Biologian, eremu morfikoa edo erresonantzia morfikoa Rupert Sheldrake biologoak proposatutako ustezko eremu bat izango litzateke, fenomeno biologiko batzuetan eragina izango lukeena. Sheldrakeren ustez, antolakuntza biologikoa eremu morfiko horien menpe dago.
Fisikako beste eremu batzuen antzera (eremu elektrikoa, grabitazio-eremua....) eremu morfikoen presentzia bere efektuen bitartez atzeman daiteke, egitura biologikoetan edo hainbat substantziaren portaera kimikoan ere (kristalizazioan, esaterako).
Erresonantzia morfikoaren funtsa "oroimen" berezi batean legoke: forma edo egitura biologiko edo biokimiko bat askotan sortzen denean, askoz probableagoa da forma edo egitura hori berriz sor dadin. Hau ez litzateke gertatuko elkarrekintza konbentzional baten bidez, baizik eta distantziari aurre egingo liokeen "sorburu eratzaile"aren prozesu berezi baten bidez [1].
Egitura kimikoen arloan ere eragina du erresonantzia morfikoaren hipotesiak, Sheldrakeren ustez: kristalizazioaren arloan, esaterako. Hipotesiak dio substantzia baten molekulek jarraitzen dituzten kristalizazio-patroiek substantzia hori lehenago izan dituen kristalizazio-ereduen menpe daudela, eta substantzia bat errazago kristalizatuko dela aurretik sarritan kristalizatu baldin bada. Era berean, hipotesiak azalduko luke zergatik lehen aldiz sintetizatu diren substantzia berriek ezin dute erraz kristalizatu, zailtasun hori desagertuz denborarekin [2].
Sheldrakek uste du, beraz, urrutiko elkarrekintza bat dagoela gauza guztien artean, bizidun eta ez-bizidunetan, erresonantzia mota bat, eremu morfiko batek sortua.
«
|
Eremu morfikoek organismo bizien eremuak ez ezik, kristal eta molekulenak ere antolatzen dituzte. Molekula mota bakoitzak, proteina bakoitzak adibidez, bere eremu morfikoa du (hemoglobinak eremu bat, intsulinak eremu bat, etab.). Era berean, kristal mota bakoitzak, organismo mota bakoitzak edo portaera eredu bakoitzak bere eremu morfikoa du. Eremu horiek dira natura antolatzen dutenak. Eremu mota asko daude naturan gauza eta eredu mota asko daudelako.
|
»
|
—Rupert Sheldrake
|
«
|
Eremu morfikoa terminoak eremu morfogenetikoak, jokabidezkoak, sozialak, kulturalak eta mentalak biltzen ditu. Eremu morfikoak aurreko antzeko unitate morfikoen erresonantziaren bidez eratu eta egonkortzen dira, eta mota bereko eremuen eraginpean daude. Beraz, memoria metatzaile moduko bat dute, eta gero eta ohikoagoak bihurtzeko joera dute
|
»
|
—Rupert Sheldrake [3]
|
Enbriologiaren arloa da eremu morfikoen bidez azaldu nahi izan den beste ataletako bat: enbrioi-garapenean egitura oso simpleak oso egitura konplexuak bihurtzen dira. Sheldrakeren ustez erresonantzia morfikoak (aurreko enbrioien milioika urteetako bilakaera errepikatuak enbrioi berrien bilakaera baldintzatuko luke) azalduko luke enbrioi-garapena.
Carl Jung-en inkontziente kolektiboaren teoriarekin eta fenomeno paranormalen (telepatia, igarpena, iragarmena...) sorburuarekin ere lotura estua izango luke eremu morfikoen teoriak [4] [5], izakien eta adimen guztien arteko ikusezinezko lotura bat proposatzen duelako.
Zientzialari gehienek ez dute aintzakotzat hartzen eremu morfikoen hipotesia [6] [7]. Ez da modu zientifikoan frogatu den hipotesia, eta, horrenbestez, ez du zilegitasun zientifikorik. Zientzialari batzuen ustez R. Sheldrakeren hipotesia sasizientzien eremuan kokatu beharko litzateke.
Erreferentziak
- ↑ Blackmore, Sue An idea with resonance The Guardian, 2009-02-04
- ↑ Sheldrake, Rupert: ¿Sobrevive nuestra memoria a la muerte del cerebro? (¿Vida después de la muerte?) Ed. Kairós, 125-126 orr. ISBN: 84-7245-261-1
- ↑ Sheldrake, Rupert Glossary www.sheldrake.org
- ↑ Nuñez Betelu, K.:Intuzioa eta telepatia BERRIA, 2011-05-12an
- ↑ El Septimo Sentido: La Mente Extendida sheldrake.org
- ↑ Shermer, Michael Rupert's resonance Scientific American, 2005-10-24an
- ↑ Rutherford, Adam A book for ignoring The Guardian, 2009-02-6an
Kanpo estekak