Euskal Gutxiengoa (gaztelaniaz: Minoría Vasco-Navarra) 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetan euskal hautetsi eskuindar foruzaleek, jeltzaleak barne, eratutako parlamentu-taldea izan zen, Gipuzkoan, Bizkaian (Euskal Herriarentzako Sortarauaren Aldeko Hautagaitzak) eta Nafarroa Garaian (Koalizio katoliko-foruzalea) hautagaitza bateratuak eta Araban hautagaitza elkartuak (Oriolen Hautagaitza "Katoliko-foruzalea" eta Olanoko Hautagaitza sortarauzalea) osatu ostean. Lau herrialdeetako hautagaitzak orokorrean aipatzeko koalizio katoliko-foruzale izena erabiltzen da.
Izena
Gorteetan taldearen izena Minoria Vasco-Navarra pro Estatuto izatea adostu zuten; izenari zegokiola, Jose Antonio Agirrek hau azaldu zuen:
Jelkideoi azalpen bat zor dizuet: Ez genuen guk, diputatu abertzaleok, Gutxiengoari vasco-navarra [eusko-nafarra] izena eman nahi, ezpada vasca [eusko] baino ez, zuek gu bezain euskotar zaretelako (nafarrak), baina hori onartu genuen goi-ardurak eskaintzen zigun abagune historikoa galtzeko arriskuan, alegia, gure historian lehenengo biderrez Euzkadi fronte gehiengodun batean aurkeztea gure burujabetza bidegabeki daukaten Gorteetara, askatasun-aldarrikapen bat fronte erkidean egiteko; askatasun hura osoa izan ez arren, gero eta emakida gehiago eta handiagoak lortzeko bidea irekitzen zuena...
1933ko urriaren 22an Iruñeko Gaiarre antzokian emandako hitzaldia[1]
Edozelan ere, euskaraz Euskal Gutxiengo izena ematen zaio.[2][3]
Hautetsiak
1 Nafarroa Garaian ere hautatu zutenez, Bizkaiko herrialdeko diputatu-agiria utzi eta haren tokia Manu Robles-Arangizek hartu zuen.
Hautagaitzek guztira 15 hautetsi lortu zituzten: EAJko 6, 4 karlista eta 5 askotariko katoliko; Bloke errepublikazale-sozialistak, ostera, Hego Euskadin 9 hautetsi baino ez zituen lortu, baina ezkertiarrak Espainiako Gorteetan erabat nagusitu ziren.
Historia
Eraketa
Gutxiengoa lehenengo biderrez Donostiako Londres hotelean bildu zen 1931ko uztailaren 5ean. Joaquin Beuntza Gutxiengoaren buru esleitu zuten, eta Jose Antonio Agirre idazkari. Taldekideek bat egiten zuten erlijio-idealak babestean, foruak erabat leheneratzean eta, zehatz-mehatz, Euskal herriarentzako Sortaraua aldeztean.
Uztailaren 12an gutxiengoari agur egiteko Gernikan jendetza berariaz elkartu zen; ekitaldi hartan parlamentu gutxiengoaren helburu nagusiak adierazi ziren: euskal berjabetasuna eta Lizarrako sortaraua gogo biziz aldeztea eta Eliza babestea. Jesus Maria Leizaola uztailaren 28an sortutako Konstituzio Batzordean gutxiengoaren ordezkari hautatu zuten; batzorde hartara erreferendumean onetsitako Kataluniako Nuriako estatutua iritsi zen, Lizarrakoa, ordea, urte hartako irailaren 22an Udalburuen Higikundeari atxikitako udalburuek eskuetaratu zuten. 1931ko uztailaren 29an Euskal Gutxiengoaren Parlamentuko lehenengo mintzaldia izan zen, Beuntzak egina. Hitzaldian Gutxiengoko kideen ideologien arteko oinarrizko lotuneak aurkeztu zituen
Konstituzioak Lizarrako sortaraua deuseztatu zuen; izan ere, sortarauak Euskadiri Egoitza Santuarekin harreman berjabeak izateko eskumena aitortu zion, Konstituzioak, ostera, eskumen hura erdiguneko estatuari esleitu zion. Gutxiengoa Gorteetan jarraitu zuen, baina 1931ko urriaren 13an kideek euren parlamentuko aulkiak utzietsi zituzten, Espainiako Konstituzio berriko 24. artikuluaren, geroago 26.aren, (erlijioaren auzia) aurka protesta egiteko. Konstituzioa onetsi arte, Parlamentura ez joatea erabaki zuten, ez zuten-eta hura ekoiztean eta onestean eskurik hartu nahi. Horiek horrela, Konstituzioa abenduaren 9an onetsi zuten Euskal Gutxiengoaren boz eta bertaratze barik.
Zatiketa eta desegitea
Egun haietatik aurrera, erlijio-asalduraren eraginez, talde honen baitako zatiketa sortzen hasi zen. EAJk, egoera berriaren barruan, berjabetsun-auziarentzako irtenbideak bilatzeari ekin zion; haren aliatu eskuindar antierrepublikazaleek, ostera, bereziki karlistek, egoera berria ezelan onartzeari uko egin zioten. Jeltzaleek Alcala Zamora katolikoa lehendakari izatearen alde bozkatzeak boz-batasuna hautsi zuen, eta lehenengo arrakalak ireki zituen abenduaren 10ean. Eta hura ez zen lehenengo tirabira izan, ez eta bakarra ere; Aizpun nafar liberala euskal udalen Sortarau berria ekoizteko batzordean sartu zen, berebat, karlistentzako onartezina zena.
Bestalde, 1932ko maiatzean, Gorteetan Kataluniako Estatutuari buruz gertatutako eztabaidek berjabetasunaren inguruko eskuinen jarrera antinomikoa agerian utzi zuen, eta horrek jeltzaleei gogoeta eragin zien. Hala ere, egoera are gehiago zaildu zen, eze tokiko ezkertiarrek, bereziki nafarrek, EAJri sektarismoa eta Errepublikarekiko fideltasun zalantzatia erantzuki egiten baitzioten. Gibel-beldur horrek Elkarte Tradizionalistaren txeragabetasunarekin bat egin zuen; horren ondorioz, 1932ko ekainaren 19an, Nafarroa berjabetasun-prozesutik bereizi zen, eta, horren ostean, Oriolek Arabarekin eragiketa bera egiten saiatu zen.
1932ko uztailean, Euskal Gutxiengoa Euskal Herriko Udalburuen Batzordearekin Azpeitian bildu zen. Bileran Iruñeko Batzarrean (ekainaren 19an) gertatutakoari buruz mintzatu ziren, nahasmendu eta ezin konponduak gertatu baitziren. Azpeitiko bileraren ostean, Gutxiengoa desegin zuten. Parlamentuari zegokiola, baina, Batzordeetan tokirik ez galtzeko, 1933ko hauteskundeetara arte jarraitu zuen. 1933ko hauteskundeetan Euskal Gutxiengoko kideak bereiz aurkeztu ziren.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak