Enrique Fernandez de Garaialde Lazkano, izen artistikoz Enrike Zelaia (Altsasu, 1939kouztailaren 13a), euskal soinu jotzaile eta konpositore ezaguna da. Ehundik gora doinu konposatu ditu.
Bere bizitza euskal musika, kultura eta folklorea ikertzeari eskaini dio. Dozena bat disko grabatu ditu, horietako zazpi euskal lurralde bakoitzerako grabaturiko bana, Zazpiak Bat disko bilduman. Bilduma grabatu ahal izateko ia hogei urtez aritu zen Euskal Herriko herrialde bakoitzeko musika jasotzen, ikertzen eta grabatzen. 1970. hamarkadako bukaeran kaleratu zuen bildumako lehen diskoa.[1]
Altsasuko nortasun eta elkargune adierazle nagusiena ziren inauteriak eta Momotxorroak berreskuratzeko eragile nagusietako bat izan zen, baita Altsasun oso berezia den kanpai-errepiketeoa berreskuratzeko ere.
1960eko hamarkadan hainbat talderekin antzeztu zuen eta Espainiako Telebistan, La Gran Parada eta Club de los Martes bezalako telesailetan parte hartu zuen.[2]Circo Price zirkoan ere parte hartu zuen.
Bizialdia
Espainiako Gerra Zibila bukatu zen urtean jaio zen. Altsasun gerra garaian garrantzia handia izan zuen On Marino Aierra apaizak bataiatu zuen. Egin zituen azkenengo bataioak izanen ziren, ondoren, Argentinara erbesteratu zelako. Enrike Zelaia sei urterekin hasi zen musika ikasten, eta akordeoiaren munduko erreferentea bihurtu zen haren birtuosismo eta estilo indartsuarekin.[1]
Euskal musikaren, eta haren bidez, kulturaren eta folklorearen ikerketan aritu da bizitza osoan. Hortaz, Altsasuko festa eta ohitura ia gehienak ospatzen badira, neurri handi batean, Zelaiaren lanari esker da.[1]
Sei urterekin jaso zituen Enrike Zelaiak lehenengo solfeo eta instrumentu ikasketak. Garai horretan bere amari bururatu zitzaion udaleko musika akademian izena ematea. Akademian herriko musika bandarako musikariak trebatzen zituzten. Sei urtetatik hamar urteetara joan zen Zelaia akademiara. Klarinetea ikasten hasi zen. Klarinete zahar bat jotzen hasi zen, baina ez zebilen ondo.[1]
Akordeoilaria (1949-1962)
Klarinete horrekin ezin zuen asko ikasi, eta hamar urte zituela bere aitak akordeoi bat erosi zuen eta Altsasuko Miguel Aguirre Beti Jairekin akordeoia ikasten hasi zen. Herri eta folklore musika ikasten zuen.[1]
Berbenetan
15 urterekin Zumarragako bandako zuzendariarekin klaseak ematen hasi zen, bere amak bidalita. Horrekin berbenetako musika jotzen hasi zen inguruko herrietan. Altsasu festetako musika taldeen "epizentroa" zen orduan. Orkestra asko zeuden, eta herri askotako jendea joaten zen Altsasura musikariak bilatzera. Talde haietako batean parte hartzen zuen Zelaiak. [1]
Musika kultuan
Horretan arrakasta lortu zuela beste fase batera salto egin zuen: musika kultua. Zumarragan hasi zen, eta ondoren Bartzelonako Mozart institutura joan zen. Bertan solfeo, harmonia, eta konposizioan ikasketak egin zituen… eta klasikoak jotzen ikasi zuen. Teknikoki maila handikoak ziren partiturak interpretatzen ikasi zuen: Rapsodia Hungara nº2, LisztenenCampanella eta abar.[1]
23 urtera arte musika kultua jotzen aritu zen. Espainia, Europa eta Mundu mailako lehiaketetan parte hartu zuen. 1958an Espainiako akordeoi saria irabazi zuen, Munduko bosgarrena izan zen eta Nazioarteko Paviako lehiaketan bigarren sailkatua izan zen ere. Sari horiekin ospea lortu nuen, eta fase berri batean sartu zen, musika kultuko kontzertuak ematen hasi zen eszenatokietan.[1]
Ordu bateko kontzertuak ematen zituen, baita arrakasta lortu ere, gehienbat Gipuzkoan. Hiriburuetan ere jotzen zuen, baina ez ziren horretaz bizitzeko nahiko emanaldiak, eta musika estilo horrekin beste espazio batzuetara zabaltzen saiatu zen. Saridun-itzalarekin Bartzelonara eta Madrilera heldu zen, bertan ere ezaguna zen eta, baina bizitzeko haina ez zuen irabazten. Madrilen zirkuan, irratietan, kabaretetan eta abarretan jo behar izan zuen. azkenean fase hori bukaera eman zion garai horretan soldaduska egitera urte eta erdiz Afrikara bidali zutenean.[1]
Musika akademia Altsasun (1963-1971)
Soldaduska bukatu ondoren ez zen Madril aldera itzuli, 1963an akademia bat sortu zuen Altsasun. Arrakastatsua izan zen, ia ehun ikasle izan zituen, baina irakaskuntza ez zitzaion horrenbeste gustatzen musikariari. 1971n akademia ixtea erabaki zuen. Ekitaldi berezia antolatu zuen itxiera egiteko. Espainiako Akordeoilari Elkartearen eskakizuna jarraituz Espainiako Akordeoi Saria antolatu zuen Altsasun. Lehenengo aldia zen txapelketa Madriletik edo Bartzelonatik kanpo ospatu zela.[1]
Disko egilea (1971-1989)
