Abkhazeraz Ashvy deritzo abkhaziera erabiltzen den lurraldeari. Herritarrei, ostera, apsua deritze. Nazioartean abkhaz, abkhazian, abxaz eta abxazo izenak erabiltzen dira hizkuntza hau izendatzeko.
Abkhazieraren geografia-eremua
AbkhazakAbkhazia izeneko lurralde menditsuan bizi dira, Itsaso Beltzaren hego-mendebaldean, Georgia estatuan, Kaukaso lurraldean. Abkhazia eskualde autonomoa da Georgia barruan, eta praktikan, Errusiar Federakundearen babesaz, independente dihardute abkhazek, Georgiarekiko loturak eguneroko bizimoduan etenda. Izan ere, 1992an georgiarrek Abkhazia menderatu zuten arren, 1993an abkhazek garaipena lortu zuten. Mingrelako georgiar lurraldean, eta Turkiako zonalde batzuetan zabaldurik ere badago hizkuntza.
Hiztun kopurua
1989an egindako erroldaren arabera, Sobietar Batasunean 103.000 ziren abkhazak, horietako 93.000 Abkhazian bertan. Abkhazak gutxiengoa dira Abkhazian, populazioaren %17 baino ez dira-eta. Abkhaziako gainerako herritarrak, jatorriz, %44 georgiarrak dira, %16 errusiarrak eta %15 armeniarrak, 1979ko erroldaren arabera.
Abkhazieraren hizkuntza ezaugarriak
Abkhaziera hizkuntzak abazerarekin eta ubykherarekin hizkuntza-taldea osatzen du, eta berezitasun linguistiko hauek dauzkate: kontsonante-sistema konplexua (abkhazerak 58-67 kontsonante; dialektoen arabera, abazerak 63); SOA hitz-hurrenkera (euskarak bezala); subjektuarekiko, osagarri zuzenarekiko eta zehar-osagarriarekiko aditz-komunztadura (euskarak bezalakoa); eta egitura ergatiboa (euskarak bezala). Horiek dira, besteak beste, hainbat hizkuntzalarik euskararen eta hizkuntza kaukasoarren arteko antzinako senidetasuna aldarrikatzearen arrazoia. 1954tik, alfabeto zirilikoa erabiltzen du hizkuntzak[2].