Brooklyn zubia (ingelesezBrooklyn Bridge) Estatu BatuetakoNew York hirian dagoen zubia da. Zubi hibrido bat da, tirante-zubi baten eta zubi eseki baten ezaugarriekin, East River zeharkatzen duena Manhattan eta Brooklyn barrutien artean. 1883komaiatzaren 24an inauguratu zuten, eta East River zeharkatu zuen lehen zubi finkoa izan zen. Munduko zubi esekirik luzeena ere izan zen inaugurazioaren unean, 486,3 m-ko argi nagusiarekin eta 38,7 m-ko taularekin batez besteko itsasgoraren gainean. Jatorrian New York eta Brooklyngo zubia eta Ekialdeko Ibaiko zubia izena zuen, baina 1915ean Brooklyngo zubia izena hartu zuen.
XIX. mendearen hasieran, Manhattan eta Brooklyn lotuko zituen zubi bat eraikitzea proposatu zen, eta, horren ondorioz, egungo zatia eraiki zen, John A. Roeblingek diseinatua. Proiektuaren ingeniari buruak, Washington Roebling semeak, diseinuan lagundu zuen Emily Warren Roebling haren emaztearen laguntzarekin. Eraikuntza 1870ean hasi zen, eta New York Bridge Companyk gainbegiratu zuen, zeina Tammany Halleko makineria politikoak kontrolatzen zuen. Eztabaida ugarik eta diseinuaren berritasunak hamahiru urtez luzatu zuten proiektua. Inaugurazioaren ondoren, Brooklyngo zubiak hainbat birkonfigurazio jasan zituen, eta zaldiz tiratutako ibilgailuak eta goratutako trenbide lineak garraiatu zituen 1950era arte. Gero eta handiagoa zen trafiko fluxua arintzeko, East River gainean zubi eta tunel gehigarriak eraiki zituzten. Apurka-apurka hondatu ondoren, Brooklyngo Zubia hainbat aldiz berritu zuten, 1950, 1980 eta 2010eko hamarkadetan.
Manhattan uhartea eta Long Island lotzen dituzten bidesaririk gabeko lau ibilgailu-zubietatik hegoaldekoena da Brooklyngo zubia, Manhattango zubia, Williamsburgeko zubia eta Queensboroko zubia iparraldean dituena. Bidaiarien ibilgailuak eta oinezkoak eta bizikletak baino ezin dira igaro. Brooklyngo zubia New York hiriko ikono bihurtu da, eta, ireki zutenetik, erakarpen turistiko handia izan du. Urteen joan-etorrian, hainbat akrobazia eta emanaldiren agertoki gisa erabili dute zubia, baita hainbat krimen eta atentaturena ere. Brooklyngo zubia monumentu historiko nazionala da, New York hiriko monumentua eta ingeniaritza zibileko monumentu historiko nazionala.
Ezaugarriak
Bideak
Brooklyn zubia eraiki zenean New Yorkeko ontzien garraia nabarmena zen, eta altuera nahiko eman behar izan zitzaion azpitik trafikoa ez oztopatzeko. Horretarako bi aldeetan altxatutako biaduktoak ditu, ibaitik urrun hasten direnak[1]. Manhattango Park Row kaletik neurtuta, eta Brooklyngo Sands Streetaraino, zubiak 1.834 metro ditu[2][3]. Hala ere, Centre Streetetik neurketa egiten bada, pixka bat laburragoa da, 1.825 metro[4].
Begi nagusia, bi dorreen artean dagoena, 486,3 metro luze eta 26 metro zabal da[5]. Itsasmaila altuenetik 38,7 metroko altuerara dago, baina pisuagatik zein tenperaturagatik distantzia hau aldakorra da, 2,7 metroko tarteraino[6]. Alboko begi bakoitzak 280 metroko luzera du, euren lokarriraino. Zubia eraiki zenean ez ziren egiten aerodinamika probak, eta horregatik behar baino 6-8 aldiz sendoagoak dira euskarriak. Dorreek dituzten arkuek ere airea pasatzeko aukera errazten dute. Zubiaren alboko euskarriek 18.700 tona manten ditzakete, bere garaian tren astunak garraiatzeko pentsatuta[7].
