Ermuan frontoi izkinan bizi zen Ibaibarriaga familia. Ez bakarrik Hipolita, beste hiru ahizpa (Rosario, Irene eta Bitxori) ere erraketistak izan ziren, eta Vicente anaia zestalaria.[2] Gazterik hil zitzaien Juan aita, eta Dolores ama eta 8 anai-arrebak Eibarrera joan ziren bizi izatera. Txaltxa-zelaiko frontoian hasi zuen Polik bere erraketista ibilbidea eta bertan jaso zuen Madrilera joateko gonbitea.[3]
Erraketista ibilbidea
Hiriburuan Cortezo kaleko Madrid[4] eta Aduana kaleko Chiki-Jai[5] pilotalekuetan aritu zen, eta 1935 urtean azken honetako jokalari nagusiena zen.[6] Bere irudia aldizkari bateko portada izaterainoko fama zuen. Sasoi hartan partiduak bikoizten zituen, arratsalde zein gaueko saioak eginez, sarritan bakarka jokatutako baten ondoren bikoteka kantxaratuz. Partidu gogoragarriak eskaini zituen, zaleen artean akorduan egon zirenak luzaroan.[6]
Bera baino gazteagoa zen Irene ahizparekin jarri zuten bikote: aurrelari Irene eta atzelari bera. Familiaren zati handi bat Madrilera lekualdatu zen, pilotalekutik gertu biziz. Alaba biak jokatzen zutenean, ikusleen artean ama Dolores egoten zen, palko bat erretserbatuta zuelako.[3]
1936koEspainiako Gerrak Madrilen jokatzen harrapatu zuen Poli eta, gatazkatik ihesi, Valentziara abiatu zen, ahizpa lagun. Bi hilabete eman zuten bertan, hango frontoi-hormak astintzen eta Bartzelonara alde zuten gero, Rambletan kokatutakoan arituz. Gerra bete-betean zen, baina eguneroko bizitzari normal itxurak ematen lagunduz, frontoia eta apostu-jokoa martxan zeuden.[6] Irenek gogoratzen zuen bezala, bonbardaketak entzuten ziren partiduak jokatzen zeudenean eta amaitutakoan, etxera bidean, dena apurtuta eta arropa zatiak zuhaitzetatik zintzilik ikusten zituzten.[3] Gerrak iraun zuen bitartean ez zen egun bakarrez eten pilotalekuetako jarduera eta, sinestezina dirudien arren, urte horiek izan ziren pilota jokoaren unerik disdiratsuenak, denbora-pasa bezala sustatu zen gauza bakarrenetakoa izan zelako.[6]
Ahizpa bikoteak Ameriketara erraketan aritzera joateko gonbitea ere jaso zuen eta, tentatuta egon ziren arren, amak ez zien laga.[3]
Poli Ibaibarriaga Espainiako gerra garaian zendu zen, gazterik. Torneo bat jokatzen ari zela, izurrite baten ondorioz gaixotu eta Bartzelonan ostatu hartuta zegoen hotelean bertan hil zen.[3][7]El Mundo Deportivo egunkariak "¡Poli ha muerto!" iragarri zuen abenduaren 1942ko 27ko kronikan, gaixotasun bizkor eta krudelaren ondorioz.[8]
↑(Gaztelaniaz)González Abrisketa, Olatz. (2022). Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales.. Gasteiz: Sans Soleil Ediciones., 87 or. ISBN978-84-126015-2-7..