Barra ekaitza

Barra ekaitza
Irudia
MotaEuropako haize ekaitz
Honen parte da2021–22 European winter storm season (en) Itzuli
Denbora-tarte2021eko abenduaren 5a - 2021eko abenduaren 9a
KokalekuBritainiar uharteak
Frantzia
Presio atmosferikorik baxuena958 hPa
Pertsona hilak4

Barra ekaitza Ipar Atlantikoko behe presio gune indartsua izan zen, 2021eko abenduan Irlanda eta Erresuma Batua haize bolada kaltegarriekin eta euri-jasa larriekin astindu zituena. Barrak Euskal Herrian eta iparraldeko Espainian bi hamarkadatan jasandako uholde larrienetakoak eragin zituen. Lehen aldiz Ozeano Atlantikoan behe presioko gune bat garatu zen, azkenean Barra bihurtuko zena. Sistema biziagotu egin zen Irlandara hurbiltzeagatik 24 ordutan 1010 mbar eta 956 mbar pasatuz.[1] Orduan, ahuldu egin zen, Erresuma Batuan zehar joan aurretik. Ipar Itsasoan sartu zenean, are gehiago degradatu zen eta "Justus" zikloi estratopikalaren sistema frontalak xurgatu zuen.

Irlandan eta Erresuma Batuan Barraren aurkako neurri asko aurrera atera zituzten. Eskolak bertan behera utzi zituzten, eta eguraldi-alertak ezarri ziren zikloi nekaezinaren eragina jasan ahal izateko. Covid-19 probak, ospitaleratze operazioekin batera, bertan behera ere utzi zituzten. Sherkin uhartean ekaitzak eragindako haize-boladarik indartsuena neurtu zuten: 115 kilometro orduko abiadurakoa. Hainbat onibar kaltetuak izan ziren, eta Irlandan zuhaitzak erori ziren, baita Erresuma Batuan ere, non elurrak Eskoziako zonaldeak gogor astindu zituen. 59.000 etxek ere elektrizitatea galdu zuten.[2] Ekaitzak uholde izugarriak ere eragin zituen iparraldeko Iberiar Penintsulan, Nafarroan hildako bi suertatuz. Gainera, heriotza bana baieztatu zen Irlandan, Erresuma Batuan eta Euskal Herrian, hurrenez hurren, eta kalteak ezezagunak ziren.

Eragina Euskal Herria inguruan

Nafarroan, emakume bat hil zen Sunbillan, luizi batek harrapatuta.[3] Elizondoko 61 urteko gizonezko bat desagertu eta Bidasoa ibaian aurkitu zuten hilotz, Lesaka parean. Autoaren barruan zegoen, eta ezin izan zuten atera, uraren indarragatik eta ateratzeko lanetan sor zitezkeen zailtasunengatik.[4] Suhiltzaileek erreskate ugari egin behar izan zituzten hainbat tokitan. Gasteizen, esaterako, ostegun gauean familia bateko hiru kide zuhaitz batetik erreskatatu zituzten, autoa uretan harrapatuta geratu ostean. Gernikan, berriz, autobus bateko 21 bidaiari geratu ziren urak harrapatuta.[3] Errepideetan eragozpen handiak izan ziren: Ipar Euskal Herrian trenbideak kolapsatu ziren, eta A-63 eta A-64 autobideak itxi zituzten ordu batzuez; Gipuzkoan ere AP-8 errepidera sartzea debekatu zuten iluntzera arte, eta zabaldu zutenean ilara handiak sortu ziren; Bizkaian Trabakuako BI-633a ere itxi zuten, eta Araban hogei errepidetik gora erabili ezinik geratu ziren.[3]

