Enpirismoa ezagutzaren iturri bakar edo nagusitzat zentzumenei lotutako esperientzia hartzen duen teoria filosofikoa da. Ezagutzari buruzko teoria nagusietako bat da, arrazionalismoarekin eta eszeptizismoarekin batera. Enpirismoaren muturreko ikuspegiaren arabera esperientzia da ezagutza ororen oinarria, ez bere iturriari dagokionez bakarrik, baizik eta baita bere edukiari dagokionez ere. Ezagutza mundu sentigarritik abiatzen da kontzeptuak osatzeko eta hauek sentigarria denean dute justifikazioa eta muga, hau da, zentzumenen bidezko esperientziak sortzen du ezagutza.
Enpirismoaren arabera, a prioriko arrazoiketan oinarritutako ezagutza, edota ez da, izan, edota egia analitikoetara mugatzen da; egia horiek ez dute edukirik, eta adierazteko erabiltzen diren hitzen esanahiak ematen die balioa. Hortaz, logikaren a prioriko balioa eta zientziazko edukia elkartu nahi dituen metafisika ezinezkoa da. Orobat, ezinezkoa da metodo arrazionala, arrazoibidez lortua; munduaren nolakotasuna ezin da arrazoi edo hausnarketa hutsaren bitartez aurkitu.
Antzinaro klasikoan esperientzia bidezko ezagutza eta honen emaitzaren arteko bereizketa argia egiten zen: teknika, alde batetik, ekoizpena bestetik.
Ezagutza teorikoaren ideala, era berean, bi esparrutan banatzen zen:
Zientzia, ezagutza unibertsal eta beharrezko gisa ulertuta. Azken kausak eta printzipio lehenak, errealitatearen oinarri gisa uler dezakeguna, ezagutzean datza. Metafisika, funtsean.
Praxia, ekintza ongiaren eta zorionaren aldera bultzatzen duen ezagutza praktikoaren ideal gisa, zeinak era berean bi esparru barnebiltzen dituen:
Ongi indibidualaren lorpena, zoriontasuna etika gisa
Antzinaro klasikoan ezagutza teorikoa eta praktikoa, ezagutza unibertsal eta beharrezko bezala, «ezagutzaren» ideal bezala, esperientziarekiko askea da eta Jakituriari dagokio. Egiaren ezagutzaren erakusgarri gorena, zientzia gisa, Metafisika da eta bizitza ahalik eta zoriontsuenaren idealari, etika gisa, dagokio jakintsuaren ideala.
Jakintzaren eta ekoizpen materialaren araberako ekintza praktikoaren arteko bereizketa klase dominante edo noblearen tradizio aristokratiko eta gerlariaren tradizioari dagokio. Arteak eta ofizioak esklabo eta merkatariei zegozkien baina jakituria (filosofia) noble eta hiritar libreei.
Atenas klasikoan dagoeneko ageri ziren mendebaldekoFilosofiaren Historian zehar iraun duten bi pentsamendu korronte, gaur egun arrazionalismo eta enpirismo gisa ezaugarritzen ditugunak, pentsatzeko eta bizitza ikusteko bi modu ezberdin.
Jarrera argiki enpirista izan zuten lehenak sofistak izan ziren, Platonek eta haien aurrekari presokratikoeknaturari buruz egindako espekulazio arrazionalistak ukatu baitzituzten. Gizakiaz eta gizarteaz arduratu ziren sofistak, egiaren balioa esperientziaren balio konkretura eta boterearen erabilerara mugatuz, izan indibidualki (moralari dagokionez) edo sozialki (politikari dagokionez).
Enpirismo hau erretorikaz interesatu zen, hizkuntza menderatzea Atenasko bizitza politikoan eta botere dinamiketan funtsezko tresna baitzen.
