Musikaren historian, bere musika publikoaren gustu eta beharrak asetzera (ohi zen bezala, noblezia eta mezenasen aldekoa egin beharrean) egokitu eta bideratu zuen lehen konpositore modernoa da[1]
Henry Purcell-en[2] oinordeko eta jarraitzailetzat hartua, aro oso bat markatu zuen musika ingelesean[3]. Hainbat aditurentzat, homofoniaren[4] teknikan oinarritutako musikaren lehen maisu handia da[5], eta opera italiarraren seriearen alorrean[6] (eta batzuentzat oratorioan ere) handiena, Johann Sebastian Bachen aurretik[1].
Bere musika ondarea, XVIII. mendearen lehen erdiko alemaniar, italiar, frantses eta ingeles estiloen sintesia, bere garaiko ia genero guztietako lanak biltzen ditu, non 43 opera, 26 oratorio (horien artean Mesias) eta ondare koral bat diren bere musika ekoizpenean nabarmenenak eta garrantzitsuenak. Bere lanik ezagunena, Mesias oratorioa da, «Aleluya» koruarekin, musika koralaren lan ezagunenetako bat da, eta Eguberrietako denboraldiko pieza nagusia bihurtu da.
Bizitza eta obra
Silesian jatorria zuen eta 1609tik Hallen bizi izan zen familia batean sortu zen. Wilhem Zachow izan zuen lehen musika irakaslea eta harekin teklak jotzeko teknika eta polifoniaren idazkeraren ezagutza sakona lortu zituen. 1702an zuzenbide ikasketak hastearekin batera, Domkircheko, Halleko katedral kalbinista, organo-jotzaile izendatu zuten, 17 urte zituela. Unibertsitatean Telemann ezagutu zuen eta bizitza osoan adiskide izan ziren.
Zuzenbidea alde batera utzirik, urte bat geroago, 1703an, Hamburgora joan zen eta operako orkestran, biolin eta klabezin jotzaile izan zen. 1705an estreinatu zituen lehen operak; Almira obra egin zuen, eta, geroago, Nero obra. Arrakastak Giovanni Gaston de Médicisen babesa ekarri zion eta Italiara abiatu zen hurrengo urtean; han Corelli eta Scarlatti aita-semeak ezagutu zituen (1706). 3 urte baino gehiago pasa zituen Italian. Obrak zenbait toki ezberdinetan argitaratu zituen eta horrez gain, musika berria egiten hasi zen, Italiako musikan oinarrituz. Italieraz ere konbinatu zituen bere esaldiak. Lan guzti horri esker, garai hartako Italiako musikari garrantzitsuenak ezagutu zituen. Florentzian, Rodrigo estreinatu eta salmoak, kantatak eta beste musika lanak ondu zituen. Erabateko arrakasta, alabaina, Agrippina operaren bidez iritsi zuen (Venezia, 1709). Organo- eta klabezin-jotzaile bikaina zelako sonak eta bere obra berrien kalitateak (kantatak, oratorioak) ospea ekarri zioten.
1710an Italiatik joan zen eta Hanoverko gorteko orkestrako zuzendari egin zen; denbora laburrez, hala ere, Britainia Handira nahi baitzuen joan. Hara iristean, Londresko gizon entzutetsuenek (Pope, Swift) oso harrera ona egin zioten. Urte bat geroago, 1711n, Rinaldo obra egin zuen, Londresen bertan, baita arrakasta handia lortu ere.
Orobat, bi urte geroago, Utrechteko bakea ospatzeko Te Deum-a jo zuen. Harrezkero, gutxitan eta aldi laburrez irten zen Britainia Handitik. 1714an Hannoverko Hauteslea Britainia Handiko errege izendatu zuten, Jorje I.a izenez. Artean harekiko harremanak oso onak ez baziren ere, hura erregetzara iritsiz gero, Haendelek jakin izan zuen haren faborea berriro bereganatzen, eta berari eskaini zion Water Music ospetsua (1716).