Atarrabia inguruan uholdeak 20 pertsona etxetik ateratzera behartu zituen. 60-70 lagunek ere elektrizitatea galdu zuten bere etxeetan.[5] Arga ibaiak ere gainezka egin zuen, uholdeen eraginez, eta uholdeak "20 urtetan okerrena" definitu zituzten. Garraio zerbitzuak eta erresidentzia gune batzuk ere isolatuta zeuden. Javier Remírez Nafarroako presidenteordeak gertakariaren ondorioz herrialdea egoera "oso kritikoan eta harrigarrian" zegoela esan zuen. 3.650 etxek ere elektrizitatea galdu zuten Erkidegoan.[6] Elurrak ere iparraldea astindu zuen. Iruñeak, Lakuntzak eta Zubietak ere arazo handiak izan zituzten.[7] Deba ibaiak, Gipuzkoan, bere ibaiertzak ere gainditu zituen, Mendaroko ospitalean eragina izan zuelarik, eta bitartean Aragoi eta Kantabria alertan zeuden. Burgos iparraldean beste bi errekastok ere gainezka egin zuten, bi eremutan eskola klaseak bertan behera uztera bultzatuz. Eskualdean ere hainbat erreskate egin zituzten.[8][5]

Pilatutako ura Erriberara iritsi, eta Azkoienen, Faltzesen eta Funesen Arga ibaiak gainezka egin zuen. Ebro ere bere bidetik atera zen. Lehenik Castejonen, eta gero Tuteran; Erriberako hiriburuan urak hiriko hainbat kale hartu zituen. Ebroko Ur Konfederazioak hala gertatuko zela iragarri zuen.[4] Uholdeek arazo larrienak Nafarroan eragin bazituzten ere, Araban ere gorabeheratsua izan ziren egunak. Zadorra ibaiak gainezka egin zuen Duran, baita Gasteizko Abetxuku eta Gamarra auzoetan ere, euriaren eta urtegietatik ateratako uraren ondorioz. Gasteizko gizarte zerbitzuek Abetxukuko 28 bizilagun artatu zituzten. Guztiek hotel batean igaro behar izan zuten gaua. Gainera, jakinarazi zutenez, Aztegietako lau familiatako bederatzi bizilaguni ere ostatua aurkitu behar izan zieten, etxean ura sartu ostean. Halere, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak kalteak ez direla espero bezain larriak izan esan zuen.[4] Baionan, berriz, hogei lagun atera zituzten etxetik, euriteengatik. Gainera, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa Baionara etorri zen, kaltetutako saltegiak bisitatzera. Orotara, Errobi ibaiaren bazterreko hogei saltoki ingururi egin zien kalte denboraleak, eta Darmaninek Ipar Euskal Herria hondamendi eremu izendatuko zutela esan zuen.[4]

Gainera, ibaiak ez ezik, urtegi batzuk ere gainezka egiteko zorian izan ziren. Besteak beste, Uribarri Ganboakoak bere edukieraren %95 gainditu zuen; arratsaldean jakinarazi zuten urtegia husteko prozesua azkartuko zutela, gainezka egin ez zezan.[3]

AEMETen arabera, abenduaren 8an, Donostiako aireportuak 143 kilometro orduko haize ufadak izan zituen. Leóngo Posada de Valdeónek 113,6 milimetroko euri kopurua erregistratu zuen hurrengo egunean.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Storm Barra crashes into Ireland, UK with deadly force. in: Accuweather. 2021-12-9.
  2. (Ingelesez) «Storm Barra leaves thousands without power in Ireland» The Guardian 2021-12-7.
  3. a b c d «Urak hartu du Euskal Herria» Berria 2021-12-11 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  4. a b c d «Nafarroak eskatuko du kaltetutako herriak hondamendi naturalen gune izendatzeko» Berria 2021-12-11 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  5. a b (Gaztelaniaz) «La borrasca 'Barra' se despide del norte tras causar inundaciones históricas y una fallecida en Navarra» Nius Diario 2021-12-10.
  6. (Gaztelaniaz) «Las inundaciones sumen Pamplona en el caos y dejan Navarra en situación "muy crítica"» Nius Diario 2021-12-10.
  7. Global News. (2021-12-11). Northern Spain sees major floods following Storm Barra. .
  8. (Gaztelaniaz) «Borrasca Barra: los rescates más arriesgados de las inundaciones en Navarra y País Vasco» Telecinco 2021-12-10.

Ikus, gainera

Kanpo estekak