Nahiz eta balio teoriko gorenen mendekotzat jo Aristoteles izan zen esperientziak ezagutza iturri gisa duen balioa hobekien azaldu zuena. Metafisikan (982b 11-32) ezagutza prozesu gisa azaltzen du Aristotelesek. Zentzumen eta oroimena duten, eta, ondorioz, esperientzia duten animaliak daude oinarrian. Esperientziaren metaketak egiten du gizakia (kasu partikularretan) «aditu». Are hobea da aipatu esperientzia hausnarketari lotzen zaionean. Horrek egiten du gizakia «artisau», gaur egun tekniko deritzegunak (medikuak, arkitektoak, estrategak, etab.). Gizakiaren funtzio arrazionalaren bikaintasuna aipatu ezagutzaren oinarrietara heltzean datza, kasuetatik printzipio lehenetaraino. Honetan dira antzekoak gizakiak eta jainkoak, Zientzia lehen baten jakiturian, XVIII. mendera arte Metafisika gisa ezagutuko dena. Honako hau ongi materialak segurtatuak dituen gizarte batean da posible, zeinetan «hiritar libreak» zientziaren egiaren bilaketaren pentsaketa alferrikakoa aurrera eraman baitezakete.
Beraz, ez-jakitetik ihes egiteagatik filosofatu bazuten, agerian dago jakiteagatik eta ez inongo baliagarritasunarengatik ekin ziotela ezagutzeari. Eta horren lekuko da gertatutakoa: beharrezko gauza gehientsuak eta dibertsioaren eta bizitzaren atseginerako ezagutzak lortuak zirenean ekin baitzitzaion halako diziplina bat bilatzeari. Argi dago, bada, hau ez dugula beste inolako baliagarritasunarengatik bilatzen; gizaki askea, bere baitarako eta ez besteren baitarako dela diogun bezala, hau da zientzien artean askea den bakarra, zientzia hau bakarrik baita bere baitarako dena. Horregatik pentsa liteke hura edukitzea ez dela gizakiak bere-bere duen zerbait, gizakien natura alderdi askotan baita esklabo; beraz, Simonidesek dioenaren arabera: "Jainko batek bakarrik izango luke pribilegio hori". [1]
Aristoteles korronte arrazionalistan kokatu dezakegun filosofoa da, Platonen ikasle batengan ohikoa litzatekeen moduan. Izakiaren, izaki den heinean, ezagutza metafisiko bat onartzen du eta egia batzuetatik abiatuta egia berri batzuetara heltzea segurtatzen duen sistema logiko baten sortzailea, argudio forma gorena, silogismoa, definitzen duen bezala, enteleguaren gaitasunetik abiatuta printzipioen egiazko eta intuiziozko ezagutzara eta gauzen forma substantzial diren esentzien intuiziora heltzeko.
Dena dela, Aristoteles da esperientzia bidezko ezagutzaren balioari eta arrazoibide induktiboei buruz hausnartzen duen lehena ere bada, ezagutza zientifikoa «naturaren behaketa» gisa definitzen duen lehena.
Eraikuntzarako, laborantzarako, nabigaziorako, medikuntzarako, etab. teoria, edo, hobeki esanda, arau orokor gutxi gorabehera zientifikoen eratzean beti egon zen presente artisauen eragina, helenismoan, Alexandrian eta erromatar inperioaren garaian batez ere, non «arteek» eraikuntza zibiletan, ez soilik hirietan, baizik eta errepideen, zubien eta lan hidraulikoen eraikuntzan ere berebiziko garrantzia izan baitzuten.
Hipokrates jotzen da medikuntzaren sortzailetzat, ordura arte nagusi zen magiarekin eta sakratuarekin lotura zuen tradizioa alde batera utzi baitzuen. Gizakiaren kontzeptu determinatu bati lotuta osasunari eta gaixotasunari buruzko teoria orokor bat garatu zuen lehena izan zen.
Kultura klasikoko izen garrantzitsuak dira hauek ere: Arkimedes, logika enpirikoaren zinezko teoriko eta praktikoa, Vitruvio, arkitektura eta urbanismo tratatu bat osatzen lehena, eta medikuntzan Galeno ere.
Kontzeptuak eta esperientzia
Greziarrek arrazoiaren ezagutza, hainbat objekturik aplika dakizkien kontzeptuak ezagutza unibertsal gisa ezagutzen dituena eta esperientziaren ezagutza hutsa, zentzuen bidez banako eta konkretua soilik ezagutzen duena, bereizi zituzten.