Chamdos dukearen koru maisua izan zen 1718tik 1721era, eta obra anitz egin zuen aldi hartan: Anthems Chamdos izenez ezagun diren hamaika motete, hiru Te Deum, Acis eta Galatea pastorala, Esther oratorioa eta Klabikordiorako zortzi Suiteak.
1719an, Royal Academy of Music delakoa sortu zen eta, haren zuzendari izendatu zutelarik, Haendelek italiar erako hamabost opera egin zituen; haien artean: Floridante (1721), Ottone (1723), Julio Cesare (1724), Scipione (1726), Admeto (1727), Lotario (1729), Alessandro Nell´Indie (1731), Orlando (1733). Britainiarrei Italiako gisako opera onartarazi asmo horretan gorabeherak izan zituen. Izan ere, John Gayk eta Pepuschek beren Beggar's operarekin lorturiko arrakastak Academy of Music delakoaren haserrea ekarri zuen (1728). Aldi hartan, halaber, bere musika instrumental gehiena sortu zuen: hamabi sonata biolin eta baxurako, hamahiru sonata bi biolin eta baxurako, sei concerto grosso eta hogei kontzertu organorako. Jurgi II. a errege koroatu zutenean, Händel izan zen horretarako musikaria, ereserki garrantzitsuak sortu ziren horrela, gero eta arrakasta gehiago zuen Händelek.
Azken aldian, 1740tik aurrera, opera alde batera utzi eta ia soilik oratorioak egiteari lotu zitzaion: Saul (1739); Mesias (1742), Haendelen maisu-lana; Sanson (1742); Juda Makabearra (1746); Josue (1747); Salomon (1748). Azkeneko urteak ikusmena ahuldurik eta bakardadean, baina beti lanean iragan zituen. 1750ean Alemaniarako azken bidaia egin zuen. 1759. urtean hil zen, Londresen. Ikusmena erabat galdurik hil zen eta Westminsteren ehortzi zuten.
Haendelek jasotako eragina
Maisu saxoi zorrotzek eskolatua izan arren, herrialde guztietako musikagileez izan zuen interes handia Haendelek. Hala, italiarrek (Scarlatti, Corelli), frantsesek (Lully, Rameau, Lalande) eta alemaniarrek (Buxtehude) eragina izan zuten Haendelen musikan. Ildo horretatik, Britainia Handira iristean Henry Purcellen garrantziaz ohartu zen, eta gidaritzat hartu zuen. Nolanahi ere, Italiako gisako musikak eragin sakona eta iraunkorra izan zuen Haendelengan, haren berrogei operetan ageri denez. Hogeita zortzi oratorioetan, operetan bezala, gai historikoen molde guztiz desberdinak erabili zituen: tragikoa, irrizkoa, mirarizkoa, heroikoa. Bestalde, hemezortzi concerto grosso direlakoak kontzertu barrokoen artean aberatsenetakoak dira. Bere mendeko eta iraganeko musika orori irekia, melodiarako dohain paregabearen jabe, kontrapuntuaren eta harmoniaren maisu, Haendelek artearen adierazmena areagotzen lagundu zuen eta baita Vienako klasikoen etorrera (Haydn, Mozart, Beethoven) prestatu ere.
Lan ospetsuak
Bere lanik ezagunenen artean "Messiah" (1741), "Water Music" (1717) eta "Music for the Royal Fireworks" (1749) ditugu. Halaber, eragin handia eduki zuen Haydn, Mozart eta Beethoven moduko musikagileengan.
↑ abCortes Santamarta, David (1996). Música Sacra. Vol. II. Altaya. ISBN 84-487-0756-7
↑Comellas, José Luis (1995). Nueva historia de la música. Ediciones Internacionales Universitarias. [[:es:Especial:FuentesDeLibros/84-87155-55-3|ISBN 84-87155-55-3]].
↑Burrows, John (2006). Música clásica. Guías visuales Espasa. Espasa Calpe. ISBN 84-670-2098-9
↑Comellas, José Luis (1995). Nueva historia de la música. Ediciones Internacionales Universitarias. ISBN 84-87155-55-3