Sir Alexander MacKenzie (Eskoziako gaeleraz: Alasdair MacCoinnich, 1764, Stornoway, Lewis, Kanpoko Hebridak – 1820ko martxoaren 12a, Dunkeldetik hurbil) eskoziar esploratzaile bat izan zen.
Ipar Amerikan, gaur egungo Kanadako lurraldeetan barna burututako esplorazio handiengatik nabarmendu zen: 1789an, Athabaska aintziratik abiatuz, eta gaur egun bere omenezko izena daraman Mackenzie ibaia jaitsiz, Artikora iristea lortu zuen, horretarako guztiz basati eta ezezagunak ziren lurraldeetan zehar 4.800 kilometroko joan-etorriko bidai luzea gauzatuz; eta 1792-1793 denboraldian, Mexikotik iparraldera Ipar Amerika alderik-alde gurutzatu zuen lehenbiziko bidai transkontinentala amaitzea lortu zuen, Lewis eta Clark estatubatuarren espedizio ospetsuari 10 urte aurreratuz.