Epipaleolitoa Euskal Herrian, Paleolito amaiera eta Neolito artean garatzen den kultura edo garaia da, edo Epipaleolitoa bukatu eta neolitoa hasi bitartean. Mesolitoa ere esaten zaio, izendapen horren gainean ez baitago adostasun akademikoa. Eusko Jaurlaritzako Kultura departamentuak bere Euskadiko ondare Arkeologiaren online datu basean, Mesolitoa izendapena erabiltzen du[1]. Nafarroako Museoaren "Nafarroako Museoko Historiaurreko Gela" eskuliburuan, Epipaleolitoa izendapena aukeratu dute[2].
Epipaleolitoan historiaurreko gizakiak Holozenoa ezaugarritu zuten klima aldaketetara egokitu zen. Lehenengo izotzaldiaren amaieran klima eta paisaia zeharo aldatu ziren eta Euskal Herrian bizi ziren gizarteetan ere aldaketa horiek eragin sakona izana zuten.
Klima aldaketa
Izotzaldietako azkeneko garaietan klima epelduz joan zen, aroz aro, geroz eta eguraldi gozoagoa zela, harik eta aldi luze baten ondoren gaur egungo klima baldintzak sortu ziren arte. Würm izotzaldiaren azken garaietan (Würm IV. edo Azken Izotzaldi izenez ere deitu ohi denean) zenbait gorabehera izan zituen klimak, aldi epelagoak eta aldi hotzagoak elkarren segidan, baina behin ere ez ziren itzuli lehengo aldi hotzak. Aldi epel horietan Alleröd epealdia (K.a. 10.000-8.500) izan zen Azken Izotzaldiko garairik beroena. Izotzaldia bukatu zenean Laugarren Aroaren bigarren aldia hasi zen, Holozenoa alegia, gaur egun gauden aldia hain zuzen. Gaur egun diren klima baldintzak azaldu arte Holozenoak beste aldi batzuk izan zituen, batzuk epelagoak, beste batzuk hotzagoak (Boreal aurrekoa, Boreala, Atlantikoa eta Boreal ondokoa). Holozenoak, bada, hegoaldeko izotz masa handiak behin betirako urtu eta desagertzea ekarri zuen. Klima berotuz zihoan ahala izotza atzeratuz zihoalarik, Europako eta Ameriketako iparraldeko inlandis zabalak urtuz joan ziren. Horren guztiaren lehenengo ondorioa itsasoaren azken goraldia berriro abiaraztea izan zen; zenbait lekutan 79-80 metroraino goratu baitzen itsas maila. Itsasoaren azkeneko goraldi horrek K.a. 18.000 inguruan du jatorria.
Bi izotzaldiren arteko epealdia izan zen garai hori; itsasoaren maila, astiro eta geldiro bada ere, goraka egiten hasi zen poliki-poliki; Azken Izotzaldiko aldi hotzetan baizik ez zen eten gorakada hori. Egoera horren ondorioz, ordura arte izotzak estalirik edukitako eremu handiak agerian geratu ziren; beste batzuk aldiz, ordura arte azalean egonak, urak estali zituen. Etengabeko aldaketak gertatzen diren egoera horrek berorrek beste zenbait aldaketa eragin zituen historiaurreko gizakiaren inguruan, eta aldaketa horien aurrean erantzun berriak ematera behartu zuen gizakia, lehengoak bezalakoak ez ziren inguruneak ustiatu ahal izateko tresneria eta langintza berriak asmatzera. Itsas bazterreko ordokiak ustiatzeko jardunbideak, esate baterako, orduan asmatu ziren, bai eta itsaskiak biltzeko, baso ingurunea ustiatzeko… tresnak ere. Izotzak libre utzitako eremuak berehala estali zituen landarediak. Itsasoaren mailaren gorakadak bultzaturik landare motek geroz eta lur barreneragoko eremuak hartu behar izan zituzten. Era berean tenperaturaren gorakadak aldaketa handiak eragin zituen lur azaleko landaredian ere, eta pinu, pago, haritz, haltz, urki eta hurritz basoak zabaldu ziren berehala.
