Independentisten espioitza auzia Espainiako espioitza kasu bat da, Kataluniako mugimendu independentistaren aurkakoa batez ere, eta 2022ko apirilean azaleratua. NSO Group konpainiaren Pegasusspyware programa erabiltzea izan du ezaugarri. Zelatatutako katalanen artean ziren 2010az geroko Kataluniako Generalitateko lau lehendakariak, Kataluniako Parlamentuko bi lehendakari eta beste funtzionario hautetsi batzuk, eurodiputatuak barne, aktibistak, abokatuak eta informatikariak eta, kasu batzuetan, haien familiak. Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu euskal herritarrak ere jomugan jarri zituen.
Eskandalua Compuerta Catalana izenaz ere zabaldu arren, aipatu bi euskal herritar buruzagi politikoei ere eragin zien.[1][2]Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab zentroak 2022ko martxoaren 18an argitaratu txostenean 65 biktima identifikatu zituen, gauzaturik edo saiaturik, eta kopuru hori nabarmen handiagoa izan da lehenago ezagutzen zen beste edozein espioitza kasu ezagunetan baino: Al Jazeera (36 biktima) eta El Salvador (35 biktima).[3][4]
Giroa areago bihurritu zen espioitzaren biktimak legegintzaldi horretako Espainiako Gobernuaren nahitaezko babesleen artean zeudelako eta gobernu horrek une horretan aurkeztu behar zituelako Ukrainako inbasioaren krisiari buru egiteko Espainiako urteko aurrekontuak. ERCren kontrako botoaz eta EH Bilduren babesaz, aurrekontu horiek aurrera atera ahal izan ziren.
Luze gabe eta espioitza eskandaluaren biktimek erantzukizunak erreklamatu ahala, auziak ezusteko bilakaera bat izan zuen, Espainiako Gobernu horretako bozeramaileak adierazi zuenean urtebete lehenago Pedro Sanchez presidentea eta Margarita Robles defentsa ministroa (CNI Espainiako Inteligentzia Zentroaren erantzule gorena) Pegasus bidez zelatatu zituztela. Aditzera eman zen Marokoko zerbitzu sekretuak izan zitezkeela horren arduradunak.
Aurrekariak
Orain berrazaleratu aurretik, auzia 2019an piztu zen lehen aldiz, plazaratu zenean aktibistei entzuketak egiteko NSO Pegasus baliatu zela, Whatsappeko zulo bat erabiliz. Zelatatuen artean zen Roger Torrent Kataluniako lehendakaria, The Guardian eta El País egunkariek une horretan argitaratu zutenez. Eskandalu hau 2022an berrazaleratzearen arrazoia da Kataluniako hainbat eragile politikok Citizen Laben eskuetan utzi zituztela telefono mugikorrak, analiza zitzaten, eta zentro horrek kutsatuta zeudela egiaztatu zuen. Pentsatu da Citizen Labek atzemandakoen halako bi ere izan daitekeela zelatatuen kopurua.[5]
Auzi hau azaleratu aurretik ere, oposizio politikoko kideen espioitza kasuak maiz gertatu dira Hego Euskal Herrian eta Espainian azken hamarkadetan, ia ondorio politikorik edo penalik izan gabe.[6] Pegasus programa CNI Espainiako Inteligentziaren Zentro Nazionalak 2010 eta 2015 artean erosi zuen 6 milioi euroren truke, 2014. urtean segur aski, Kataluniako buruzagi subiranistak zelatatzeko.[7]
Eskandalua
