2017ko Iruñerriko lurrikara 2017ko martxoaren 10ean goizeko 7:43:35etan gertatu zen lurrikara izan zen. Epizentroaren inguruan neurketa ezberdinak izan ziren: Orikain eta Olabe inguruan[1][4] 12 kilometroko sakoneran;[7] 2 kilometroko sakoneran,[3]Markalain inguruan;[8] edo, USGSaren arabera, lurrikararen epizentroa Irurtzundik gertuago izan zen, 6,3 kilometroko sakoneran.[2] Neurketen arabera, 4,3[2] eta 4,5[3] Mw arteko magnitudeko lurrikara izan zen. VIko intentsitate maximoa izan zuen Mercalli eskalan.[2]
Nafarroa Garaia Pirinioen eta Ebroko arroaren artean dago. Bi eremu horien artean kokatzen da Jaka-Iruñea arroa, inguruko geologian interesa duena.[9] Nafarroa Garaiaren mendebaldean Kantauriar mendikatea dago, eta ekialde-mendebalde eremuan ere interakzio interesgarriak daude. Zonalde honek interes berezia du ipar-hego eta ekialde-mendebalde interakzio geologikoak ematen direlako.[10]
Ebro ibaiaren arroa Pirinioen lurraldeaurreko arroa da. Arroaren oinarria Mesozoikoko arrokez osatuta dago, eta diskonformitate baten ostean Oligozeno eta Miozenoko sedimentuz osatutako arrokak aurki daitezke.[9]
Jaka-Iruñea arroa bi eremu hauen arteko trantsizioa da, Paleozeno-Eozenoko arrokak turbiditikoekin eta Mesozoikoko beste unitate batzuk tartekatuz.[9]
Tektonika
Lurrikararen inguruan Lizarra-Akize falla aurki daiteke, Mesozoikoan eta Tertziarioan jarduera tektoniko garrantzitsua izan duen faila,[10] hainbat diapiroren sortzailea.[11][12]
Nafarroa Garaiko egitura geologikoa Orogenia Pirenaikoaren ondorioa da, Eurasiako plaka eta Iberiar mikroplakaren talkatik sortuta ipar-hego norabidean laburdura emanez. Estimazioen arabera 80 kilometrokoa izan zen laburdura hau.[13] Hegoaldean Ebroko arroak ematen duen zamalkadura da muga. Paleozeno eta Eozenoan Nafarroa Garaiko erdialdean zegoen itsas-arroa itxi eta mendilerroak osatu ziren. Keuper garaiko gatz triasikoen mailek zehazten dituzte eremu osoko zamalkadurak non sortu diren, adibidez Agoitz inguruan, Alaitz edo Leiren.[9]
Nafarroa Garaiko faila nagusiak historia geologiko honen ondorio dira:[14][15]
Pirinioetako Iparraldeko faila, Ekialde-Mendebalde norabidekoa, Iberiar eta Eurasiar plakak bereizten duena eta, beraz, garapen litosferiko handia duena.
Lizarra-Akizeko faila edo Iruñeko faila, Ipar-Ekialde/Hego-Mendebalde norabidekoa eta 125 km ingurukoa,[16] historia oso konplexua duena eta mugimendu bertikalarekin.[17] Lehen esan bezala diapiro ugari aurkitzen dira hemen eta, beraz, oso sakona dela uler daiteke.[18]
Leitzako faila: Pirinioetako iparraldeko failaren luzapena da, mendebalderantz, Kantauriar mendikatean kokatua. Ekialde-Mendebalde norabidea du eta urratze-faila bat da.[18] Ia bertikala da, baina iparralderantz okerdura txikia izaten du.[14] Bere hedapen horizontala 30 eta 500 metro artekoa da.[9]
Hendaiako faila: Hendaiako faila egitura sakona da, Ipar-Ekialde/Hego-Mendebalde norabidea duena, ziurrenik mugimendu sinistroa duen urratze-faila.[19] Euskal mazizoren mendebaldeko muga ezartzen du.
Sismizitatea
Euskal Herria ez da arrisku sismiko haundia duen lurraldea, eta zaila da Nafarroa Garaian 5eko magnitudea baino lurrikara indartsuagorik izatea.[9] 1998ko urriaren 27an Lizarragan izan zen Nafarroan ezagutzen den lurrikararik indartsuena, 5,2ko magnitudearekin Richter eskalan.[8] Bitxikeri gisa, 1903ko martxoaren 10ean beste lurrikara bat izan zen Iruñerrian, 4,7ko magnitudekoa, hainbat orduz erreplikak izan zituena.[20]
Nafarroa Garaiko sismizitatea, orokorki, Eurasiar plaka eta Iberiar mikroplakaren arteko gerturatzearen ondorioa da, nahiz eta Nafarroa Garaian dagoen esfortzu horizontal maximoa (IIE-HHW) ez den Iberiar Penintsulako orokorra (IIW-HHE).[9] σ1 esfortzu maximoa bertikala da eta, horregatik, zonalde estentsibo gisa klasifikatu izan da.[21] Hala ere esfortzu global horren bariazioak ematen dira maila lokalean. Presio ardatz nagusiak, egondako lurrikaren foku-mekanismoetan oinarrituz, NNO-SSE / NO-SE norabidea izan ohi du.[22] Honela interpretsatzen da Lizarrako eta Hedaiako failek, NE-SO norabidea dutenak, aldirantzizko mugimendu garrantzitsua dutela.[21][23]
Lurrikara
Lurrikara 06:43:35 GMT gertatu zen, Nafarroa Garaian 07:43:35 eta 4-5 segundo inguru iraun zuen. Hipozentroa eta epizentroaren inguruko datu ezberdinak eman badira ere, neurketa gehien egin ditzakeen Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak emandako datuen arabera, 42.8529N 1.6136W koordenatuetan gertatu zen, Orikain eta Olabe herrietatik gertu, 12 kilometroko sakoneran. Bere magnitudea 4,2 Mw izan zen eta intentsitatea IV eta V artean kokatu zen Mercalli eskalan.[7]
Lurrikarak ezkerrean ikusten den foku-mekanismoa izan zuen.[24]