Bere aita Henry Robert Robertson eskoziar jatorriko artista botanikazalea zen, Slough-en eskola pribatu bat zuzentzen zuena. Amaren familiako kide batzuk, Agnes Lucy Turner, John Davidson (1797-1836) edo George Fownes (1815-1849) intelektualak ziren, Royal Societyko kideak. Bere neba, Donald Straun Robertson (1885-1961), grezierazko irakasle emeritua zen Cambridgen; bere ahizpa, Janet Robertson, erretratugilea zen.[2]
Agnes Robertsonek North London Collegiate School for Girls-en egin zituen ikasketak, non zientzien irakaskuntzak ospe handia zuen, eta laster botanikan zaletu zen. Hamahiru urterekin, George Edward Masseeren (1850-1917) Plant Life lan txikia aurkitu zuen. Aldi berean, Goetheren (1749-1832) lana deskubritu zuen, bere bizitzako grina handienetako bat izango zena.[1] Eskolaldian, Lyte's Herbal-en 1578ko edizio bat aurkitu zuen, Rembert Dodoensen (1517-1585) lanaren ingelesezko itzulpena, sotilki ilustratua. Aurkikuntza honek inprimatutako lehen herbarioen historiaz interesatzera bultzatu zuen, eta 1912an, zientzien historiako funtsezko lan bat argitaratu zuen, Herbals, their origin and evolution.[2]
Bere eskolako klub zientifikoari esker, Ethel Sargant botanikaria aurkitu zuen (1816-1918). Landare-enbrioien anatomian aditua zen honek laborategi pribatu bat zuen, eta bertan Agnes gaztea oporrak igarotzera gonbidatu zuen; 1897an Londresko University Collegen sartu aurretik, hain zuzen ere. Bereziki, Francis Wall Oliverren (1864-1951) eta Sir Arthur George Tansley-ren (1871-1955) ikastaroak jarraitu zituen. Bachelor of Science 1899an lortu zuen.[3]
Graduatu ondoren, Agnes Robertsonek beka bat lortu zuen Newnham Collegen (Cambridge) sartzeko. Bertan, Natur Zientzietako lizentziatura nota bikainekin amaitu zuen. Eragin handiena izan zuen irakasleetako bat William Bateson (1861-1926) izan zen, Gregor Mendelen (1822-1884) lanak berraurkitzen lagundu zuena. Ethel Sargantekin batera lan egin eta berarekin belarren germenei buruzko artikulu bat argitaratu ondoren, 1903tik 1908ra, University Collegen ikasi zuen F.W. Oliverrekin. Orduan, egungo gimnospermez eta fosilez interesatu zen.[1]
1909ko abuztuaren 5ean ezkondu zen bere irakasle ohiarekin, E.A.N. Arber bera baino bederatzi urte zaharragoa eta paleobotanikako irakaslea Cambridgen. Ezkontza horretatik alaba bakarra jaio zen, Muriel, 1912ko uztailean, denborarekin geologo ezaguna izango zena. Bere aitaginarreba Edward Arber (1836-1912) irakaslea zen, antzinako ingeles literaturan aditua.[4]
Herballs (1912) liburua argitaratu ondoren, artikulu ugari argitaratu zituen Annals of Botany-n eta The Botanical Gaceta-n. 1920an, Agnes Arberrek Water plants: a study of aquatic angiosperms uretako landareei buruzko liburua argitaratu zuen. Ethel Sargantek hasitako proiektu bati ekin zion berriro, The Monocotyledons izeneko botanikako eskuliburua, 1925ean, berak eskuz egindako 140 ilustraziorekin. 1930eko hamarkadan hasi zen lore-egiturari buruzko zenbait azterlan egiten.[1][5]
Bigarren Mundu Gerran, The Natural Philosophy of Planta Form (1950) eta, batez ere, The Mind and the Eye, a Study of the Biologist's Standpoint (1954) ikerketa orokorragoetan murgildu zen. Liburu hauetan Arberrek ikerketatik abiatuta kontzeptu bat eratzearen atzean dauden prozesuak eztabaidatzen ditu eta landareen morfologiaren filosofia aztertzen du.[6]
Lanak
"Herbals: Their Origin and Evolution A Chapter in the History of Botany 1470-1670". Cambridge Science Classics. 1912
Water Plants: A Study of Aquatic Angiosperms. 1920
Monocotyledons: A Morphological Study. 1925
The Gramineae: A Study of Cereal, Bamboo and Grass. 1934
"The mind & the eye; a study of the biologist's standpoint". 1954
"The natural philosophy of plant form". 1950
"The Manifold and the One". 1957
Sariak eta aintzatespenak
Londresko Linnear Elkarteko kide izendatu zuten (1908), 1915etik 1919ra bere zuzendaritza batzordean parte hartu zuen.
Botanical Society of America-ko (1942) atzerriko korrespontsala eta Royal Society-ko (1946) kidea izan zen, eta ohore hori jasotzen zuen hirugarren emakumea izan zen.[7]
↑Thomas, H. Hamshaw. (1960). «Agnes Arber. 1879-1960»Biographical Memoirs of Fellows of the Royal Society 6: 1–11. ISSN0080-4606. (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).