Bi errepideez gain, euren erdian baina 5,5 metro altxatuta, oinezkoentzako bide bat dago. Dorreetan balkoi bat eratzen dute, bi bideen gainetik. Bidea 5,2 metro zabal da[8]. Zubira igotzeko dauden bideak desberdinak dira bi aldeetan: 296 metroko arrapala dago Brooklynen eta 478 metrokoa Manhattanen. Bideek Pizkundeko estiloko arkuak dituzte[4][1].
Kableak
Brooklyn zubiak lau kable nagusi ditu, dorreetatik jaisten direnak bideari eusteko. Bi kablek bideen kanpoko aldetik eusten diote zubiari, eta beste biek erdialdetik. Kable bakoitzak 40 zentrimetroko diametroa du eta 5.282 kable trentzatu ditu guztira, galbanizatutakoaltzairuzkoak. Kable bakoitza harilkatzeko 278 harizpiko 19 kable egin ziren, ondoren kable nagusian bildu zirenak[9]. Gainera beste 1.000 kable baino gehiago (iturrien arabera 1.088tik 1.520ra) daude bertikalean euste sistema osatzeko, eta beste 400 kable diagonal dorreetatik abiatzen direnak[10][11].
Dorreak
Zubiak bi suspentsio-dorre ditu, bakoitza 85 metroko altuerakoa eta 18 metroko zabalarekin. Kareharri, granito eta porlanez eraiki ziren. Manhattango dorreak 35.892 metro kubiko harri ditu eta Brooklyngoak 38.214. Dorre bakoitzak arkuak ditu, estilo neogotikoan eginak, bide bakoitza tartetik asa dadin. Arkuen irekiera 36 metroko altuerakoa eta 10,28 metroko zabalerakoa da. Dorreen azpian egurrezko kutxak daude, porlanez beteak[1][4].
Historia
Planifikazioa
1800ean, Brooklyn eta New York hirien artean zubi bat eraikitzea proposatu zen, orduan bananduta baitzeuden. Garai hartan, bi hirien arteko garraiobide bakarra transbordadore lerro batzuk ziren. Ingeniariek hainbat diseinu aurkeztu zituzten, hala nola kateekin eutsitako zubiak. Hala ere, ez ziren inoiz eraiki, East Riveren zehar behar bezain altua zen bao finkoko zubi bat eraikitzeak sortzen zituen zailtasunengatik. East River azpian tunelak egiteko proposamenak ere izan ziren, baina garestitzat jo zituzten[1]. John Augustus Roebling ingeniari etorkin alemaniarrak East River gainean zubi esekia eraikitzea proposatu zuen 1857an. Roeblingek zubi eseki laburragoak diseinatu eta eraiki zituen, Roeblingen Delawareko akueduktuaLackawaxenen (Pennsylvania) eta Niagarako zubi esekia bezala. 1867an, Roeblingek John A. Roebling zubi esekia eraiki zuen Ohio ibaiaren gainean, Cincinnati (Ohio) eta Covington (Kentucky) artean[12].
1867ko otsailean New Yorkeko estatuko senatuak onartu zuen zubi bat eraikitzea, eta bi hilabete beranduago New York and Brooklyn Bridge Company enpresa sortu zen[13]. Roebling izendatu zuten ingeniari buru eta urte horretako irailean hasi ziren lanean, plan orokor bat aurkeztuta. Plan horren arabera, inoiz eraikitako zubi esekirik altuena eta luzeena izango zen. Errepideak eta trenbiderako bidea izango zuen, eta peajeen bidez ordainduko zen obra. Oinezkoentzako bide bat ere izango zuen, paseoak eman ahal izateko. Hasieran oso ondo hartu zen, baina 1869an kritikak hasi ziren, garestiegia edo zailegia izango zela argudiatuz[1].
