Europako koartza familiako ale txikiena da, 33-38 cm arteko luzera eta 52-58 cm arteko hego-zabalera ditu eta 59-150 gramo artean pisatzen du. Sexu dimorfismo badu. Arrak bizkarralde beltza, alboetan krema kolorea eta barnealdean eta lepoan tonu arroxak ditu. buruari dagokionez pileo beltza, masail grisak eta laranja koloreko moko luze eta zorrotza ditu. Emea antzekoa da baina kolore arreak nagusitzen zaizkio. Gazteak emearen antzekoak dira[2].
Lumaiari esker erraz kamuflatzen da ingurunearekin eta horregatik gizakiarengandik gertu bizi daiteke, gizakia ohartu ere egin gabe[3].
Arriskua somatzen dutenean geldi-geldi jartzen dira, mokoa zerura begira, harraparia inguruko landareekin nahas dadin[4]. "Hesohol jarrera" esaten zaio horri. Haizeak lezkadia astintzen badu amiltxoriak lepoarekin lezkaren mugimendua imitatzen du[3].
Habitata
Hezegunetan aurkitzen da, aintzira, padura eta ibaiertzetako eremuetan. Landaretza sarria du gustoko, ihidiak eta lezkadiak bereziki[2].
Landare artean geldi geldi egoten da, postura bereziekin oreka mantenduz. Horrela aurkitzen ditu harrapakinak[5].
Ugalketa
Ez ditu koloniak eratzen ugalketarako garaian. Arrak hainbat habi egiten ditu eta emeak egokiena aukeratzen du[4]. 20-25 cm-tako altuera eta 12-35 cm arteko diametroa du habiak eta adar eta zurtoinez eginda egoten da. Ekaina aldera bost edo sei arrautza jartzen ditu eta guraso biek txitatzen dituzte 17-19 egunetan zehar. Txitak jaio eta astebetera gai dira ihietan gora eta behera ibiltzeko. Guraso biek zaintzen dituzte 25-30 egunetan zehar[2].
Taxonomia
Carl von Linneok deskribatu zuen 1766. urtean Systema naturae liburuaren hamabigarren edizioan[6]. Ardea minuta izena eman zion, "koartza txikia" esan nahi du[7]. 1828. urtean Gustav Johann Billberg naturalista suediarrak Ixobrychus generoa sortu zuen eta bertan kokatu zituen amiltxoriak. Ixobrychus izena sortzeko grekerazkoixias (ihi) eta brukhomai (marruma) hitzak elkartu zituen, "ihi artean marruma egiten duena" esan nahi du[8]. Gaztelerazavetorillo esaten zaio, zezenaren marrumaren antzeko soinuari erreparatzen baitiote.
Ixobrychus minutusek hiru azpiespezie ezagunak ditu[6]: