Hodi teila


Hodi-teila edo bizkar-teila, halaber teila arabiarra[1], teilatu inklinatuetan erabiltzen den teila mota bat da, euri-ura kanporantz ondo isurtzen duena eta Euskal Herrian ohikoena dena. Kono-enbor formakoak dira, trapezio isoszele bati kurbadura ematean lortzen direnak. Buztin errez egin ohi dira.
Historikoki Mediterraneo inguruko eskualdeetan erabili izan da (Espainia, Frantzia, Italia, Grezia, Turkia, Maroko eta beste batzuk) eta hauen eragina izan dutenetan (Latinoamerikan esaterako). Erdi Aroan agertu zen teila erromatarraren moldaketa gisa, pieza bakarra ahoz gora eta ahoz behera ezarriz:
- hodi-teila[2]: ahurra (ahoz gora), ura daramana
- bizkar-teila[2]: ganbila (ahoz behera), juntura babesten duena.
Izena
Euskal Herrian erabili izan den teila mota izanik, "teila" hitz soila erabili izan da. Hala ere, "teila lau" edo "teila zapal" motatik bereizteko, hainbat termino erabili izan dira:
- hodi teila eta bizkar teila, dagokien erabilera eta posizioa dela-eta
- teila hutsa[3], harroa-edo delako (frantsesez tuile creuse)
- kanal teila[3], teilatuan kanalak-edo (teilarteak) eratzen direlako (frantsesez tuile canal)
- teila arabiarra[1], herrialde arabiarretatik-edo (Al-Andalusetik) zetorrela uste zelako (gaztelaniaz teja árabe)
Historia
Jatorria erromatarra da[4], Behe Inperioan garatu zelarik (IV-V. mendeetan) teila erromatar klasikoaren bizkar-teilatik abiatuta. Garai hartan, imbrex eta tegula teila erromatarrak egiteko jakintza teknikoa galduz joan zen eta IX. menderako imbrex bizkar-teila baino ez ziren egiten. XI. mendean, ahokatze-koskak desagertuz joan ziren eta azkenean bi hodi-teilak eta bizkar-teilak pieza bakarrarekin egiten ziren.
Erdi Aroan asko erabili zen Mediterraneo iparralde osoan, bai eremu kristauetan, bai musulmanetan. Mediterraneo hegoaldean aldiz, estalki lauak erabiltzen ziren nagusiki. Italiar penintsulan, coppo izena duena, eskualde aldaera desberdinak garatu ziren, coppo veneto, coppo fiorentino, 'coppo romano eta abar, Erdi Aroko estatu bakoitzean dimentsio eta geometria aldaketa txikiekin. Iberiar penintsulan teila zeramiko kurbatua Al-Andalus lurralde osoan biziki garatu zen, eta horregatik teja árabe ere esaten zaio. Frantzian hegoaldean izan zuen arrakasta, iparraldean batez ere teila laua erabiliz. Hala ere, eskualde hauetako mendialde askotan arbelezko edo bestelako harrizko lauzak ere erabili izan dira estalki inklinatuak egiteko, adibidez Piriniotan.
XVI. mendean Espainiatik Ameriketara masiboki esportatzen hasi ziren, kontinente hartara bidaiatzen zuten galeoietan milaka unitate erregistratuz. Ondorengo urteetan, berriz, eta tokiko lantegiak Amerikako lurraldean teila zeramikoak egiten hasi ziren heinean, kargamentuak Sevillako teila finera (esmaltatua edo beiraztatua) mugatu ziren. XVI. mendearen erdialdean merkataritza hori desagertu egin zen, tokiko ekoizpena jada buruaskia baitzen[5]. Une horretatik aurrera, estalkiko iragazgaizte-material ohikoena bihurtu zen Amerikako arkitektura tradizionalean.
Ezaugarriak
Gutxi gorabehera 27 pieza/m²-ko azalera hartzen du (gutxienez horien luzeraren % 20ko gainjartzearekin). Neurri arruntenak 45 cm luze, 21 eta 16 cm zabal eta 8 cm garai dira[6]. Teila bakoitzak 2 kg pisatzen du gutxi gora-behera, nahiz eta txikiagoak ere izan. Egiteko erabiltzen den ohiko materiala buztin errea izaten da. Gailur-teilak[7] (edo teila maizterrak[3]), gailurra estaltzeko bizkar-teilak, handiagoak izan ohi dira.
Estalki inklinatuetan jartzen da, ilaretan, malda handieneko lerroei jarraituz. Teilatuon malda ez da handia, nahiko txikia baizik, erabiltzen den eskualde hauetan euria bai baina elur gutxi egiten baitu. Euskal Herrian 33-36° izan ohi da malda etxe eta baserrietan[8]. Ilarak alternatiboak dira, hodi-teilaren alde zabala gorantz eta bizkar-teilaren alde zabala beherantz. Ez dira kareorez hartzen, ertzeko ilarak izan ezik, teilatua dilatazioaren ondorioz mugitu ahal izateko. Gailur-teilak ere kareorez hartu ohi dira. Batzuetan, ertzetako teilak (gailur, bizkar eta hegalekoak) harriekin eusten ziren, kareorea erabili ordez.
Erreferentziak
- ↑ a b Euskalterm (kontsulta: 2026-01-11)
- ↑ a b Teila Arkitektura hiztegia, EHU/UZEI (kontsulta: 2026-01-11)
- ↑ a b c Teila Orotariko Euskal Hiztegia (kontsulta: 2026-1-13)
- ↑ (Gaztelaniaz) www.hispalyt.es.
- ↑ (Gaztelaniaz) Sanchez, José María. (1996). La Cerámica exportada a América en el Siglo XVI a través de la Documentación del Archivo General de Indias. Laborartorio de Arte 9 doi:. (kontsulta data: 2024-03-07).
- ↑ (Frantsesez) Alix Brochen, Florence Gervais, Jean Ploquin, Christan Lassure, Karin Merkin, Antony Neveu, Les mots de la maison. Vocabulaire français, anglais, allemand de l'acquisition, de la construction et de la restauration, coll. « Guide House Book », Éditions Eyrolles, 1995, p. 264, rubriques « tuile canal » et « tuile creuse ».
- ↑ «Gailur-teila». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Kontsulta data: 2026-01-13).
- ↑ Michel Duvert. (2011). (pdf) POUR UNE HISTOIRE DE LA CHARPENTERIE BASQUE : L’APPORT DU LABOURD. Kobie Serie AntropologíA CulturAl no 16: 181-206, Bizkaiko Foru Aldundia ISSN 0214-7971. (kontsulta data: 2026-01-11).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.