Hamazazpi urte zituela sortetxea utzi ondoren, Atzerriko Legioan Afrikan barrena ibili eta Lehen Mundu Gerran aritu zen.
Ideologia nihilista baten ildotik abiatu zen orduan eta gerra, odolaren eta izpirituaren batasun magikoa bideratzen duen estetika helburutzat jo zuen hasierako obretan: In Stahlgewittern (1920, Altzairuzko ekaitza), Der Kampf als inneres Erlebnis (1922, Gerra, gure ama), Feuer und Blut (1926, Sua eta odola).
Hitlerren aldekoa ez zen arren, makinismoaren eta nazio-iraultzaren alde argitara eman zituen idatziez baliatu ziren naziak propaganda egiteko; hala ere Jüngerrek nazismoa obra batzuetan kondenatu egin zuen: Auf den Marmorklippen (1939, Marmorezko amildegien gainean), Der Friede (1943, Bakea, autobigrafia oharren bilduma) eta Heliopolis (1949). Eztabaidagai izan da beti Jünger eta askok leporatu diote joera garbirik agertu ez izana.
Azken obretan, gizabanakoaren papera nabarmendu zuen, diktadura eta masa guztien aurrean: Gläserne Bienen (1957), Aladins Problem (1983).