Kontzeptuak zer diren eta sentigarriarekiko duten harremana eta biok errealitatearekiko harremanean nola ulertzen diren izango da arrazionalismoaren eta enpirismoaren aurrekari hauek funtsatuko dituen bereizketa.
Kontzeptuok gauzen esentzia aldaezina, substantziaren formak ordezkatzen dituzten heinean, ezagutzak zentzu Unibertsal eta beharrezko bat hartzen du, eta, hortaz, ezagutza objektiboa da, ezagutza zientifikoa posible eginez. Hauxe da jarrera arrazionalistaren funtsa. Hizkuntzak, beraz, Aristotelesek esaten zuen bezala, hizkuntza apofantiko batean kontzeptuak egiazko bezala adierazteko gai den neurrian, errealitatea egia bezala erakusten du bere edukian.
Kontzeptua esperientzia sentigarritik gero eta gertuago eta honi gero eta lotuago egon, ezagutza esperientzia duen banakoaren subjektibitateari lotuago egongo da eta ezagutzaren egia kasu indibidual eta partikular batean baino ez da oinarrituko. Kontzeptuak eta haien erreferentziak hizkuntzan, hitzak, konbentzionalak dira, gizarte bateko kideekin elkarbanatutako esperientzia indibidualen orokortzeak egiten du posible hizkuntza bidezko komunikazioa.
Ikuspuntu enpirista batetik kontzeptuak ez dira ezagutza objektiboaren berme eta, ondorioz, zientziak balio erlatiboa du, kontzeptuetan eta hizkuntzan konbentzionalki irudikatutako esperientzia komunen orokortzean justifikatua.
Sofistak eta eszeptikoak dira tradizio enpiristaren erakusgarri, baina eskola bakoitzak (Estoikoa, Zinikoa, Epikureoa, Pirroniarra) eta garai historiko bakoitzak ordezkari desberdinak ditu, enpirismotik edo arrazionalismotik gehiago gerturatzen diren ñabardurekin.
Ptolomeo, unibertsoaren ikuspegi geozentristaren sortzailea, antzinaroko enpirismoaren erakusgarri interesgarria da. Platonen eta Aristotelesen unibertsoaren ikuspegiaren oinordekoa zen baina enpirista izaki lanerako metodologia oso desberdina erabili zuen. Planeten mugimenduari buruzko datu andana aztertzean aritu zen, planeten iraganeko kokalekuak azaldu eta etorkizunekoak iragartzeko modelo geometriko bat eraikitzeko asmoz.
Erdi Aroa
Erromatar inperioaren gainbeheraren ondorioz monistegietan gordeta eta Elizaren kontrol eta botere pean geratzen da ezagutza mendebaldean. Kristau pentsamenduak antzinaroan eta Goi Erdi Aroan platonismoa eta neoplatonismoa bere egin zituen, Jainko bakar eta Ideia batzuen araberako mundu baten sortzaile baten sinesmenarekin bateragarriena baitzen eta gizakiaren bizitzari zentzu transzendente bat ematen baitzion, Jainkoak epaitu beharreko beste bizitza batekin.
Parisko Unibertsitatean kontzeptu unibertsalen errealitateaz Roscelinek eta Petri Abelardok piztutako polemikak arazo logikoengatik interes berri bat sortu zuen eta nominalismoaren lehen harriak pausatu, «esperientziaren balorazioan» eragin handiena izango zuen gaietako bat.
Hauen aurka, domingotarrek (Parisko Unibertsitatea) errealismo moderatu baten alde egin zuten, unibertsalen garrantzia mantenduz. Tomas Akinokoak, domingotarra, Elizaren historian sekulako eragina izan duen aristotelismo kristaua sustatu zuen.
Nominalismoa eta «Ockhamen labana»
Nominalismoak kontzeptuen balioaren eta hizkuntzaren zentzuaren zentzu kritiko bat dakar.
