Gisèle Halimi —arabieraz: جيزيل حليمي—, jaiotzatiko izen-deiturez Zeiza Gisèle Élise Taïeb (La Goulette, Tunisia, 1927ko uztailaren 27a - Paris, 2020ko uztailaren 28a) abokatua, idazlea eta ekintzaile feminista izan zen. Tunisiar eta frantses herritartasunak zituen. Besteak beste, behatzaile gisa aritu zen Burgosko prozesuan, eta horren inguruko liburu bat idatzi zuen. Abortatzeko eskubidearen bultzatzaileetako bat izan zen, Simone de Beauvoirren ondoan.[1]
Epaiketa politikoetan nabarmendu zen bereziki: Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek Vietnamen eginiko krimenen aurka Russell Epaimahaiak (International War Crimes Tribunal) sortu zuen ikerketa-taldeko lehendakaria izan zen.
Bizitza
Mehdi Ben Bella aljeriar politikaria defenditu zuen haren aurkako epaiketan eta, 1970ean, Burgosko prozesuan izan zen —hots, Burgosen ETAko zenbait militanteren aurka egin zen epaiketan—, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioaren ordezkari gisa. Auzi horretako gorabeherak azaltzen dituen liburua eman zuen argitara Parisen 1971n, Le Procès de Burgos («Burgosko prozesua») izenburuaz. Sartrek hitzaurrea egin zion liburuari, eta Euskal Herriko auziaren inguruko esaldi sonatuak idatzi zituen: «Askatasuna ala hil. Hitz horiek Kuban eta Aljerian entzun genituen atzo. Gaur berriz entzun ditugu Euskadin».[1]
1971. urtean bertan, Choisir ("Hautatu") mugimendua sortu zuen Simone de Beauvoir eta Jean Rostandekin batera. Hor, lagun izan zuen, halaber, Jean-Paul Sartre. Talde horretako presidente bilakatu zen 1986an Beauvoir hil ondoren.[2] Bovigny auzian, Bobigny Marie-Claire Chevalier neskatoa defendatu zuen, bortxaketa jasan eta abortatu zuen gaztea. Haren lan eta hitzaldiei esker, neska absolbitua izan zen, bere mezua iritzi publikoari helaraziz; ondorioz, 1975ean abortua zigorgabetua izan zen, Veil Legean.[2]
Erreferentziak