2022ko apirilaren 18an, The New Yorker astekariak Ronan Farrow kazetariaren erreportaje bat argitaratu zuen, Torontoko Unibertsitatearen Citizen Lab zentroaren ikerketa baten berri emanez.[8][9] Agerkari horretan ikerketa argitaratu baino hilabete lehenago, Jordi Solé, Europako Parlamentuko independentziaren aldeko kide katalana, Elies Campo segurtasun digitalari buruzko ikertzailearekin elkartu zen, bere iPhone 8 Plus mugikorrean mezu susmagarriak jaso zituela eta. Une horretan, Campo Citizen Laberako ari zen lanean.[10] Campok zuzendu zuen mugikorraren azterketak agerian utzi zuen Soléren mugikorra malwarearekin kutsaturik zegoela, eta programa maltzur horrek mugikorreko edukiak erauz zitzakeela, baita mugikorreko testu mezu eta argazkiak eskuratu ere, edo kamera eta mikrofonoa aktibatu denbora errealean ikuskatu.[10]
Ikerketa hedatuan, adierazten zen 65 lagun zirela gutxienez espiatutakoak: buruzagi politikoak, haien senide eta abokatuak, gizarte mugimenduetako ordezkariak... Gehienak independentista katalanak ziren, tartean zela Pere Aragonès Kataluniako Generalitateko presidentea, baina baita EH Bilduko bi kide ere: Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko diputatua. Maiatzean, Sanchezek Espainiako Kongresuan aditzera eman zuen espioitza 2017ko Aldebakarreko Independentzia Deklarazioaren eta 2019ko Procèsaren sententziari buruzko istiluen testuinguruetan gertatu zela.[11]
Gehienetan, Pegasus programa erabili bide zen pertsona horiek zelatatzeko. Horien bitartez, 51 eraso egin omen zitzaizkien espioitzaren biktimei, eta hamabi ahalegin. Lau kasutan, Cangiru programa erabili zuten,[12] hori ere Israelgoa.[13]Gonzalo Boye independentisten abokatua dago ere ustezko espioitzaren biktimen artean. Gainera, erreportajearen arabera, Espainiako zerbitzu sekretuak (CNI) zeuden operazio horren atzean. 2024ko urtarrilean, berretsi egin zen CNIren inplikazioa, eta Pere Aragonès CDR-en mugimenduarekin lotzeko ahalegina, Sanchezen Espainiako Gobernuak agiri desklasifikatuak plazaratu zirenean. Agiri horietan, ordea, iturri batzuek azaldu zuten zati osoak ezabatu zirela eta tatxoi ugari zituztela.[14]
Pegasus programaren garatzaile eta jabea, NSO Group konpainia, Estatu Batuetako Gobernuaren enpresen zerrenda beltz batean dago, politikariak eta aktibistak zelatatzen dituelakoan,[8] eta hala Hungariak nola Poloniak beren herritarrak zelatatzeko erabili izan dute Pegasus. NSO Groupek segurtatu du bakarrik estatuei saltzen diela programa hori, "terrorismo eta krimenaren kontra borrokatzeko".[15]
Erreakzioak eta ondorioak
Hasierako adierazpenak
Ustezko biktimetako batek, Jon Iñarritu EH Bilduren Espainiako Kongresukideak "Europako espioitza kasu handiena" deitu zion auziari, eta lehenbailehen argitzeko erreklamatu zion Espainiako Gobernuari. Arnaldo Otegik ez zela harritzen gaineratu zuen, eta adierazi ere "78ko Erregimenaren" ohiko jokabidea zela.[16] Pere Aragonèsek Espainiako Gobernua gaitzetsi zuen, eta haren konfiantza galdu zuela adierazi. Iragarri zuen ez zituela estatuaren aurrekontuak babestuko.[17]
Egun batzuk geroago, Gonzalo Boye, Benet Salellas, Andreu Van den Eynde eta Antoni Abat espioitzaren ustezko biktima katalanen abokatuek apirilaren 29an iragarri zuten kereila bat jarriko zutela Pegasus sortu eta kudeatu zuen Israelgo NSO Group konpainiaren aurka.[18] Hala egin zuten, bada, Omnium Cultural elkarteak eta CUP alderdiak maiatzaren 2an, «oinarrizko eskubideak masiboki eta modu larrian» urratzea egotzita. Omnium Culturaleko presidente Xavier Antichek «Estatuak independentismoaren eta disidentziaren aurka egiten duen gerra zikinaren erakusletzat» jo zuen afera guztia.[19]