Eraikuntza hasi aurretik, hasierako plana aldatu behar izan zen, altuera 40 metrotik 41era igaroko baitzen, eta horrek bidea luzatzea zekarrelako. Ikerketa hori egiten ari zela, Roeblingek hankan zauria egin zuen, eta behatzak anputatu behar izan zizkioten. Handik egun batzuetara tetanosa hartu zuen eta hurrengo hilabetean hil zen. Washington Roebling semeak hartu zuen bere postua[14]. Tammany HallekoWilliam M. Tweedek ere zubian interesa zuen, lur sail handiak baitzituen New Yorken[15][1].
Eraikuntza
Eraikuntza 1870ko urtarrilaren 2an hasi zen, bi kaxoi erraldoi eraikiz, gero dorreak bertan finkatu ahal izateko[16]. Kaxoiak ontziola batean eraiki ziren, ibaian behera bota eta aire konprimatua sartzen zuten barruan[1]. Langileek sedimentua ateratzen zuten, arroka ama aurkitu arte. Langileentzat eraikuntza lan zail, arriskutsu eta beldurgarria zen[17]. Brooklyn aldeko kaxoia izan zen sartzen lehena, baina uste baino denbora gehiago hartu zuen, behean harri ugari aurkitu baitzituzten, eta 1870ko abenduan egituraren atal baten su hartu zuelako[18][19]. Egunean 264 langilek hartu zuten parte kaxoien eraikuntzan, guztira 2.500 langile inguru[1]. Behin Brooklyngo kaxoia zementuz beteta, Manhattangoa eraikitzen hasi ziren, 1871ko irailean. Sakonera askoz handiagoa zenez, uraren presioa ere handiagoa zen, eta puntatutako airearenarekin konpentsatzen zen. Horregatik langile asko gaixotu ziren, deskonpresioa ez zutelako ondo egiten; 110 langile gaixotu eta 3 hil ziren horren ondorioz[1]. "Kaxoiko gaixotasuna" izena jarri zion Andres Smith medikuak[20][21]. Manhattango kaxoia 23,9 metroko sakoneraraino iritsi zenean, 240 kPa-ko presioarekin, azpiko harea nahiko sendoa zela erabaki zuen Washingtonek, eta 1872ko uztailean zementuz bete zuten[22]. Washington bera gaixotu zen dekonpresioaren ondorioz, eta bere etxetik jarraitu zituen obrak, teleskopio bat erabilita. Bere emazte Emily Warren Roeblingek egin zuen korrespondentzia lana, eta kalkulu matematiko ugari egin zituen, baita katenariak nola jarri erabakitzekoak ere. Hurrengo 11 urtetan, Emily emazteak gainbegiratu zituen eraikuntza obrak[23][24].
Manhattango ikuspegia 1876an, zubiaren eraikitzen ari zela.
Kaxoiak amaitu ostean, kostaldera batu ziren, dorreak eraiki ahal izateko lur horren gainean. Prozesuak lau urte behar izan zituen, harriak gora igo eta jartzeko sistema geldoa zelako[1]. 1872aren erdialdean hasi ziren doreak eraikitzen, eta neguan obrak geratu ziren. Urte baten buruan Brooklyngo aldeak 50 metroko altuera zuen uraren gainean eta Manhattangoak 27 metro. 1874ko abuztuan arkuak amaitu ziren[25], eta abenduan jada dorreen amaierako forma ikus zitekeen[26]. Brooklyngo zatiaren azken harria 1875ko ekainean jarri zen eta Manhattangoa 1876ko uztailean. Eraikuntzan hiru langile hil ziren dorretik erorita, eta beste bederatzi bestelako istripuetan[1]. 1875rako, hala ere, aurrekontu guztia, 5 milioi dolar, jada xahutu zen. Beste 8 milioi dolar beharko zirela kalkulatu zuten[4]. Kableentzako aingurak 1875ko abuztuan amaitu ziren Brooklynen eta 1876ko uztailean Manhattanen, kableen zain[1][27][28].