Akademian zegoen bitartean eskaini zioten lehenengo diskoa grabatzeko. Hispavox diskoetxearekin egin zuen eta euskal folklorearen lau kanta grabatu zituen. Ez zuen inolako arrakastarik lortu, baina horri esker Bartzelonako Belter diskoetxetik deitu zuten geroago. Festival Vasco deitutako diskoa grabatu zuen hamabost kantekin eta arrakasta izugarria izan zuen. Bitartean, akademiarekin eta Altsasun zeukan tabernarekin jarraitzen zuen.[3]
Musika kultuaren teknika altua zuenez, hasieran herri-musika jotzera pasatzea maila jaistea zela iruditzen zitzaion. Baina erabaki zuen lerro horretako errepertorio propioak sortzea. Partiturak existitzen ez zirenez, konposatzea erabaki zuen". Folklore musikan egiten zenarekin alderatuta "maila oso altuko" musika egiten zuen.[1]
Dantza taldeekin emanaldiak egiten hasi zen garai horretan. Festival Vasco diskoaren errepertorioa jotzen zuen. Estilo propioa sortu zuen, "furia" deitzen zuten. Arrakastatsua izan zen. Mila kontzertu inguru eman zituen. Uda batean egun bakar batean hiru emanaldi zituela gogoratu du: 13:30ean Iruñean, 18:30ean Gernikan eta 2:30ean Agurainen.[1]
Hortik Zazpiak bat sortu zen. Lengoaia propio horretatik jendearenagana iristeko beharretik. Kontzertu pedagogikoak egiten zituen, eta sinopsi edo aurkezpen bat egiten nuen aurretik. Hortaz, Bizkaira joaten bazen Bizkaiko musika eskaini nahi zuen, eta Nafarroan jotzen bazuen, nafar musika eskaini nahi zuen.[1]
Hasiera batean bere diskoetxeari disko bilduma egiteko proposamena luzatu zion. Baina Festival Vasco arrakastatsuaren ondoren, beste disko bat grabatu zuen eta ez zuen hainbeste arrakasta izan. Orduan, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko disko bat grabatzea proposatu zuen, eta ezetz esan zioten. Diskoetxetik joatea erabaki zuen, baina ezin zuen, lau urteko kontratua sinatuta zuelako. Beste etxe batekin grabatzen utzi ez ziotene, Zazpiak bat kontzertuak egiten hasi zen 1971. urtean. Baina lehenengo diskoa 1977. urtean kaleratu zuen, sortu berri zen Donostiako Ots estudioan grabatuta.[1]
Folklorista: Herri bat, zazpi disko
Euskal jatorriari, nortasunari, kulturari, musikari eta folkloreari buruz asko ikertu zuen Zelaiak. Akordeoia jotzea baino zerbait gehiago zen, jendea euskal kulturan sentsibilizatzeko modu bat zen. Zazpiak bat 18 urtez luzatu zen. Zelaia bakarrik aritu zen, ikerketa, konposaketa eta interpretazioa dena egiten zuen berak. Paco de Luciak garai horretan Andaluziako folklorearekin antzeko proiektu bat garatu zuen. Zelaiak bi printzipioetan biltzen zuen bere lana: "Nafarroako euskal izaera, eta Euskal Herriko batura". Zazpiak bat eta, orokorrean, bere musikaren helburua euskal kulturaren eta nortasunaren kontzientziazioa bilatzen zuen. Euskaraz ez zekienez kontzertu pedagogikoetako euskarazko aurkezpenak buruz ikasten zituen.[1]Bai euskarari jaialdian parte hartu zuen 1978n.[4]
1995ean publikatu zuen Zazpiak bat disko bildumaren azken diskoa. Geroago diskoetako abestiak sustatzen jarraitu zuen sare sozialen bidez. "Abesti bakoitzarekin bideoak egiten ditut, irudiak jarriz, eta bisita asko izaten ditu". Seigarren diskoarekin hasi da orain.[1]
Altsasuko kultura berreskuratzen
Altsasuko musika ikertzen hasi zen. Zortzikoa nondik zetorren jakin nahi zuen eta jendeari galdetzen hasi zen. Altsasuko hainbat doinu aurkitu zuen. Urratzen hasten zenean inauteriak ateratzen ziren, eta Santa Ageda, farejoleak…". Musikalki oso desberdinak ziren, oso, garaiko kultura ofizialekin konparatuz gero.[1]
Altsasuarrei galdetuz egutegi oso bat osatu zuen Zelaiak. Altsasuko tradizio asko desagertzear zeuden. Inauteriak galduak zeuden eta berreskuratu zituzten; Santa Ageda, esaterako, maila baxuko jendeak egiten zutela esaten zenean Zelaiak horretan laguntzen hasi zenean. Tradizio horiek berpiztuz garai horretan Extremaduratik etorritako immigranteak integratzeko bide bat zabaldu nahi zuen. Euskaldun gisa sentitu zitezen. Beren kultura maitatzen jarraituko zuten, noski, aina Euskal kultura ere ezagutuko zutelakoan.
Inauteriak
Altsasuko nortasun eta elkargune adierazle nagusiena ziren inauteriak berreskuratu zituzten.[1]
Kanpaien errepiketeoa
Oso berezia den Altsasuko kanpaien errepiketeoa (ezkilen errepika) berreskuratzeko ere lan handia egin zuen. Tradizio hori bizirik mantentzeko eragileetako bat izan zen.
Enrike Zelaiak “Sustrai altsasuarrak” izena eman zion. Altsasuko Foruen plazan dago. Azkoieneko eskultore eta etnografo izan zen Joxe Ulibarrenak egin zuen eta 1994an inaugaratu zen, plazan 350 bat urtez bizi izan zen intxaurrondo zaharraren enborra erabiliz. 1991n moztu behar izan zuten gaztainondoa.[10]