Animaliek beste lekuetara emigratu behar izan zuten, biotopo eta klima baldintza egokien bila; beste animalia asko, klima aldaketekin desagertu zen. Hala, elur-oreinak Europako hego-mendebaletik alde egin eta iparraldean aurkitu zuen bere bizi lekua, eta han bizi da oraindik. Mamutak aldiz, Siberiako estepa gogorretan aurkitu zuen lehenik babeslekua, baina han desagertu zen. Animalia horiek hemendik alde egin ahala ordea, beste batzuk azaldu ziren joandakoen lekua hartzeko, basurdea adibidez.
Aldaketa horiek guztiak Euskal Herrian ere nabaritu ziren. Hala, K.a. 6500. urte inguruan itsasoaren maila gaur dena baino 33 metro beherago zegoen, K.a. 350 ingurua arte ez baitzuen hartu itsasoak gaur duen maila.
Kultura ereduak
Goi Paleolito aroaren bukaeratik zeramika asmatu zen arteko aldi hau Epipaleolito eta Mesolito izenez deitu ohi da. Gure artean, Euskal Herrian bertan eta inguruko lurraldeetan lau mila urtez luzatu zen, gutxienez, aldi hori. Hobeto aztertu ahal izateko hiru aldi edo garai bereizi dira berorren barruan: Epipaleolito Zaharra, Epipaleolito betea edo Mesolito aroa eta Azken Epipaleolito edo Azken Mesolito aroa.
Epipaleolito Zaharrean Azil aldiko kultura eta aziliar ondoko mikroxaflen kultura izan ziren. Aziliar kultura oso goiz hasi zen azaltzen Pirinio mendien inguruetan, Alleröd epealditik aurrera, artean azken izotzaldia amaitu gabe zela. Kantauri itsasaldean berriz askoz geroagokoak dira lehenengo aztarrenak, Azken Izotzaldiaren azken aldi hotzean, Dryas III-an, hasi baitzen.
Aziliar kulturak zuzen-zuzenean hartu zuen bere ondarea azken Madeleine aldiko kulturatik.
Hainbesteraino, hala ere, non zenbait ikerlarik ez baitu zalantzarik izan "Goi Paleolito aroaren hil ondoko seme" deitzeko aziliar kultura. Hala ere, bere baitan darama bere desagertzea eragingo dion hazia; oso garbi ikusten da hori aziliar ondoko mikroxaflen kulturan. Bere ezaugarri nagusia karraska txikiak ditu; marruska horiek biribilak dira askotan, baina badira xaflazko marruskadurak ere, argi eta garbi Madeleine alditik datozenak. Burilak galduz joan ziren, erabat desagertu arte.
Xaflatxo meheak eta ertza jandako muturrak oso ugari ziren, are ugariago aldi horren bukaera aldera. Hezurrezko azagaiak eta eztenak egin ziren aurrerantzean ere; hortz ilara bateko edo biko arpoi zapalak, oinean botoi zulo baten gisa zulatuak dira tresna horietan berezienak.
Aldi horretan –iraultza aldia zenbaitentzat– Paleolito aroko artea gainbehera egiten hasi zen, eta uharri gainetan margotzen zen pintura mota ez figuraziozko batek hartu zuen haren lekua. Kultura hori itsasbazterreko lurraldeetan garatu zen batez ere, Goi Paleolito aroaren bukaera aldera biztanle asko zituzten lurraldeetan, eta apalago bada ere, Pirinio mendietatik hurbil dauden eta haien antza duten lurraldeetan.
Aziliar kulturaren ondoren datozenetako tresnagintzan beherakada handia sumatu zen hezurrezko eta adarkizko tresnetan.
Harrizko tresnagintzari dagokionez, mikroxaflaz egindako tresnak argi eta garbi nagusitu zitzaizkien gainerako tresna guztiei.