Europako Parlamentuan katalanek gogor salatu zuten gaia, eta Europar Batasuneko Batzordeak adierazi du onartezina dela EBko estatuek herritarren, kazetarien eta politikarien datuak eta komunikazioak legez kanpo eskuratzea, espioitza programen bidez. Johannes Bahrke Batzordeko bozeramaileak gogorarazi du oinarrizko eskubideak bermatzeko "estatuek segurtasun zerbitzuak kontrolatu behar" dituztela, eta "azken egunetako espioitza aferak ikertu" beharko lituzketela.[7] Kontrako aldean, Espainiako Estatuko hedabide nagusienetan gaiak ez ditu hautsak harrotu, gainetik aipatu zen.[7]
Pegasus independentisten espioitza eskandaluan inplikatutako eragile batzuk irudietan
Pegasus espioitza programaren irudikapen bat (2021ean, NSO Group vs Whatsapp epaiketan)
CNIren enblema
Espainiako Gobernuaren logotipoa
Espainiako Gobernuaren kinka
Isabel Rodriguezek, Espainiako Gobernu horren bozeramaileak, erabat ukatu egin zuen espioitza horretan inplikaziorik izatea, eta arbuiatu zuen "Espainiaren kalitate demokratikoa auzitan jartzea", gaineratuz ere gobernu horrek ez zuela ezer ezkutatzeko eta "dena legez eta zuzenbidearen" arabera egiten dela Espainian.[20]Margarita Robles Espainiako defentsa ministroak ez zuen ukatu independentisten gaineko espioitza, zuritu baizik, estatuaren betebeharra hori delakoan konstituzioa urratu eta independentzia deklaratzen dutenen kontra, eta horiek "desordena publikoak" eragiten dituztelakoan, aldi berean adieraziz ere «legeek ezartzen dituzten kontrolekin» egin behar dela.[21][oh 1]
Espioitza auziak, bada, Espainiako gobernantza zipriztindu zuen, Espainiako Gobernuaren babesleak direlako plazaratu diren espioitza auziaren biktimak. Une horretan, Espainiako Gobernuak Ukrainako inbasioaren krisi ekonomikoaren kalteei aurre egiteko aurrekontuak aurkeztu behar zituen eta, ondorioz, kolokan geratu ziren.[22]Mertxe AizpuruaEspainiako KongresukoEH Bilduren diputatua adierazi zuen Pegasus programaren espioitza kasuak arrakala bat ireki zuela gobernuaren eta hura sostengatzen zuten bazkideen artean, baina gaineratu zuen koalizio independentistak «esaten duena egiten duela eta egiten duena esaten duela». ERCko katalanek gogor kritikatu zuten Pedro Sanchezen Espainiako gobernua, eta ezezkoa iragarri zuten aurrekontuei, baina EH Bilduk aldeko bozkaren alde egin zuen, "herritarren ongizatearen izenean". Ondorioz, aurrekontuak atera ahal izateko modua eman zuen 2022ko apirilaren 28an.[22]
Auzia argitzeko, EH Bilduk eta EAJk espioitzari buruzko Ikerketa Batzorde bat eskatu zuten Espainiako Kongresuan, Sekretuen Batzordea ikerketarako organoa ez dela iritzita. Iñigo UrkulluEusko Jaurlaritzako lehendakariak ere auzia "berehala argitzeko" eskaera egin zuen.[23] Aldiz, eskaera hori ez zen aurrera atera, PSOEk ikerketa batzordea eratzeaz eztabaidatzea eragotzi zuenean PP, Vox eta Ciudadanos alderdiekin batera, nahiz eta ez zuen saihestu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azalpenak emateko agerraldia egin behar izatea.[24]Unidas Podemoseko bozeramaile Pablo Etxenikek eta Más PaískoIñigo Errejonek, auziaren tamainaz asaldaturik, "buruak moztu" behar direla adierazi zuten, esan nahirik erantzuleak kargugabetu behar zirela.[25][26]
CNIren inplikazioa eta Sekretu Ofizialen Batzordea