Argudio aristoteliko klasiko «kualitatiboen» edo esentzialen eta argudio horietan sartzen diren «izakien» munduaren aurrean, Ockhamek historiara Ockhamen labana edo parsimonia printzipio gisa pasatu den printzipio bat jarri zuen mahai gainean: Non sunt multiplicanda entia sine necessitate (Ez dira izakiak behargabe biderkatu behar), hau da, esperientziatik gertuen dauden eta sinpleen diren azalpenak hobetsi behar direla, espekulazio arbitrario eta irudimenezkoetara jo aurretik.
Pizkundea
Hirietan ezagutza Elizarengandik independizatu eta artista eta artisauen eraginez esperientziak ezagutza iturri bezala ordura arte ez zuen balio soziala eskuratu zuen.
«Mendebaldeko Indien» aurkikuntzak lurraren biribiltasunaren gaia jartzen du mahai gainean, heliozentrismoak Kopernikoren liburuarekin hipotesi zientifikoaren gorputza hartzen duelarik. Heliozentrismoak Erdi Aroko mundu-ikuskeraren krisia areagotzen du eta zalantzan jarri fisika aristotelikoa.
Pizkundeak ekarri zuen mentalitate aldaketak, Humanismoak, ez du «autoritate argudioa» onartzen jada, eta hala artistak nola ikertzaile eta pentsalariak askatasun eske dira, esperientzia eta esperimentazioa ezagutzaren iturri gisa baloratzen lagunduz. Ezagutzak balio berri bat lortzen du hala: «natura menderatzen ezagutu».
Pizkundeaz ari garenean Leonardo da Vinciz ari gara, Michelangelo, etab. bereziki zientzialariak izan ez arren kontzeptu berrietarako gogoaren zabaltzea ekarri baitzuten. Luis Vives, Erasmo, etab. ezagutzaren zabalkundea oztopatu eta «ezarritakotik» aldentzen zen oro kontrolatu nahi zuen fedearekiko mendekotasunaren autoritate irizpidea gainditzeko funtsezkoak izan ziren.
Aro Modernoa
Filosofia aristoteliko tradizionala krisi bete-betean sartzen da unibertsoaren teoria heliozentrikoarekin eta ikerketa metodo berrien aplikazioen ondorio diren aurrerapen zientifikoetatik.
«Natura menderatzeko asmoz berau gobernatzen duten legeak aurkitzen» saiatzen da zientzia. Nola da posible esperientziatik abiatuta naturaren portaeraren lege orokorrak ezagutzea? Galdera horri erantzuten dioten bi ikerketa metodo kontrajartzen dira Francis Baconen eta René Descartesen eskutik. Era berean, ezagutzaren bi balorazio mota eta bi pentsamendu-filosofiko eredu kontrajartzen dira: Arrazionalismoa eta Enpirismoa.
Arrazionalismo-enpirismo aurkakotasunean hartzen du bere lekua enpirismoak bere horretan. Esparruak are gehiago murriztu eta, «enpirismo ingelesaz» (Francis Bacon, Hobbes, Locke, Berkeley, Hume) eta «arrazionalismo kontinentalaz» (Descartes, Malebranche, Spinoza, Leibniz) ere hitz egin ohi da.
Aurkakotasun honen arazoa jaiotzetiko ideien existentziaren onarpenaren arazora murrizten da.
Descartesen arabera Jainkoak giza naturan txertatutako ageriko intuizioetan oinarritzen da entelegua, jaiotzetiko ideiak edo pentsamenduaren printzipioen gisakoak, zeinetatik abiatuta posible baita esperientziatik jasotako ideien arteko erlazio logikoak ezartzea.
Kalkulu matematikoak naturako legeen aurkikuntza eta deskribapenerako eta zientzia enpirikoan izan dezaketen aplikazioan, Fisikan zientzia moderno gisa eta Astronomian, batez ere, azken urteetan emandako aurrerapenean izugarrizko fruituak eman ditu ideiak analisiaren bitartez erlazionatzen dituen pentsamolde honek.
Pizkundean gertatutako kalkuluaren garapenaren eta Simon Stevin, François Viète, Gerolano Cardano eta bestetzuk aljebra garatu ostean Tartagliak posible du jaurtigarrien mugimendua kalkulatzea; Galileok «larrien» erorketaren mugimendua; Torricellik altueragatiko presioaren aldaketa; presioen ikerketa eta prentsa hidraulikoaren aurkikuntza eta probabilitateen kalkulua Pascalek; planeten mugimenduaren iragarpena Keplerrek. Eta prozesu honen puntu gorena arrazionalismoaren baitan ematen da Descartes, Pascal, Leibniz eta Newtonekin.