Horiekin batera triedro epaiko bestelako tresnak ere azaldu ziren, kamerrak edo horztunak. Era honetako tresnagintza aziliar kultura iritsi ez zen barreneragoko lurraldeetan agertu da batez ere –Montico de Txarratun, adibidez, Albaitan (Trebiñu)–, baina baita aziliar kultura ezagutu zuten beste zenbait aztarnategitan ere, Nafarroako Berroberria eta Zatoiako haitzuloetan, adibidez.
Itsasaldeko zenbait lekutan, aziliar kulturakoen gisako tresnagintza erakutsi duten zenbait aztarnategitan, edo haietatik hurbil ere aurkitu izan dira gisako tresnak. Horixe gertatzen da adibidez Arenazan eta Santimamiñen, Bizkaian, edo Ekainen eta Marizulon, Gipuzkoan. Epipaleolito aroaren aro zahar hau K.a. 6.500. urte inguruan amaitu zen, Boreal aldia iritsi zelarik, Holozenoan.
Epipaleolito betea, eta Mesolito aroa, oso aldi jakin mugatua da, eta Goi Paleolito aroko kultura antolamenduetatik datorren tresnagintzaren bilakaeraz kanpo dago itxura denez. Joera berri horren ezaugarri nagusia tresneria berria da; tresna horiek forma geometrikoz eginak ziren, txikiak, trapezioz, hirukiz zirkulu segmentuz eratuak. Geometrismo hori K.a. 6.000. urtera arte inguruan azaldu zen Euskal Herriko historiaurrean. Badirudi elementu geometriko horiek kanpotik iritsitako joera bat direla Euskal Herriko harrizko tresnagintzan, kanpotik inportatutako elementuak alegia. Tresneria geometriko hori Ebroko haraneko aztarnategietan aurkitzen da, itsasertzetik oso urrun beraz, haitzuloetan eta harpeetan, Mediterraneo kulturen eragin handia duten lekuetan alegia; lurralde honetara sartzeko igarobide naturaletan ere aurkitu izan da gisako tresneria: Fuente Hoz eta Kanpanoste Goikoako aztarnategietan (Araba), Aizpea, La Peña eta Aita Aresokoetan (Nafarroa). Tresneria geometriko hori zekarten gizataldeak mikroxaflazko tresneria erabiltzen dutenekin batera bizi izan ziren agian, baina haien tresneria aldatzera iritsi gabe ordea.
Epipaleolito-Azken Mesolito aldiaren amaieran oso klima baldintza onak izan ziren; gaur egungoak baino tenperatura beroagoak eta hezetasun maila ere gaurkoa baino altuagoa izan ziren. Atlantiko izenez ezagutzen da garai hori. Tresneria geometrikoa darabilten gizataldeak eta mikroxaflazkoa darabiltenak elkarrekin bizi ziren Euskal Herrian, batzuek besteei gaina hartu gabe ordea. Garai horretan berorretan beste gizatalde batzuk iritsi ziren Mediterraneo aldetik Euskal Herriaren hegoaldera.
Horiek ekarri zituzten Neolito aroko ezaugarri ziren berrikuntzak, zeramika eta abere hazkuntza, adibidez. Epipaleolito aroko azkeneko gizataldeek, Kanpanoste Goikoakoak, adibidez, etorri berri ziren gizatalde horiek ekarritako berrikuntzak beretu zituzten, baina lehendik zituzten ekonomia eta industria moduak aldatu gabe, itxuraz behintzat. Ehiztari eta biltzaile jarraitu zuten izanez –azkeneko ehiztariak eta biltzaileak–, baina Neolito aroak ekarritako teknika berrikuntzen jakitun, hala ere.
Estratigrafia esanguratsuenak dituzten aztarnategiak
Hego Euskal Herrian garai honetarako aztarna esanguratsuenak eman dituzten aztarnategiak hauek dira: Araneza I, koba handia Galdamesen, Berroberria, Urdazubiko Alkerdi auzoan, Fuente Hoz, Pobesen, Sarratxo[3], Izki mendilerroko haitz-horma baten babespean egon zena eta ondoren, koba artifizial batean, Santimamiñe, Kortezubin, Urtiagan, Deban eta Zatoaiko leizean, Abaurregainan[4].