2022ko maiatzaren 5ean, CNIko zuzendari Paz Estebanek, Espainiako Kongresuko sekretu ofizialen batzordeko lehen bilkura sekretuan, Espainiako Kongresuko hamabi talde ordezkariei aitortu zien independentistei espioitza egin zitzaiela, zehazki 28 independentistari, eta Espainiako baimen judizialaz eta legez egin omen zitzaien zelata. Baimen horietan, 18ren izenak esplizituki aipatzen ziren; beste 10en izenak borratuta agertzen ziren. Paz Estebanek ez zuen argitu gainerako 37ak nork edo nola zelatatu ziren, tartean zirela ustez Espainiako Gobernuko Pedro Sanchez eta Margarita Robles.[27][28][oh 2][oh 3]
2022ko maiatzaren 11n, Sanchez presidenteak Paz Esteban CNIko burua kargugabetu zuen, espioitza eskandaluko biktimen alderdien presiopean, ERC eta Podemos bereziki. Hala ere, Roblesek, prentsaurreko azalpen bihurrian, ez zuen asmatu azaltzen zergatik egin zuen hori; aldiz, CNIko ordezkapen batez hitz egin zuen, "Espainiako zerbitzu sekretuei bultzada berri bat emateko", eta harro agertu zen CNIren eta Espainiako Indar Armatuen lanarekin.[29][30][oh 4]El Mundo espainiar egunkariak gertaerak eta erantzukizunak argitzeko ahaleginei "independentisten xantaia" deitu zien zuzenean;[31] PPk ere erabili zuen terminologia hori.[32] Gainera, Voxek eta PPk guztiz babestu zuten Paz Estebanen jokabidea.[33]
ERCko eledun Gabriel Rufianek, Mertxe Aizpurua, Aitor Esteban, Pablo Etxenike eta beste alderdi ordezkari batzuekin batera batzorde horretara bertaratuak, adierazi zuen bi tesi zeudela mahai gainean. Batetik, «atzerriko nazio batek edo batzuek» espiatu izana. Bestetik, litekeena zela zelaten atzean «Pegasus bezalako programa parasito batekin espiatzeko gaitasuna izan dezaketen estatuko beste erakunde bat edo batzuk» egotea. Alde horretatik, Rufianek «sartu garen bezala atera gara» adierazi zuen.[34]
Hilabete eta erdi geroago egin agerraldian, hitzak ondo neurtuz, Pedro Sanchez presidenteak berretsi egin zuen Paz Vegak esandakoa; gaineratu zuen Kataluniako prozesu independentistaren testuinguruan eta sabotajeak egiten ziren unean egin zela espioitza, zilegitasun osoz eta segurtasun nazionalaren alde,[35] eta ez zela egin haren gobernuaren ardurapean. Esan zuen legez kanpoko gainerako espioitza ekintzak gobernuaz kanpoko beste eragile batzuek egingo zituztela, bere burua biktimen artean sartuz. Gainera, adierazi zuen gobernuak ez zuela CNIren operazioen berri zehatzik.[36] 2023ko abuztuan, Espainiako Kongresuko PSOEren presidentetza babesteko, alderdi katalanistek ezarri zuten baldintzetako bat izan zen espioitzaren auzi hau ikertzen jarraitzea.[37]
Espainiako Gobernukideen ustezko espioitza
Espainiako Gobernuaren eta NSO Groupen kontrako askotariko salaketa judizialen erdian, maiatzaren 2an, gobernu horretako Felix Bolaños presidentetzako ministroa prentsaurrekoan agertu eta adierazi zuen Pedro Sanchez eta Margarita Robles ere Pegasus bidez zelatatuak izan zirela, 2021eko maiatzean eta 2021eko ekainean, hurrenez hurren, eta Espainiako justiziaren esku bi txosten tekniko jarri zituztela, haien sakelakoen ustezko espioitzak argitzeko. Gaineratu zuen jarraituko zutela ikertzen gobernuko beste kide batzuk ere zelatatu ote zituzten. Bolañosek nabarmendu zuen seguru zeudela "gobernuz kanpoko operazioak" zirela horiek, eta "legearen guztiz kontrakoak".[38]
