Abesti zaharrak eta berriak

Abesti zaharrak eta berriak
Oskarbiren albuma
Egilea(k)Oskarbi
Argitaratze-data1970
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daOskarbi-ren albumak
Badok: oskarbi/abesti-zaharrak-eta-berriak

"Abesti zaharrak eta berriak" Oskarbi taldeak 1970ean plazaratutako diskoa da, taldearen bigarrena.[1][2]

Kantuak

Hauek dira albumean plazaratu zituzten 13 abestiak:[2]

1- Argizariak zelutik (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Zuberoako kantu eder hau azaltzen da lehena. Maitasun kantu hau Salaberrik bildu zuen bere kantutegira. Atabala eta bi gitarrekin da sarrera, taldeko bostok kantatzen dute ahotsetan dena. Iñaki Maritxalarrek gora Joxe Luix Trekuk behera, Itziar Maritxalarrek eta Maite Aizkorretak gora eta Mari Jose Fernandezek duoa.

2- Urzo bat jin izan da (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Hau ere Zuberoako kantua da. Aita Donostiak jaso zuen, 1919ko hitzaldi batean azaldu zuen jende aurrean. Bi gitarra eta flauta sarrera gisa, gero bostok unisono kantu guztian.

3- Txorietan buruzagi (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Zuberoako hirugarren herri-kanta. Honen Belatsa bat... bertsoa Joxanton Artzek eman zien. Flauta eta bi gitarrak sarrera. Neskek ahotsetan emeki, bostok ahotsetan eta bukaera Txorietan buruzagi neskek emeki-emeki.

4- Baratzeko pikuak (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

XIX. mendeko gipuzkoar kanta ezaguna, Azkuek jasotako bertsio bat. Akordeoia eta gitarraz lagunduta bostok batera hasieran, gero neska-mutilen arteko hizketaldiak eta bukaera gehienetan bezala, berriro hasierako kodara.

5- Txamarra txartxo bat (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Eguberri giroko kantu hau Azkuek Hernanin jaso zuela dio. Hitzek ez dute erlijio kutsurik, laikoagoa dela dirudi. Akordeoia eta gitarra saio guztian, lnaki bakarka eta bostok tartekatuz kantuan.

6- Iru gabean (Hitzak: Koldo Romero, Jorge Oteiza - Doinua: Oskarbi, Koldo Romero)

Oteizaren hitzekin eta bere ideietan oinarrituta, Luis Romerok egin zuen kantua. Gero taldeak landu eta osatua. Sarrera akordeoia lasaikiro eta ondoren kantua: Luzeluzea daukate orain astea, baina gaur da gure egun librea zueri kantatzeko... ikusten gaituzue hemen... karraxika gitarrekin... astelehena, asteartea, asteazkena, hiru egun ditu asteak...

7- Ai zer plazerra (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Etxahun Hirurikoak XX. mendean egindako zuberotar kantua. Hau ere akordeoiaz eta gitarraz lagundua. Neskek eta Iñakik ahots zurietan eta boskotea koda errepikatzen.

8- Atxia motxia (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Azkuek, Lekeitio bere herrian bildu zuen haur kantu hau. Oskarbiren Atxia motxia, bertsio askea da. Abesbatzek beste erritmo motelago bat ematen diote, harmonizazioa ere ezberdina egiten dute. Itziar eta Maite bakarlari lanetan.

9- Txori txikiak (Hitzak: Koldo Romero - Doinua: Oskarbi, Koldo Romero)

Luis Romerok egindako kantua. Hasi berriak ziren ikastoletako andereñoei eskainitako abestia. Haurren jolasa txaloka irudikatzen genuen eszenan. Arrakasta handia izan zuen.

10- Usoak Ponporron Ponporronila (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Bizkaian jasotako jolaserako abestia. Oskarbiko hiru neskek kantatzen dute. Geroago Oskorrik bere bertsioa egin zuen kantu honekin.

11- Barberak esperantza (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Nafarroako kantua. Bi mutilek kantatzen dute, gitarra eta akordeoiaz lagunduta.

12- Gaztetasunak bainerabila (Hitzak eta doinua: Herrikoiak)

Salaberrik, Nafarroa Beherean bildutakoa. XVII. mendeko kantu ederra.

13- Ni bizi naizen lurrean (Hitzak: Xabier Lete - Doinua: Oskarbi, Koldo Romero)

Xabier Leteren poema, Luisek egindako musika eta talde harmonizazioak. Kantu gregorianoaren kutsuko melodia du eta Leteren hitzek beti bezalako sakontasuna.

Erreferentziak

  1. Oskarbi. (1970). «Abesti zaharrak eta berriak» www.badok.eus (Elkar) (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  2. a b Treku, Joxelu. (2017). Doinu zaharren haritik euskal kantu berriaren bidean : (Oskarbi taldea 1966-2017) /. Ba Dok Oskarbi Musika Elkartea, ISBN 978-84-697-3146-8. (Noiz kontsultatua: 2024-07-08).

Kanpo estekak