Gizako Esfinge Handia etzanda dagoen esfinge baten kareharrizko estatua monumentala da, Nilo ibaiaren mendebaldeko ibarrean kokatua, Giza hiriaren lurretan, Kairoko erdigunetik hogei kilometro inguru hego-mendebaldera. Beharbada, IV. dinastiaren garaian zizelkatu zuten (K. a. XXVI. mendean). Tokiko jendeak Abu el-Hol (Izuaren Aita) deitzen zuen, bel-hit esaera koptoaren txartzea, bere adimen guztia begietan jartzen duenari ematen zaiona, eta hu edo ju («zaindaria») egiptoar izena itzultzen duena.[1]
Eraikuntza
Esfinge Handia, Gizako ordokian kareharrizko muino natural bat zizelkatuz egin zen. Bere altuera, hogei metro ingurukoa da, eta, horietatik bost, aurpegiari dagozkio. Buruak, beharbada, Kefrenfaraoia irudikatuko luke, gorputzak, lehoi forma duelarik. Antzinako garaietan, kolore biziz margotua zegoen: gorriz gorputza eta aurpegia, eta, burua estaltzen duen nemesa, marra hori eta urdinekin. Bere neurri nagusiak honako hauek dira: 72 metroko luzera, 20 metroko garaiera eta 14 metroko zabalera.[2]
Gurtza
Antzinako Inperioan datatuta dagoen tenplu bat eraiki zen estatuaren ondoan, eta beste bat iparraldean, esfingearen parean, Inperio Berrian "irudi bizia"rentzako eskaintzagune bezala, Kefrenen piramidearekin, prozesiozko etorbide batekin lotuta daudenak. Egiptoarrek antzinatik gurtzen zuten, bereziki Inperio Berrian.
Egiptoarrek esfingeei emandako epitetoa shesep-anj zen ("Irudi bizia"). Atzerriko Horum eta bertako Horus jainkoekin identifikatua izan zen, Hor-em-Ajet bezala, edo Harmakhis, "Horus ostertzean. Arabieraz, lehen aipatu den bezala, Abu el-Hol deitu zuten (Izuaren Aita).
Zaharberritzeak
Gizako Esfinge Handiaren Ur Higaduraren Hipotesiaren arabera, baliteke lehen zaharberritzea egiptoarrek beraiek egitea eta jatorrizko egiturari itxura aldatu izana, haien kulturarekin bat zetorren itxura emanez.[3] Teoria honek ez du babes zabalik ordea.
Zaharberritzeen berri, XVIII. dinastiatik dago, Inperio Berriaren garaian.
Behealdeko kareharrizko estratuak erraz desegiten dira giroko hezetasunarekin, baina basamortuko haizeak barreiaturiko hareak sarri estali zuen bere gorputza, higaduratik mendeetan zehar babestuz.
Tutmosis IV.aren garaian, bere aurrean altxatutako "Ametsaren Hilarrian", amets batean egin zion promesa deskribatzen da: errege aukeratua izango zen, estaltzen zuen harea gainetik kentzen bazion.
XX. mendean, estalduraren zaharberritze eta sendotze lanak egin ziren 1925etik aurrera, oso gogokoak izan ez ziren emaitzekin, erabilitako teknika eta materialen ondorioz, 1980 eta 1992an berriz egin zirelarik.
XXI. mendean, aurrera jarraitzen du higadurak eragindako kalteen zaharberritzeak.[4]
Asterix galiar heroiaren komikietan ere, agertzen da Gizako Esfinge Handia. Hain zuzen ere, Asterix eta Kleopatra izeneko abenturan. Eszenetako batean, Asterixen lagun den Obelixek, sudurra hausten dio Esfingeari.