Independentistek askotariko erreakzioak agertu zituzten, Carles Puigdemonten elkartasunetik hasi eta CUPeko Albert Botranen eszeptizismoraino eta Gonzalo Boye abokatuaren adierazpen borobileraino: "CatalanGate kasua agerian jartzen ari da gertatutakoaren larritasuna eta Espainiako estatu sakona delakoaren boterea. Dirudienez, Gobernuak ez du botere horren gaineko kontrolik".[39] Espioitza kasu honen arduradunen karietara egin elkarrizketan, Fernando Rueda espioitzan adituak adierazi zuen Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak beren kabuz erosi eta erabil zezaketela Pegasus, baina une horretan ezagutzen zenez, CNIk bakarrik zuen baimenik.[40]
Maiatzaren 5ean azaleratu zenez, bi kasu horiek publiko egin ostean indartu zen atzerriko estatu batek Sanchez eta Robles espiatu izanaren hipotesia; zehazki, Marokok. Tesi hori indartzen zuen informazio berri bat argitaratu zuen El Pais egunkariak ere: Fernando Grande-Marlaska espiatu omen zuten. Egunkari hark azaldu zuen Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak txarto zeuden unean gertatu zela hori, 2021eko maiatzean. Ministroak, ordea, adierazi zuen ez zuela bere telefonoa espiatu izanaren inguruko informaziorik.[34]
Epaitegitan bidea egin zuen espioitza kasu bakarra Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen aurkakoa izan zen. Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Calama epaileak sekretupean jarri du ikerketa, «emaitza larriki baldintzatu dezakeen egoerak eragozteko». Era berean, kaltetu gisa pertsonatzeko aukera eman zien gobernuko bi kideei, Fiskaltzak eskatu bezala.[34] 2023ko uztailean, epaileak kasua artxibatu zuen, Israelek Espainiarekin lankidetzan aritzeari erabat uko egin eta gero.[41] 2024ko apirilaren 24an, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Calama epaileak hala aginduta, berriz ireki zuen auzia, largetsita zegoena, aldi berean Frantzian egiten ari zen gisa bereko auzi batetik datu berriak Espainiara heltzean. Espioitzaren ustezko bi biktimez gain, Fernando Grande-Marlaska eta Lluis Planas ministroen espioitza salaketa ere ziren aztertzekoak, espioitzaren agindu-emailea eta egilea nor izan ziren argitzeko.[42]
Oharrak
↑1998an, guztiz bestelako posizioa agertu zuen, Herri Batasunari Gasteizen egin entzuketen harira: «Demokrata izanik, ezin dugu onartu gerra zikinik edo legez kanpoko entzuketarik egotea»; ikus Berria, 2022-04-28.
↑Fernando Rueda espioitzan adituak adierazi zuen Pedro Sanchezek ez zekiela, "argi eta garbi", Pere Aragones Kataluniako presidenta zelatatua izaten ari zela; izan ere, haren irudiko, gobernuek informazio osoa nahi dute, baina ez dute galdetzen nola lortu den. Hala ere, bere buruaren espioitza ikertzeko, Sanchezek bide judizialera jo izana "itxurakeria" hutsa dela irizten dio, espioitza ingurune horretan ez dagoelako ezer frogatzerik; ikus La 6, 2022-05-11
↑El País egunkariak hori legezkoa zela eman zuen aditzera, azalduz Espainiako Zerbitzu Sekretuen Legeak zehazten duela CNIren eginkizunetan sartzen dela "Espainiako lurralde osotasunerako edozein mehatxu prebenitu eta eragoztea", besteak beste; ikus 20 Minutos. José Manuel Villarejo Espainiako polizia nazional ohi eta operazio sekretuetako agenteak hilabete berean elkarrizketa batean baieztatu zuen 50 telefono baimen judizialik gabe zelatatu zirela Katalunia Operazioan; ikus TV3 (2022-05-21).