Kimikako ikasketak egin zituen Berlinen eta Friburgon; artoa eta gaztaina fruituetan oinarrituta azetona lortzeko metodo berria aurkitu zuen, potentzia handiko leherkariak osatzeko bide ematen zuena.
1910. urtean ingeles hiritar egin zen eta ospe handia lortu zuen itsas armadako laborategietan eta Manchesterko unibertsitatean. Lehen Mundu Gerran zehar mugimendu sionistan eragin handia izan zuen eta hari esker lortu zen neurri handi batean, Balfourren aldarrikapena; horren bidez onartu zen hebrear herriarentzat Palestinan bizitzeko eskubidea.
1920. urtean Munduko Erakunde Sionistako lehendakari izendatu zuten eta 1929an Agentzia Judua sortu zuen. Politika moderatua bultzatu zuen, sionista erradikalen haserrea piztu zuena; horregatik karguak uztera behartua izan zen. 1948. urtean Israelgo estatuaren aldarrikapena gertatu zenean behin-behineko estatuko kontseiluko lehendakari izendatu zuten eta 1949. urtean nazio berriko lehenbiziko lehendakari egin zuten eta kargu haren jabe izan zen hil zen arte.