Diego García (uhartea)

Diego García

Satelite bidezko irudia
Geografia
KokapenaIndiako ozeanoa
UhartediaTxagos
Azalera44 km²
Politika
Herrialdea Erresuma Batua
Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldeaIndiako Ozeanoko Britainiar Lurraldea
Gizartea
Biztanleria4.000 inguru
Artikulu hau uharteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Diego Garcia (argipena)».

Diego García Indiako ozeanoan kokatutako atoloia da, Txagos uhartediko handiena. Tanzaniatik 3.535 km ekialdera, eta Indiako hegoaldeko muturretik 1.796 km hego hego-ekialdera dago. Lehorreko zatiak 44 kilometro koadroko eremua hartzen du. Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldea da. AEBetako base militar bat dago bertan[1].

Diego Garcíako base militarra

1961ean, Gerra Hotza beroenean zegoen. Sobietarrek Indiako ozeanoan indar hartuko zuten beldurra zegoen, eta AEBk eta Erresuma Batuak tratua egin zuten: britainiarrek lurra jarriko zuten base militar handi bat egiteko eta ordainetan amerikanoek Polaris misilak prezio berezian salduko zizkieten. Laster, 1965ean, Mauriziori independentzia eman zioten ingelesek, baina Txagos metropoliaren zuzeneko agintepean geratu zen. Amerikanoekin hurrengo urtean sinatu zuten tratua, Diego García 50 urterako alokatuz, 20 gehiagoko epe gehigarriaz[1].

Bertako biztanleek deus ez zekiten eta kopratan segitzen zuten lanean, ehun urte lehenago bezalatsu. Ingelesek nazioartean propaganda kanpaina hasi zuten, txagostarrak urtero uzta garaian ekartzen zituzten langile moduan aurkeztuz. Diplomazia britainiarra ondoko urteetan saiatu zen Txagos Nazio Batuen Erakundearen agendatik kanpo edukitzen. Herritar asko oharkabean kanporatu zituzten, Seychelleetara edo Mauriziora edozein enkargu edo ospakizunetara joandakoan. Alde egin ez zuten gainerako txagostarrak, 1971tik 1973a bitartean kanporatu zituzten[1].

Diego Garcíako base militarrean amerikarrek milioika dolar asko gastatu zituzten. Gaur, uhartea AEBren itsasontzi erraldoi bat da. Bertatik antolatu ziren 1991ko Golkoko Gerrako bonbaketetarako hegaldiak, berdin 2001etik aurrera Afganistan eraso zutenak, eta geroago Irakeko Gerran erabilitako asko. Hiru mila langile zibil ari dira gaur base horretan, gehienak Mauriziotik eta Filipinetatik ekarritakoak. Bitartean, txagostar gehienak Maurizioko txabolategi txiroenetan bizi dira, talde batzuk Seychelleetan eta banaka batzuk Londresen. Maurizion daudenetako asko analfabetoak dira, langabezian daude ezin egokiturik bizileku berrira. Erresuma Batuak azken aldian txagostarrei britainiar nazionalitatea eskaini die, baina askok ez dute onartu nahi izan[1].

Erreferentziak

  1. a b c d Zubiria, Pello. Txagostarrek etxera nahi dute baina han kaserna dago. in: Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0). argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-17).

Kanpo estekak