Soinu gabeko filmekin hasi zen zinemagintzan, eta 1930eko hamarkadan bihotz oneko pertsonaiez beteriko filmak zuzendu zituen Columbia Pictures konpainiarentzat. Bigarren Mundu Gerran, berriz, gerra-dokumentaletan hartu zuen parte, Ameriketako Estatu Batuetako populazioa gerran sartzeko konbentzitzeko.
Biografia
Gaztaroa
Frank Capra 1897an jaio zen Sizilian, eta sei urte zituela familiarekin batera Kaliforniara joan zen bizitzera. Bertan egin zituen ikasketak, eta egun libreetan eta eskola ostean lanera joan behar izaten zuen ikasketak ordaintzeko. Capraren gurasoek Caprak ikasketak alde batera uztea nahi zuten, lanean jardun ahal izan zezan. Berak, ordea, ikasketekin jarraitzea erabaki zuen eta 1915aninstitutua amaitu eta ingeniaritza kimikoko gradua egiten hasi zen[1].
Lehen Mundu Gerra
1917ko apirilean Ameriketako Estatu Batuek gerra deklaratu zioten Alemaniari, eta Caprak oraindik hiritartasunik ez zuen arren, armadan sartzen utzi zioten. 1918an gradua amaitu eta Ameriketako Estatu Batuetako armadan sartu zen, eta handik hilabetera Lehen Mundu Gerra amaitu zen. Caprak Espainiako gripea harrapatu zuen urte hartan bertan, eta abenduan armadatik bota zuten[1].
Hasierako arrakasta
Sendatzen ari zela, dei bat jaso zuen The Outcasts of Poker Flat (1919) filmean estra gisa lan egiteko, eta hogei urte beranduago Time aldizkariakHollywoodeko zuzendari onena izendatu zuen[1]. Hala ere, askok populista izatea leporatzen diote, eta botere gutxien duten herritarren alde jartzea[2].
Capraren momenturik onenak 1934koIt Happened One Night filmarekin hasi ziren. Horren ondoren beste hainbat film ere egin zituen, Broadway Bill (1934) eta Mr. Deeds Goes to Town (1936) besteak beste. Urte gutxian lan bikainak egin zituen Caprak, eta errekonozimendu handia lortu zuen zineman[3].
Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerran, 1942-1945 urteen artean, komandante gisa egin zuen lan. Bestalde, Why We Fight izeneko dokumental bilduma sortu zuen, herritarrek Ameriketako Estatu Batuei babesa ematea helburu zuena[3].