua izan zen 2007-2011koa, izan ere aurreko legegintzaldian ezker abertzaleko hautetsiak Udaletik baztertuak izan ziren ilegalizazioaren ondorioz. Egoera desegonkor eta zaila izan zen 2007ko legegintzaldikoa, EAE-ANV-ren kontrako ilegalizazio mehatxua etengabea baitzen.

2009 urtearen hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionalean Madrilen, Itsaso eta beste auzipetu batzuen kontrako auzi judizialaren epaiketa heldu zen. 9 urteko espetxe zigor eskaera zuen. Hiru astetako zita judizial hartako lehen egunean baina, bera epaile aurrean deklaratzen ari zenean hain juxtu, bere aita hil zen, 77 urterekin.

Epaiketa amaitzean, sententzia zai geratu ziren auzipetuak. Espetxe-zigorra jasotzeko aukera handiak zituela sentituta, Oiartzungo Udalean lanean ordezka zezakeen pertsonaren bila hasi zen.

2009ko uztailean heldu zen epaia: 6 urteko espetxe-zigorra ETAri lagundu izanagatik. Epaia jakin bezain azkar, 4 urteko espetxealdian zehar lanean ordezkatuko zuen pertsonarekin transmisio-lana egin zuen.

Bigarren espetxealdia

2009ko irailean espetxera joan zen, 4 urteko espetxe-zigorra betetzera.

Euskal Herriko espetxe batean igaro zuen lehen hilabetea, baina handik segituan dispertsatu zuten Gaztela-Leongo beste espetxe batera. Bertan urtebete zeramala, moduloko emakume gehienek idatzizko eskaera bana egin zioten espetxeko zuzendariari, emakumeen modulo bakar, txiki, ilun eta hotzeko bizi-baldintzak hobetzeko eta duintzeko xedez (lanak zirela-eta eraman zituzten 5. moduloan geratu nahi zutela esanez).[3] Erantzuna ordea, gauzagarria zen emakumeen eskaerari bide eman beharrean,  lan egiten zuten presoei lan-kaleratzeekin mehatxatzea, eskaerarekin bat egin zuten zenbait presori presionatzea, eta Itsasoren espetxe aldaketa izan zen, etxetik are urrunago bidaliz, Mediterraneo aldera, hain zuzen.

Aurrekoa baino are bizi-baldintza gogorragoak zituen espetxe ilun hartan, muturreko egoerak bizi izan zituen 2013ko udazkenean, espetxe-zigorra osorik beteta, kalera atera zen arte. Esperientzia hark, erabat markatu zuen bere bizitza eta sakonki aldatu zitzaion bizitzarekiko, pertsonekiko eta Euskal Herriarekiko ordura arte zuen ikuspegia eta sentitzeko era. Bertan ezagutu zuen bere bizitzako okerrena, baina baita hoberena ere, bikotekide izango zena ezagutu baitzuen espetxe hartara heltzean. Trabaz eta zailtasunez betetako bikote-harreman hura izan zen bere sostengua muturreko ibilbide zail hartan. Harremana hasi eta segituan, elkarrekin bisitaldiak egiteko eskaera egitean zehazki, bikotea Andaluziako espetxe batera dispertsatu zuten. Asteroko maitasun gutunak eta espetxe arteko hileko 2 deiak izan ziren harremana elikatu zutenak espetxealdian zehar. 2012an, Itsaso Andaluziara lekualdatu zuten bikotearekin ezkontza ospatzeko, baina handik astebetera berriz itzuliarazi zuten Mediterraneoko espetxera. Banaketa hura kolpe gogorra izan zen Itsasorentzat. Espetxe zaintzako epaileari hainbat kexa egin ondoren, 2013an bikotea eraman zuten Mediterraneoko espetxera Itsasorekin zuen komunikazio eskubidea gauzatzeko eta hilabete eman zuen bertan. 2013Ko urrian Itsaso kalera atera zen, 6 urteko espetxe zigorra osorik beteta.

Kalean: senarra preso, ikasketak, amatasuna, lana

Oiartzunera bueltatzean, testuinguru politikoa aurreko legegintzaldian baino egoera egonkorragoan zegoen (Bildu koalizioa zegoen alkatetzan), izan ere ilegalizazioaren fasea gainditua baizegoen. Lantoki izan zuen Oiartzungo Udalera jo zuen espetxera joateagatik utzi behar izan zuen lana berreskuratzeko, baina ez zuen horretarako aukerarik izan.

Bikotea Andaluzian preso zuela hilabetero egiten zuen joan-etorria harekin bixitaldiak egiteko, eta hilabete gutxira hainbeste desio zuten notizia heldu zen: haurdunaldia, elkarrekin familia osatu ahal izatea.

2014an The Self-Portrait Experience[4] metodoaren berri izan zuen, argazkilaritza eta autoezagutza uztartzen dituen metodoa hain zuzen, eta metodoaren sortzaileak Bartzelonan formakuntza eskeintzen zuela jakitean, zalantzarik gabe bertara abiatu zen, izan ere, formakuntza honek, haren bi pasioak barnebiltzen baizituen. Esperientzia sakon, intimo, sortzaile eta inspiratzailea izan zen Itsasorentzat, eta The Self-Portrait Experience  Metodoaren erreztaile izateko titulazioa lortu zuen.

2015ean ama izan zen, eta haurrarekin batera jarraitu zuen bikotearengana bixitara joaten Andaluziara, harekin egoteko milaka kilometro eginez. Haurrak, 5 urte bete baino lehen, 72.000km eginak zituen bere aitarekin ordu batzuz egon ahal izateko.[5]

2017an Oiartzun Irratian ordezkapenak egiten hasi zen, eta 2021etik bertako langilea da.[6]

2018an, bere autoezagutzan sakondu asmoz, Gestalt Terapian formakuntza egin zuen 4 urtez Donostiako Gestalt Euskal Institutuan, Gestalt terapeuta titulua eskuratuz.

2022an bikotea Euskal Herriko espetxe batera eraman zuten eta 2024tik, etxetik gertuen dagoen espetxean dago.

2022tik Komunikazio Gradua ikasten dabil Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.

Ekarpenak

  • Independentean kolaborazioak.[7]  
  • Ttiklik idazketa lana.[8]  
  • 2023an, 1545 argitaletxe oiartzuarraren “Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak” ipuinaren sorkuntzan parte hartu zuen, aholkulari, idazkari eta prentsa-komunikazio lanetan.[9]

Erreferentziak

  1. «Zum Edizioak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  2. a b ikbvideo. (2009-02-19). Lectura de un poema en Euskal Herria: "Torturas" de Wislawa Szymborska. (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  3. «38 presas denuncian la situación del módulo de mujeres de Villanubla | Castilla y León | elmundo.es» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  4. «The Self-Portrait Experience» selfportrait-experience.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  5. katxiporretaTB - Pirritx, Porrotx eta Marimotots. (2017-11-20). Motxilak gora. (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  6. Erik, Gartzia(e)ko. (2024-07-05). «25 urte uhinetan oiartzuarren erakusleiho izaten» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  7. «Itsaso Güemes – Independentea.eus» independentea.eus 2024-05-05 (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  8. Itsaso Güemes - TTiKLiK!. (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).
  9. Erik, Gartzia(e)ko. (2023-05-19). «Goseak oiartzuarrak Nafarroara bidali zituenekoa» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-09-02).

Kanpo estekak