Kableak 1876ko abuztuaren 15ean jartzen hasi ziren[29][30], altzairu kromatua erabilita. Kableak ibaia gurutzatu zuen, eta bitan zatitu zen, gauzak alde batetik bestera eramateko aukera ematen zuen sistema, lurrean jarrita zegoen motore baten bidez. Lehen bidaia ingeniari batek egin zuen, aulki batean eserita, kabletik eskegita. 10.000 pertsonek ikusi zuten E. F. Farrington mekanikaria alde batetik bestera igarotzen, kabletik eskegita[31]. 1876ko abenduan oraindik ez zekiten zer nolako altzairuzko kable erabili behar ziren, Bessemer prozedura asmatu berria zelako, eta oraindik probatu gabekoa horrelako obra batean[1]. Azkenean arragoazko altzairua erabili zen, Birmingham Wire Gauge motakoa[32]. Kableak galbanizatuta heltzen ziren, baina ez oiloztatuta; Brroklynen egiten zuten azken zati hori, liho olioan sartu, eta ondoren hari bakar batean biltzen zituzten zatiak, zink zatiak sartuta galbanizazioa areagotzeko[1][33]. 1877ko maiatzaren 29an jarri zen lehen kable esperimentala bi dorren artean, eta hortik aurrera ehuntzen hasi ziren. Uztailean lau kable nagusiak jarrita zeuden, eta hortik eskegi zen oinezko pasabidea, publikoarentzat modu ez-ofizialean ireki zena 1877ko abuztuan[1]. Hurrengo hilabetean hainbat eraikin eraitsi ziren zubiaren bideak eraikitzeko eta 1878ko maiatzerako kable bertikalen gehiengoa jada bere lekuan zeuden[34]. Kable baten apurketaren ondoren, aurkitu zuten Haigh kontratistak behar baino kalitate txikiagoko kableak bidali zituela, eta horrekin 300.000$ irabazi zituela. Egoera konpontzeko, kableak sendotu ziren, Haighek ordaindu zuen aldaketa[35].
Behin kableak lekuan jarrita, langileak altzairuzko bigak jartzen hasi ziren, bideari heltzeko balio zutenak. Gain-egitura 1879ko martxoan hasi zen, eta berriro eztabaidatu zuten Bessemer edo arragoa altzairuaren inguruan. Azkenean, Bessemer erabiltzen erabaki zuten, 1880an iristen hasi behar zena. 1881eko azaroan oraindik altzairu guztia ez zegoen bere lekuan. Edgemoor eta Cambria Iron Company enpresen arteko eztabaidaren ostean, 1882ko urrirako kontratua beteko zela erabaki zuten[1][36]. 1883aren hasieran zubia ia amaituta zegoela argitaratu zen, eta ekainean bertan irekitzeko planifikatu zuten[37].
Irekiera
New Tork eta Brooklyn Zubia 1883komaiatzaren 24an ireki zen. Milaka izan ziren mustutze-ekitaldira agertu ziren pertsonak, eta itsasontzi asko pasa ziren azpitik egun horretan[38]. Ofizialki, Emily Warren Roebling izan zen lehen pertsona zubia gurutzatzen[39]. Chester A. Arthur presidentea eta Franklin Edson New Yorkeko alkateak Manhattango aldetik hasi zuten bidea eta erdian Seth Low Brooklyngo alkatearekin elkartu ziren.
Irekiera egunean banda bat egon zen, itsasontziek tiroak egin zituzten eta su-artifizialak izan ziren dorreetatik. 1.800 ibilgailu eta 150.300 pertsona igaro ziren zubitik lehen egunean. Zubia ireki eta astebetera ibaia zeharkatzen zuten ferryek esan zuten bezeroak galtzen ari zirela, eta zubiaren peajeak 100 pertsonari ticketa saltzen zion minutuko[40]. Zubiak 15,5 milioi dolar kostatu zituen, 2023ko 490.500.000$ inguru. 27 gizon hil ziren eraikuntzan. Williamsburg zubia 1903an eraiki zen arte, munduko zubi esekirik luzeena izan zen.
↑The American promise: a history of the United States. (5th ed. argitaraldia) Bedford/St. Martin's 2012 ISBN978-0-312-66312-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).
↑(Ingelesez)«Fire Under Water»Newspapers.com 1870-12-03 (Noiz kontsultatua: 2024-10-24).