Espainiako emakumezkoen errugbiari buruzko lehenbiziko aipamenak 1913koak dira; garai hartan, ezkutuan jokatzen zuten Madrilgo ikastetxe batzuetan, gaizki ikusirik baitzegoen neskak kirol gogor horretan aritzea. Dokumentatutako lehenbiziko partida, berriz, 1971ko martxoaren 14an jokatu zen, Avilésen, Llaranesko María Milagrosa ikastetxeko bi talderen artean.[1]
1970eko hamarkadaren hasieran, neska batzuk Madrilgo Arkitektura Eskolako zelaietan entrenatzen hasi ziren. 20 inguru izatera iritsi ziren, eta astean bitan elkartzen ziren entrenamendu saioak egiteko. Madrilgo talde bakarra baitzen, haien artean jokatzen zituzten partidak. Hamarkadaren amaieran, berriz, Gorpuz-heziketako ikasle talde batek Jose Antonio Sancharekin, Bartzelonako INEFCeko errugbi irakaslearekin, entrenatzea erabaki zuen; Kataluniako Federazioak, ordea, 1983ra arte ez zituen onartu. INEF eta BUC taldeek jokatu zuten emakumeen arteko lehenbiziko partida Bartzelonan.[2]
1980ko hamarkadan, gero eta talde gehiago eratu ziren, Bartzelonan eta Madrilen hasieran, eta Hego Euskal Herrian, Valentzian eta Andaluzian geroago. 1991n, 27 talde aritu ziren eskualdeko lehiaketetan. Espainiako selekzioak 1989ko maiatzaren 2an jokatu zuen bere lehenbiziko partida, Frantziaren kontra. 1991n, gonbidatua izan zen CardiffekoMunduko Errugbi Kopan parte hartzera eta, ezustean, seigarren postua lortu zuen, Estatu Batuen, Ingalaterraren, Frantziaren, Zelanda Berriaren eta Kanadaren atzetik.[3]
1994an, aurrekontu arazoak zirela eta, ezin izan zuen parte hartu Eskoziako Munduko Errugbi Kopan; hala ere, Europako talde nagusietako bat izaten jarraitu zuen. 1995ean, Europako Errugbi Kopako ustekabeko irabazlea izan zen, finalean Frantziari 21 eta 6 irabazita.[4]1997ko urtarrilean, bira egin zuen Ingalaterran zehar eta, partida amaitzeko 10 minutu falta ziren arte, irabazten joan zen Ingalaterraren, munduko txapeldunaren, aurka.
1998an, 7. postua lortu zuen Herbehereetako Munduko Errugbi Kopan. 1999an, berriro iritsi zen Europako Kopako finalera, Galesi (14-8) eta Eskoziari (11-9) irabazi ostean; finaleko partidan 13 eta 5 galdu zuen Frantziaren aurka. 2002an, Bartzelonan jokatutako Munduko Kopan 8. postuan amaitu zuen.
2000tik 2006ra, Bost eta Sei Nazioetako Txapelketako kide izan zen; hiru aldiz hirugarren sailkatu zen, eta jokatutako 33 partidetatik 10 irabazi zituen. Hala ere, 2007an Italiak ordezkatu zuen, Sei Nazioen Batzordeak emakumezkoen txapelketa gizonezkoenarekin bat egin nahi zuelako. Horrek izugarri murriztu zituen Espainiak maila goreneko errugbian jokatzeko zituen aukerak.