Azitrai-urdina (Pseudophilotes baton) Lycaenidae familiako lepidopteroen espezie bat da. Europa erdialdean eta hegoaldean bizi da eta Siberian zehar Errusiako ekialdeko muturreraino iristen da haren hedadura[1].
Deskribapena
Tximeleta txikia da, 20-24 mm arteko hegal-zabalera du[2]. Tximeleta arra urdin-morea da gainaldetik eta ertz iluna du. Aurreko hegaletan orbain beltz ilun bana du. Emeak aldiz hegal marroiak ditu, distira urdinxa dutenak. Azpialdetik hegalak gris argiak dira eta orban beltz ugari dituzte eraztun zuri batez inguratuak.
Beldarra berdea da eta lerro gorrixkak ditu[3].
Bizi zikloa
Apirila eta iraila artean ikusten dira hegan. Bi belaunaldi izan ohi dituzte altuera gutxiko tokietan eta altuera handian bakarra. Emeak arrautzak banan bana jartzen ditu loretan. Arrautza horietatik beldarra jaiotzen da eta inurriekin erlazionatzen da. Beharrezkoa bada kanibalismoa ere egin dezake, espezie bereko beste beldar batzuk janez[3].
Beldar itxuran edo pupa itxuran pasa dezake negua. Krisalida lurrean finkatzen da eta kolore grisa eta orban beltzak izaten ditu[3].
Habitata
Txilardietan bizi da, ingurune lehorretan, eta itsasoaren mailatik hqasi eta 1.700 metrotako altueraraino aurki daiteke[3].
Erreferentziak
Kanpo estekak