Hausnarketa matematikoaren prozesu honen gainean proposatzen du Descartesek ikerketa zientifikorako bere metodoa; metodoaren legeak jarraituz lortutako ebidentzia konkretuen segidarengatik egia bermatzen duen zientzia bat.
Horrela ezarritako egiak munduko errealitatearekin lotura dute, jaiotzetiko ideia nagusietako bat Jainkoaren izate Perfektu eta Ona baita, ez bere burua eta ezta gu ere engainatzerik ez duena.
Honako hauek dira arrazionalista nagusiak: Descartes, Spinoza, Malebranche, Leibniz, Wolff, Pascal eta Frantziako Port Royaleko taldea.
Enpirismo ingelesa
Descartesek defendatutako arrazionalismo kontinentalari erantzun zion, XVII. mendearen amaiera aldera, John Lockek Giza ezagutzari buruzko tratatua lanarekin.
Gizakiak izan dezakeen ezagutza bakarra a posterioriko ezagutza da, esperientzian oinarritutakoa. Ezaguna da giza gogoa tabula rasa bat dela dioen bere esaldia. Lockeren arabera, Tabula rasa honetan doaz idazten, bizitzak aurrera egin ahala, zentzumenen bidez jasotzen ditugun inpresioak.
Bi iturritatik datozkigu ideiak: sentsazioa (zentzumenen bidez jasotakoak) eta hausnarketa (gogo-eragiketen bidez jasotakoak: pentsamenduak, oroitzapenak...). Bi esparru horietan bereizten dira ideia sinpleak eta ideia konplexuak. Ideia sinpleak era pasibo batean sortzen dira gure gogoan, sentsazioaren bitartez jaso ostean. Kontrara, ideia konplexuak ideia sinpleen arteko elkarketa, konparaketa edo abstrakzioaren ostean sortzen dira. Gauzen inguruan dugun ezagutza ideien elkarketa legeen arabera ados edo desadostasunean dauden ideien pertzepzioa da.
«Substantziaren» ideia edo «kausaren» ideia ideia konplexu gisa aztertzeak erabat eraldatzen du «substantzia» «subjektu» gisa eta «kausalitatea» «aldaketaren edo mugimenduaren azalpen» gisa oinarri duen filosofia tradizionalaren funtsa.
David Humek ezagutza oro, bere horretan, «inpresio» eta «ideietara» murrizten du. Bi eratako egiak onartzen ditu: «gertakarizko egiak» eta «ideien erlazioak». Ideia oro murriztu daiteke dagokion inpresiora. Ideia bat ideien arteko erlazio batetik sortzen denean, bere errealitate edukia oinarrian dituen inpresioetatik eratorri behar da. Ez dugu halako inpresiorik aurkitzen inolako errealitate edukirik gabeko imajinazioaren produktu huts gisa baztertu behar dugu. Hori gertatzen da substantziaren ideiarekin eta kausaren ideiarekin.
Inpresio multzo batek gertakari batekiko ideien elkarketa bat sortzen dute eta honekiko judizio bat.
Kausaren nozioa ezin da inpresio batera murriztu; ideien arteko erlazio batetik sortzen da. Zein da bi ideia kausa bezala elkartzen dituen erlazioa? Humentzat erlazio kausala «inpresioen etengabeko segida» baten ikuspegitik ezartzen da, gizakiarengan ohitura bat sortzen duena.
Ezin dugu, ordea, kausaren ideiarekin erlazio zuzenik duen inolako inpresiorik aurkitu. Eta eratorria den inpresioarekiko erreferentzian soilik du zentzua ideia baten errealitate edukiak. Kausaren ideia, beraz, zerbait subjektiboa baino ez da, gure gogamenak haien arteko erlazioa ebidentzia gisa agertzen ez den elkarren osteko bi inpresioren artean egindako elkarketa.